Mikel Otero. EH Bilduko legebiltzarkidea

«Trantsizio energetikoak politikaz harago doan adostasuna beharko du»

Oterok uste du karbono neutroa den gizartea lortzeak begirada altxatzea eskatzen duela, eta kontsentsu zabalak beharko direla; arlo politikoan eta sozialean. Lehen urrats bat gaur egingo dute, Eusko Legebiltzarrean.

JUANAN RUIZ / FOKU

Irune Lasa -

2019ko martxoak 14

Euskal Energia Ituna landuko duen adituen talde bat abian jartzea defendatuko du gaur Mikel Oterok (Gasteiz, 1972), Eusko Legebiltzarrean. Legez besteko proposamenak ez du bere osotasunean onartua izateko adina babesik jasoko, baina oso posible da hainbat puntu aurrera ateratzea, Jaurlaritzako alderdien onespena ere izango lukeen testu batekin.

Trantsizio energetikoa egin behar da, nahitaez, ezta?

Zalantzarik gabe, eta bi arrazoi daude. Klima aldaketa da bat; Euskal Herrian isurtzen ditugun berotegi efektuko gasen %80 gure eredu energetikotik datoz, erretzen ditugun baliabide fosiletatik. Beste arrazoia da baliabide fosilak mugatuak direla. Ondorioz, etorkizuna baliabide fosilik gabe irudikatzea, ez dago beste modurik. Trantsizio energetikoa egin behar da, eta ahalik eta azkarren egiten bada orduan eta hobeto.

Energia berriztagarriek egingo dute posible Europan eta munduan isuriak murriztea.

Energia berriztagarriak premiazkoak dira, eta jarri behar ditugu. Baina energiaren kontsumoak handitzen jarraitzen badu, nahiz berriztagarriak jarri, ezingo dira helburu klimatikoak lortu. Alegia, energia berriztagarriak soluzioaren parte bat dira.

Efizientzia litzateke beste bat.

Dudarik gabe. Efizientzian aurrerapen asko egin dira 1980ko urteetatik, baina, hala ere, isuriak ez dira asko jaitsi. Bere horretan, efizientziak ez dauka zertan ekarri gutxiago kontsumitzea. Errebote efektu bat ere eragin dezake: efizienteagoa bazara, lehiakorragoa zara, eta lehiakorragoa izanda, produktu gehiago salduko duzu, eta energia gehiago kontsumitu.

Nola ikusten duzu zuk Euskal Herria bi aldagai horietan?

Berriztagarrietan, datuak oso kaskarrak dira. Nafarroak beste zenbaki batzuk ditu, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzen dugun energiaren %7-8 dator bertako berriztagarrietatik. Azken kopurua %14ra igotzen da, batik bat Espainiatik datorren argindar berriztagarritik. Oso kopuru txikiak dira EBk ezarritako helburu berrietarako, zeintzuek dioten 2030. urterako kontsumituko dugun energiaren %32k berriztagarria izan behar duela. Helburu hori, gainera, ahots kritikoenentzat, oraindik ere anbizio gutxigokoa da.

Zailtasun hori guztiagatik eskatzen duzue energia itun bat?

Herri akordio bat guztiz beharrezkoa da. 2030. urtera begira soilik ez, aurrerago ere begiratu behar dugu, eta ehun produktibo guztiak karbono neutroa izan beharko du. Gaur egun inork ez dauka helburu horretara iristeko bide orririk. Lan multidiziplinar bat behar da, adituak lanean eta pentsatzen jarri, baliabideak eman, eta hortik txosten sinesgarri bat egin, gero politika publikoak alor horretara bideratzeko. Ez zait iruditzen inor dagoenik hori bakarrik egiteko. Gainera, ezin gara bi, edo lau urtera begirako gatazketan ibili, politiken lema hara eta hona aldatzen.

Begirada altxatu behar da.

Hori da. Umiltasunetik, hau guztien artean pentsatu behar da, eta lantaldean adosten diren gidalerroak indarrean jartzeko konpromiso politikoa hartu. Bestela, ez dugu lortuko. Espainiako politikan hori oso argi ikusi da: noraezean ibili dira. Gauzak ondo egiten ari diren herrialdeak, berriz, Danimarkak eta besteek, horrela egin dute: hausnarketa egin, plan bat atera eta hori betetzeko konpromiso politikoa sinatu. Gero ikusiko da alderdi politikoek mo-du diferentean ikusten ditugula energiaren ingurukoak.

Trantsizio horren eraginak ere aztertzeko daude. Nonbait jarri beharko dira plakak edo eolikoak, eta inork, printzipioz, ez du nahi halakorik bere etxe parean.

Politikaz harago joan beharko diren kontsentsuak eskatuko ditu. Akordio soziala ere beharko da. Jendeari azaldu behar zaio energia trantsizio bat egiteak, eta berriztagarrietan oinarritutako eredu bat izateak, eragin bat izango duela. Energiaren kontu guztiak enpresa gutxi batzuen kontrolpean dauden tradizio batetik gatoz, eta horri buelta eman behar zaio. Hor berriz ere Danimarka jarriko dut adibide gisa. Edo Alemaniako eguzki energia, non Espainian halako hamabi fotovoltaiko ezarri diren, eta horien guztien erdiak herritar xumeenak diren.

Sare zentralizatuak, sorkuntza banatua... Badira aukerak.

Horrexegatik da beharrezkoa bide orria integrala izatea. Kontua ez da soilik berriztagarriak non jarriko ditugun;ikusi behar da zein sektoreri eragiten dion, jabegoa nolakoa izango den, zergak, legeak... Eta eskumenak nola eskuratu, energiari buruzko gehienak estatuaren menpe daudelako.

Nahiko lan izango du zuek proposatutako adituen taldeak.

Mamitsua izan da haien lana, oso multidiziplinarra; azkenean, energiak politika guztiak ukitzen ditu. Gainera, gaur egun dauzkagun arazoetarako ez dago batere argi zein izango den irtenbidea. Gaur egungo merkataritza ezin da imajinatu hegazkinek edo itsasontzi handiek erretzen duten erregai fosilik gabe. Hor kontu tekniko konplikatuak daude. Hori bai, aldi berean iruditzen zaigu, eta hala esaten diogu aditu taldeari, hori guztia aukera moduan har dezatela berrikuntza eta garapenerako eta gure industriaren eraldaketarako. Eta lan honetatik ondo ateratzen den herrialdeak zutoin eta oinarri onak izanda begiratuko dio etorkizunari. Garaia da hori egiteko.

Motelegi, eta bide okerretik

Ziabogarik ez Lurrarentzat

Greban klimaren alde

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna