Koronabirusa

TERMOMETROA (XVII)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolako (Gipuzkoa), Iruñeko, Baionako, Donostiako eta, halabeharrez —ahotsetako batek anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Josebe BlancoBaserritarra
«Banatzaile handien langile azpikontratatu bihurtu nahi gaituzte»

 Eusko Jaurlaritzak azoka guztiak ixtea agindu du, dekretuz, Osasun Sailaren bitartez. Osasunaren izenean azoka txikiak itxita egon behar baldin badira, nola behar lukete gelditu ezin omen diren enpresa handi horiek? Nolatan ari dira langileak lanera joatera behartzen? Zinismo handiagorik!

Industria Sailak, berriz, sei milioi euroko poltsa bat bideratu du, gure soberakinak alarma egoera honetan merkaturatzeko. Hala, kooperatiba edo elkarte mugatu apur batzuen esku utziko dute baserritarrek beren jeneroa, horien bitartez Eroski, Uvesco, Alcampo-Simply eta Carrefour banatzaile handien eskuetara hel dadin. Oso maltzurra da jokoa: enpresa pribatu batzuek diru publikoa jasoko dute, guri lagunduko digutelakoan; eta, gero, saldu ezinean dauden produktuaren prezioa erabakiko digute, guk berari saltzea beste aukerarik ez dugulako izango. Inbutua sortu dute. Inbututik pasatu nahi ez duen baserritarrari etxez etxe saltzeko aukera utzi diote, baina horrek diru gehiago gastatzea ekarriko dio. Pertsona itotzeko era asko dago.

Hemen gauza asko dago jokoan. Banatzaile handientzako langile azpikontratatu bihurtu nahi gaituzte baserritarrok, eta gure elikadura —hau da, gure bizia— diruzale batzuen eskuetan uzten ari dira.

Markel FloresLarrialdietako erizaina
«Goibelaldia izan nuen duela bi-bat aste; beste bat tokatu da orain»

Egun arraroa atzokoa. Goizean, hiru orduz egin nuen lo. Jaiki eta bazkaldu egin nuen gero, eta siesta luzea atzetik. Gauean, afaldu, film bat ikusi, ordu bietan lokartu. Etenik gabeko loa, behingoz. Beti izan ditut lo hartzeko arazoak, eta, lan txanda aldaketekin ere, ohitua nago. Ez naiz larritzen; badakit etorriko zaidala begiak ixteko momentua; beti etortzen da.

Goibelago sentitu dut neure burua azken orduetan. Ez dakit zergatik den, zehazki. Aspaldi ez nuen gaueko txandarik egin; agian, horregatik. Ez ditut gauzak oso argi ikusten, eta ostiralean lanera bueltatu behar dut, asteburu osoko txandara.

Gorabehera askotxo sentitzen ari naiz asteotan. Goibelaldia izan nuen duela bi-bat aste, eta beste bat tokatu da orain. Etxean ondo, hala ere. Pisukide batek auzoko langileentzako maskarak egiten segitzen du, eta, besteak, eztulka. Hitz egin zuen bere medikuarekin, eta sukarra kontrolatzeko esan zion. Egia da burua pixka bat kargatuta zeukala atzo, baina nik hobeto ikusten dut. Erizaina izanik, uste dut lasaitasuna ematen diodala pisukideari. Buruak lan asko egiten du, hori ere egia da. Termometroak tenperatura ondo hartzen ote duen zalantzan jartzeraino.

Aña IriartUnibertsitate ikaslea
«10.000ko langa gainditu du Frantzian hilen kopuruak; izugarria da»

Atzo arratsaldean ere atera naiz itzuli baten egitera. Lasai, oinez. Zailtasun gehien dituztenetakoak konfinamenduan, ene ustez, kirola anitz egiten dutenak dira, egun guziz ez dakit zenbat kilometro egitera usatuak direnek.

Etxera itzuli nintzenean, karta jokoak eta telesaila, ohi bezala. Ezohiko zerbait ere izan dugu arratsean: Korrikako kantak entzuten hasi gara; kantatu eta dantzatu ditugu batzuk. Niko Etxartek 15.erako sortu zuen Heldu maite dugu bereziki; ez gara ari kantuok kronologikoki entzuten.

