Koronabirusa

TERMOMETROA (XII)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuola (Gipuzkoa), Iruñea, Baiona, Donostia eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
«Gutxiago kontsumitzeko moduak pentsatzeko garaia da»

Josebe Blanco Baserritarra

Itxialdia hasi denetik, gero eta hegazkin gutxiago pasatzen da gure etxe gainetik. Ohituak gaude, eguna oskarbi baldin badago, zeru gorrian marrak batera eta bestera ikustera, labirintoak osatuz. Orain, zerua garbi dago. Loiu ez dago oso urrun hemendik, eta ikaragarria da aldaketa. Batez ere, lur hartzen edo aireratzen ari direnean hegazkinek egiten duten zaratagatik. Jada ez da entzuten.

Jendea ere, itxialdi hasieran, ikusten zen inguruotan, banaka edo bikoteka. Horiek ere desagertu dira. Eta elurrarekin, gure etxe pareko magalean alertzea eta pinu beltza botatzen ari diren makinak ere gelditu egin zituzten. Ikaragarria izan da bi egunez txoriak kantatzen, ardiak larratzen, zintzarri hotsak eta marruak aditzea, besterik ez. Egurra atera eta egurra atera ari dira makinak atzera. Zarata itzuli da gaur, eta, horrekin batera, Eusko Jaurlaritzaren lorpen hori, enpresak ez gelditzekoa.

Gelditzera behartu gaitu birus batek, gure sistema honek dituen gabeziak azaleratu ditu, baina lehengora itzuli beste biderik ez dute aurreikusten agintariek. Lehengo martxa, bada, txikitzailea da. Gutxiago kontsumitzeko moduak pentsatzeko garaia da. Orain ikasten ari garena baliatu behar genuke, gure mundualdia munduarentzat ahalik eta emankorrena eta onena izan dadin.

«Estutasunak ez nau gainditu; honetara ere ohitu garela iruditzen zait»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Atzo goizez egin nuen lana; arratsaldeko txandan noa ospitalera gaur. Atzo esan zidaten hala beharko zuela seguruenik; gaur goizera arte ez didate baieztatu. Txanda dantza handiko astea dut hau: bihar eta etzi jai daukat; eta larunbatean eta igandean, lan.

Albistegian aipatu dute kutsatu kopurua jaisten ari ote den, baina duela astebete ospitaleratutako asko eta asko hiltzen ari direla. Horren jakitun noa lanera, ea zer dakarren egunak. Ez dakit zein sailetan arituko naizen, atzoko berean edo besteren batean.

Animoz nahiko ondo nago. Banuen ezinegon pixka bat aste hasieran, banekielako kanpaina ospitalea jarri behar zutela, ZIU gehiago ireki behar zituztela. Izu samar heldu nion astelehenari, eta sorpresa izan da egun hauetan lanean sumatu dudan erosotasuna. Estutasunak ez nau gainditu; honetara ere ohitu garela iruditzen zait. Duela bi aste-edo izan nuen egunen bat txarra: oso gaizki zeuden agure askorekin, eta neu ezin iritsian, asko erasan zidan. Pixkanaka, halakoak ezabatzen ari naiz nire memoriatik.

Larrialdietan beste eginkizun batzuk izango ditut hemendik aurrera. Beste estutasun batzuk izatea espero dut. Auskalo.

«Lana izan dut buruan gaur; albisteei ere so egin gabe nago»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Atzoko hotzeria joan da, aro berriak desagerrarazi du. Hodeiren bat bada gaur, baina zeruaren urdina ikus daiteke, eta eguzki izpiak ere bai. Pizgarri zait. Baita etxe barnea uztea ere. Atzo itzuli baten egitera joan nintzen, oinez. Bizikleta ateratzeak ez du zentzurik jada, kilometro bakarraren bueltan ibiltzeko. Baionako kale artean egin nuen oren osoa.

Azken orduotan lana izan dut buruan. Albisteei ere so egin gabe nago. Goiz honetan bilkura bat banuen egiteko, ene uda honetako lanarentzat, eta bideo konferentzia bidez lotu gara, bertzenaz ezinezkoa baitzen.

