Koronabirusa

TERMOMETROA (XX)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
«Jendarte humanoagoa lortu nahi nuke ataka honetatik irtetean»

Josebe Blanco Baserritarra

Banaketa egunetan, 09:30erako izaten naiz herrian normalean; gaurkoan baziren 11:30. Hara abiatu aurretik, Euskadiko Udaltzainburuen Elkarteko presidentea entzun dut irratian, Elgoibarko alguazilen kalejiren harira esaten udaltzainen egitekoa ez dela herritarroi musika jotzea.

Antzuolan, gaztak utzi eta geure erosketak egiteko ilaran zain nengoela, kartela ikusi dut balkoi batean: ortzadarra zeukan marraztuta; Lortuko dugu zeukan idatzita. Eta niri etorri zait: zer lortu behar dugu?

Antzuolatik Bergarara sartzeko biribilgune batean, ertzain mordoa zegoen, autoekin. Gerturatu zait bat, eta begietara begiratzen duen pertsona horietako bat zen. Artzaina naizela eta banaketa egitera nindoala esan diot. Gazta egiten al dudan galdetu dit, eta ea ondo gauden. Animoak eman dizkit. Sekula santan ez nuen esperoko nik, uniformedun baten aldetik, hierarkiarik gabeko halako traturik. Euskaraz, gainera. Bere uniformearen gainetik zegoen pertsona bat iruditu zait.

Egoera honetatik irtetean, jendarte humanoago bat lortu nahi nuke, enpatikoagoa. Beldur naiz, baina, besteekiko gertutasunaren beldurrez makinei lotuta biziko den jendartea ez ote den izango, urruntzen gaituen horretan indarra jartzearen jartzeaz.

«Osasun zerbitzuetako langileei ez digute probarik egiten»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Pisukideak eutsi egiten dio: eztularekin segitzen du, eta karkaxak-eta baditu, baina ondo dago. Bera gaixotuko balitz ere, lanera joaten segitu beharko nuke, neronek sintomak garatu arte. Osasun zerbitzuetako langileei ez digute probarik egiten, izan ere; askotan, ezta sintomak edukita ere. Ez zaie interesatzen, argi dago, erdiek baino gehiagok emango genukeelako positibo, ziur. Lanean segitu behar dugula, horixe da argi dagoen irizpide bakarra.

Aste honetan ez dut atsedenik izango ia, baina tira, horixe dagokigu orain. Egunerokoan, pandemiaren hastapenetako koadrorik ez dugu ikusten orain larrialdietan: batetik, optimizatuta daukagulako lan sistema, hasieran ez bezala; bestetik, aste txarretan baino askoz paziente gutxiago daukagulako. Ez gaude kolapsatuta.

Anaiak esan zidan aurreko astean berak lan egiten duen planta osoa beteta daukatela, pazienteen senideak ezin direla sartu agur esatera ere, eta egoera latza dela. Plantetan eta ZIUn ari dira hiltzen gaixoak, eta azkeneko pauso latz hori haiek ari dira ikusten. «Gaur lau hil zaizkigu»; «gaur, beste hamar»; «gaur, sei»... Burua halako pentsamenduekin beteta lan egitea ez da erraza, eta halaxe ari dira.

«Macron presidentearen agerraldia hizpide da nonahi»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Queen taldea entzun dugu gaur goizean etxean. We Are The Champions ozen —oso ozen— kantatu dugu; auzoek entzun gaituzte, ene ustez. Oihu egiteak laguntzen du daukaguna ahanzten eta beste mundu batera joaten. Egun guztiz behar da atera oihu egitera. Oraindik ez naiz batere asetua egunerokotasun honetaz, hala ere. Ingurukoekin ere aipatu dut gaia, eta haiek ere aski ontsa bizi dute hau. Egunero oren batez etxetik ateratzeko aukerak anitz-anitz laguntzen du horretan.