Gaur albisteak so egin ditut, aspaldiko partez. Mugimendu bat abiarazi dute: Ipar Euskal Herriko Elkartasun Sarea. Galdetu dute Baionan norbaitek laguntza behar baduen edota norbait laguntza emateko prest badagoen. Facebooken eta Instagramen sortu dute plaza, eta horretaz aritu gara etxean. Prest gara laguntza emateko, behar baldin bada.

Bertzenaz, hildakoen kopuruak 10.000ko langa gainditu du Frantzian. Datu izugarria iruditzen zait. Ez da batere erraz hemengo datuen lortzea. Sendiko nehor ez da kutsatu oraindik, hori badakit.

Gaur arratsaldean baditut lan batzuk egiteko, ikasketarentzat: bata, idatziz; baita ahozko beste bat ere, audioa egin eta igorri egin behar baitut.

Urko RodriguezAutobus gidaria
«Matematikek ere balio dute egiak estaltzeko edo gezurrak esateko»

Aspaldi hasi nintzen birusaren inguruko eguneroko datuei kasu zipitzik ere ez egiten. Bi dira horretara ekarri nauten bi aurreiritzi nagusiak: batetik, «gezurtxoak, gezurrak, gezur handiak eta estatistikak daude» baieztapen totemikoa (Hagakure pertsonala); bestetik, konbentzituta nago matematika hizkuntza bat dela bere horretan, eta, letretako bere lehengusuen era bertsuan, gezurrak esateko edota egiak estaltzeko ederki balio duela.

Medioek ez dituzte irizpide, unitate eta proportzio berdinak plazaratzen, sekulako anabasa ekarriz edozein irakurle, entzule edota irakurlerentzat. Datuen iruzur horietatik erator daiteke, esaterako, kutsatu berrien kopuruaren jaitsiera nabarmena; egindako test kopurua txikiagoa den epean, hain justu (non da ratioa?). Frantziak ospitaletik at hildakoen kopurua aintzat ez hartzea litzateke beste adibide bat, dakarren erkatze ezinarekin. Ulermen grafikoa ere garatu xamarra eduki behar da, interpretazioan ez tronpatzeko. Hori gutxi balitz bezala, ezin da ahaztu datuek erreferentzia egiten dioten lurraldea; «Euskadi» bat adituz gero, batez ere.

Nik neurera jarraitzen dut, erlojupeko txirrindulariak burua altxatu gabe doazen era berean.

X.X.Etxeko zaintzailea
«Aste Santu osoa emango dut familiakoen falta sentitzen, badakit»

Tortilla berdea prestatu dut gaur, eta, prestaketekin hasi orduko, nire mahai gainera arrautzak, tipula eta ziazerbak hel daitezen lan egin duten pertsona guztiak irudikatzen saiatu naiz. Gure aitak lurra lantzen duelako; badakidalako jakion atzean dagoen prozesuaren luzea.

Ziazerba berotu bitartean, amak prestatzen zizkigun jatorduekin akordatu naiz. Neure haurtzaroa etorri zait arrapaladan, guretzat sos batzuk biltzearren aita azukre makinetara lanera joaten zen garaira. Arrautzak irabiatzean, gurasoen etxetik joan nintzeneko ordura egin dut jauzi; neure umeen haurtzarora eta etxetik alde egin zidaten sasoira joan naiz gero.

Aste Santu osoa emango dut familiakoen falta sentitzen, badakit. Aitarekin eta umeekin egon ezineko minez nagoelako, eta amaren jakiak dastatu eta usaindu ezinez. Hauxe nuelako umeak hartuta gurasoen etxera joateko sasoia. Faltan sumatzen dut nire aberria ere. Aste Santua prozesioz eta alfonbra koloretsuz janzten delako han. Mundu bakoitzak dituelako bere kolore, zapore eta usainak. Nireak ere bai.

Pentsamendu irabiaki honetan mamitu zait tortilla. Oroimin puskak ziazerba zatitxoekin nahastuta murtxikatu, eta irentsi egin dut.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.