Bada elkarte bat Iparraldean astialdi zentroak euskaraz kudeatzen dituena, eta animatzailea naiz. Badut diploma ere horretan aritzeko, eta, hala, udalekuetan eginen ditut bi egonaldi aurten: lehena Hendaian izanen da, surfari lotua; bigarrena, Maulen, euskarazko adierazpena lantzeko.

Ekainerako ikasturtea bukatua ez badut, ez dakit zer gertatzen ahal den ene lanarekin. Maiatz-ekainetan pasatu behar genituzke partzialak; ezingo balira ohi bezala egin, ordenagailuz lanak bidal genitzake; atzeratuak ere izan daitezke. Ez dakit. Lasaitu naiz bilerarekin, nehork ez baitaki zer ukanen duen hemendik ateratzean. Ikusi behar.

Orain, irakurtzera noa.

«Dezenteko adikzioa daukagu etxekoek kafearekiko»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Konfinamendu egunotan, behin baino gehiagotan iritsi zaigu elikadurari kontu egiteko aholkua... itxialdi aurreko egunerokoan baino are gehiago. Gure aktibitate fisikoa nabarmen jaisten denez etxetik atera ezin garenean, ez omen dugu gehiegi jan behar.

Aitortuko dut: ez dut nire dieta bereziki aldatu. Gosariari dagokionez, kafesne bat hartu ohi dut, pare bat ogi zati soilekin; platano bat ere jan ohi dut. Bazkalordua eta afalordua nahiko goiz etortzen dira gurean, bata eguerdi inguruan eta bestea arratseko zortzietan: lekaleak, pasta, arroza, haragia, arraina, entsaladak batez ere afaritarako; gazta zatiren bat edo beste gehituta, plater bakarra dugun egunetan. Eta kafesne gehiago, bai bazkaria amaitzean eta bai arratsaldean, fruta pixka batekin batera.

Dezenteko adikzioa daukagu etxean kafearekiko, egunean hiruzpalau edaten ditugu. Bazkalostekoa, nola ez, pastaren batekin lagunduta. Eta txakurra ateratzen dudan aldiro, txokolate ontza bat izan ohi dut ahoan etxeko atea ixten dudanean...

Norbait asaldatuko nuen dagoeneko, agian, nire elikadura gehiegizkoa delakoan edo. Ez dakit. Niretzat, behintzat, nahiko arrunta da.

«Hitzik ere ez daukat auzo aberatsenetako nagusiak izendatzeko»

X.X. Etxeko zaintzailea

Etxeko langile egoiliar batekin aritu naiz mezuketan. Laguna dut. Lehen, bazuen asteburuetan ateratzeko egokiera; orain, hori ere ez. Eta lana bikoiztu egin zaio, zerbitzatzeko jende gehiago eta garbitzeko zikinkeria are gehiago daukalako itxialdi behartuan.

Neuk ere izan nuen behin langile egoiliar egiteko aukera, Euskal Herriko auzo garestienetako bateko etxean, baina ezetz esan nuen. Auzootan pagatzen dute okerren eta jazartzen diete langileei gehien. Hitzik ere ez daukat halakoak izendatzeko. Boteretsuak dira. Beren patriketako sosa galtzeak, beste ezerk ez ditu izutzen. Eta betiko erretolikan ari dira orain ere. Halakoak zuzenean ezagutu ditut. Zure familiako bat hiltzen bada ere, berdin-berdin exijituko dizute lanera joatea. Gure bizitzen galerak ez die axola.

Eta orain ere, mundu mailan elkar zaindu eta babestu behar dugula esaten ari garen garaiotan, horiei bost. Beren lana, beren etxea, beren jendea, ez dute beste ezeren mirarik. Sailkapen horretan gu non geratzen garen... Inurriak gu, haien begietara; nano, beren zapatapean.

Bada esaera bat gorrotatzen dudana: «Izerdiaren saria, eguneroko ogia». Boteretsuen hizkera da hori. Eguneko 24 orduak lanean emanda ere, badelako jateko lain irabazten ez duen jendea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.