Koronabirusa

TERMOMETROA (XXIV)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolako (Gipuzkoa), Iruñeko, Baionako, Donostiako eta, halabeharrez —ahotsetako batek anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
«Ni ez nago prest adarjotze honetan parte hartzeko, hau onartzeko»

Josebe Blanco Baserritarra

Aurrekoan irakurri nuen 2022ra arte egon beharko dugula honela. Sentitzen dut, baina ni ez nago prest. Ni prest nago gauzak txukun eginda neure aletxoa jartzeko, baina denok aritu behar dugu txukun. Bestela, tranpa da; bestela, hemen kamusten dira betikoak, eta ni ez nago prest.

Edozein familiari lasai asko esaten zaio bere benetako aukeren gainetik bizitzen aritu dela, baina agintariek horixe egin dute, eta oraindik ez dut entzun inor kudeaketa kaskarrarengatik barkamena eskatzen, horregatik orain guri sakrifizioa eskatu beharrean daudela esaten. Sistema publikoa hustu dute: ez dago behar beste langilerik, oherik eta makinarik; eta ez dago behar beste maskararik eta testik. Hori da gu etxean egotearen arrazoia. Gure gainera bota dute horren ardura ere. Behartu gaituzte pertsona oso izateari uko egitera, eta, okerragoa dena, ekoizpenerako makinak izatea ere onartu dugu, aldi berean. Ni ez nago prest adarjotze honetan parte hartzeko, pertsonaren osotasunaren ukazio larria onartzeko. Hasiera batean inkoherentzia barkatzen duzu, baina inkoherentzia maila honetara etorrita, nik dagoeneko ez daukat gaitasunik barkatzeko. Zintzotasunik eta fundamenturik ez dago. Honaino heldu gara. Intsumiso nago.

«Esan digute langile denoi proba egiten hasiko direla;ez dakigu noiz»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Joan den astean burbuila bat sortu dut pandemiaren burbuila barruan. Lan berrietan hasia naizenez, protokoloak eta farmakologia errepasatzen eman ditut lanetik kanpoko orduak. Asteburua Suspertze Gelan aritu naiz. Lan horiek behar bezala egitea izan dut buruhauste. Ez nuke nahi sasi-listoarenak egiten hasi, eta dena hamaika aldiz galdetzea hobetsi dut. Lankideek ongi hartu naute. Hori ere sartu da nire burbuilan.

Izan da burbuila handiko berririk ere. Esan digute ospitaleko langile denei proba masiboki egiten hasiko direla; baina ez dakigu noiz. Asmoez hitz egiten digute beti. Gu izango omen gara testa egingo dieten azkenak. Auskalo.

Aurreko astean irakurri nuen albiste bat, balio ez duten maskara batzuk erosi ote zituen gobernuak. Gurera heldu ziren halakoen kaxa batzuk; ireki ere egin gabe geratu ziren. Beste maskara batzuk eman zizkiguten gero. Balio zutela esan ziguten, eta ez genuen gehiago galdetu. Denok kutsatuta gaudenez dagoeneko, eta hau maratoi bat denez, indarra ez xahutzea hobe. Egia da ez dela hainbeste gaixo etorri. Ikusteko dago joan den astean lanera itzuli ziren langileek beste kutsatu olde bat sortuko duten.

«Hipotetikoki mintzo dira beti; ez dakigu deus argi; ezinegona dakar horrek»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Joan den astean 15 urte bete ditu kusi batek. Hori ere hemendik ateratakoan ospatuko dugu. Bi egun guztiz edo arrats guztiz deitzen diet etxekoei, dependitzen du. Egun guztiak aski berdinak dira; beraz, batzuetan ez dugu deus errateko. Denak ontsa dira, eta, aro bikainik ez zenez, barnean gelditu dira haiek ere asteburuan, hirian gaudenok bezala, konfinatuta.

Azken egunotan heriotzen zenbakia apaldu da. Ospitaleetan daudenak ere gutxiago dira, eta, beraz, baldintza hobeagoetan ari dira lanean horko langileak.