Macron presidentearen azken agerraldia hizpide da nonahi. Biziki luzatu zen, baina neuk ere osoki entzun nuen, zerbait interesgarria erraten baldin bazuen. Ez zuen apartekorik aipatu. Ospitaleetako langileei eskertu zien egiten ari direna, baina ospitaleak gaindituak dira beraiek ez dutelako egin behar zen guztia, eta ontsa kudeatzen ari direla erran zuen. Eta zahar egoitzei buruz ez zuen deus aipatu, anitz errateko baden arren.

Haurrak eskolara itzuliko direla ere iragarri zuen. Maiatzean hasiko dira, emeki-emeki, baina zehaztapenik ez zuen eman. Zenbaiten ustez, haurrak eskolara igorri nahi dituzte, gurasoak lanera igorri ahal izateko, irabazi ekonomikoak egiteko. Sosa egitea nahiago dute, osasunaren lehentasuna gibelatuta.

«Begi bistakoa da itxialdi honen gorabeherek gure loan duten eragina»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Azken boladan, denon ahotan dabil ariketa fisikoa egitearen garrantzia, baina ez dut hainbesteko jariorik entzun ariketa psikikoaren inguruan. Itxialdiak bakartze soziala, egoera latzak ikusi beharra, errutinaren galera, erritmo zirkadianoen eraldatzea eta abar ekar diezazkiguke. Horrek guztiak gure loan duen eragina begi bistakoa da; egunean zehar garunak jasandako kolpe txiki eta ez horren txikien metaketaren ordaina. Irakurri berri dudanez, nahikoa logikoa omen da itxialdi egoeretan maizago murgiltzea amets berezi eta akaso estu horietan. Egunotan, amestu dudanetik aztertu dut nire burua. Gehiago amestu edo, hobe esanda, gogoratuizanaren sentipen ukaezina dut. Ia aldi berean, astelehenean bertan kasualitatez irakurritako Sarrionandiaren Esnaerak poema etorri zait gogora. Etxean egonda halakoak gertatzen badira, pentsa zer ez den pasatuko edonoren garunetik kartzelaren moduko toki anker batean egonez gero.

Ia oharkabean sartzen zaizkigu begietatik New Yorkeko hobi komun ikaragarri luzeen irudiak. Guztiak garamatza Danteren Jainko antzerkia-ra edota Jeronimo Boschen margo kaotiko bezain erakargarri horietara.

«Paperik gabeko langile askok sorterrira itzultzea erabaki du orain»

X.X. Etxeko zaintzailea

Osasuna da handiena, bizitzea bera, gauden tokian gaudela. Bizitze horretan, soldata miserablea eta erroldatzerik eza onartu duen jendea ezagutzea suertatu zait, eta mediku-etxera joateko komeriak ditu orain.

Atzerritarren Legearen ondorioz, legalizatu gabeko langile saldoa dago hemen, eta euretako askok sorterrira itzultzea erabaki du, ez paper eta ez amets. Enbaxada eta kontsulatuak itxi dituztenez, baina, joan ezinean dago.

Sekula ez gintuzten inongo dekretutan aipatu, ez paperdun eta ez papergabe, zaintzarena arazo saihetsezina bihurtu zen arte. Orain, milaka langilek beren osasuna arriskuan jarri eta lantokira bueltatu behar dutela erabaki dutenean, gurekin akordatu dira berriz. Zonbi kolektibo bat gara, azken batean; boteretsuek behar gaituztenean bakarrik azaleratzen gara. Zer balio emango digute zonbioi, baina, beren jendeari ere baliorik ez badiote aitortzen?

Pobreziak egin gaitu garena: zonbi. Gerra eta krisialdi guztietan, lehen biktimak gara beti. Denean da hori. Ikusi New Yorkeko datuak: hildako gehienak dira latino edo beltz txiro. Denaren errudun jotzen gaituzte, baina zintzo, errespetuz eta duintasunez bizitzen saiatzen gara. Zonbi bilakatu berri dituzten langile horiek guztiak bezalaxe, bai.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.