Igandean mintzatu zen lehen ministroa, luzez. Turismoa aipatu zuen partea bakarrik ikusi dut. Beste herrialdeetara joatea eta kanpinak uztaila aitzin irekiak izatea, haren ustez, ez da posible izanen. Horrekin kezkatu naiz. Udalekuetako nire lehen astea kanpin batean lo eginez eginen dugu, eta, kanpina ez bada irekia... Baditut lagunak udako lana kanpinetan dutenak, eta horientzat ere biziki zaila izaten ahal dela ulertu nuen.

Deus garbia ez dute esaten, hori da ene inpresioa. Beti dira hipotetikoki mintzo, beharbada hau, beharbada honela, baina ez dakigu deus argi. Ezinegona sortzen du horrek. Maiatzaren 11n aterako garela erran dute, baina zein baldintzatan...

«Natura ederki ari da baliatzengogoz kontra eskaini diogun 'su-eten' hau»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Naturak berebiziko indarra du. Hirietako poluzio lainoa desagerrarazteko edo Ereagako ura garden ikusteko gure jarduna zenbat denboraz eten beharko genukeen duela bi hilabete galdetu izan balidate, gutxienez urte erdi erantzungo nuen.

Alabaina, hor ditugu Algortako basurdea, Areatzako orkatza eta nire auzoan egun-argitan belardian janari bila dabilen arratoi lasaia. Gure borondatearen kontra eskaini diegun su-eten hau ederki ari dira baliatzen, gerra guztiak ez baitira albistegietako nazioarteko atalean aipatzen. Egingo diegu aurka indartu ahala; orain gorpu kontaketan ari gara.

Honek guztiak Body Count taldea ekarri dit gogora, 1996an Zaldibian jo zuen Los Angelesko taldetzarra. Bertako kantari zen Ice T, urte batzuk lehenago, Surviving the Game filmean agertu zen. Bertan, Masonen rola jokatu zuen: aberaskilo talde baten ehizaki zen; eurek gosaldu bitartean ihesaldia hasteko aukera eman zioten, ehizaldia hasi aurretik.

Oraingoan, gu gara guztia alde duen aberats taldea eta Mason denbora eta espazioa irabazten saiatzen ari da hor kanpoan, baina ez da luzerako izango. Ederra datorkio, gure ehiza eteten ez badugu bederen.

«Hilabetean hainbeste gauza entzun dugu, bete gabeko hainbeste hitz»

X.X. Etxeko zaintzailea

Hilabetetze eguna gaur: hilabete jada itxita nagoela. Hainbeste gauza entzun dugu 30 egunean, bete gabeko hainbeste hitz...

Mexikon izan zen kolera izurri bat, egunotan sarritan akordatzen naiz harekin: denek esaten zuten agintarien zikinkeriaren bat ezkutatzeko kea zela hura, jendea beldurrez eta ezer galdetzeko adorerik gabe bizi zedin. Erantzunik gabeko lehen galdera potoloa langileak lanera bueltatzera behartu zituztenean sortu zitzaidan. Eta irratia piztu nuen atzo, aspaldiko partez, eta han esan zuten jendea ateratzen hasiko dela laster; haurrak izango direla lehen. Ez dakit zer pentsatu. Pandemia betean gaude oraindik. Zoratu egingo gaituzte. Horregatik, albisteak berrogeialdian ezarri ditut.

Badakit jendeak telebista erabiltzen duela zalantzak eta beldurrak uxatzeko, baina nik ez daukat telebistarik. Jakinekoa da nondik datozen horko berriak. Informatuta gaudela uste dugu, eta dena da gezur eta negozio.

Niri eguneko kontuak gustatzen zaizkit. Atzo, esaterako, uso bat etorri zitzaidan bisitan. Balkoitik sartu zen. Kalean papurrik ez, eta ogi bila etxeetara sartzen hasi dira gajoak.

Norbait magikoa balego, sikiera, hilabetetze hau nirekin ospatzera etorri ahal izateko...
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.