Koronabirusa

TERMOMETROA (XXX)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
«Gure errealitatea pantailan azaltzen dela barneratu dugu»

Josebe Blanco Baserritarra

Banaketa eguna gaur. Kilometro asko autoan, batera eta bestera, eta, behin kalean, denbora asko ilaretan. Kalean, aurretik entzuna nuena entzun dut gaur ere: umeak etxean ondo daudela, lasai, ordenagailua, tableta, sakelako telefonoa, telebista eta denetik daukatelako. Horrek barrua mugitu dit. Gero, neure herriko dendara joan naiz. Denak emakumeak ginen hango ilaran; 45 urtetik gorakoak, neska gazte bat izan ezik. Elkarren artean hizketan, tarteka isilik egon gara. Neska gazteak bere tartetxoa egin du pantailari begira, baina inguruari begira egin du denbora gehien.

Ondoren, beste denda batera joan naiz, banaketa egitera, eta han flipatu egin dut. Gehienak emakumeak ginen, sei bai ilaran, eta horietatik bost, bakoitza bere pantailari begira. Etxe barruan egun osoa egin ostean, kanpora atera, eta pantailari begiratzen dio jendeak! Komunikatzeko eta besteekin interakzioan aritzeko gogorik ez da pizten, antza. Zeinen erraz ari garen moldatzen pertsonak ez ikustera, nahiz eta geure begi aurrean egon. Eta gure errealitatea pantailan azaltzen dela barneratu dugu. Zergatik da? Bakartzea erabaki dugulako? Egoteko gaitasuna galdu dugulako? Egoera honetan geure burua ez dugulako ikusi nahi? Pertsonak ikusezin bilakatu ditugu.

«Denok etxera bidali gintuzten, eta badirudi orain ez dakitela gu nola atera»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Txertoa etorri artean, testei, maskarak janzteari eta kutsatuei buruz hizketan segituko dugu, ezinbestean. Koronabirusak jotakoekin hilabete eta erdiz lan egin ostean ari zaizkigu osasun zerbitzuetako langileei testak egiten, esaterako; eta kostata. PCRa egin digute, une honetantxe kutsatuta gauden ala ez jakiteko. Esan zuten test azkarra delakoa egiten hasiko zitzaizkigula laster, koronabirusa pasatu dugun ala ez jakiteko, baina ez dakigu hori noiz etorriko den. Test desberdinen fidagarritasun mailari buruz ere hitz egin genezake, itxura denez negatibo faltsuak ere ugari izaten baitira. Laburbilduz: ez dakit nik iragartzen dituzten test-egite horiek zenbateraino ez diren itxurakeria hutsa.

Pandemiaren lehen bolada erabat kolapsatu gabe gainditu dugu, ez test eta ez maskara, eta badirudi hurrengo olaturako hasi direla prestatzen.

Konfinamenduari dagokionez, berriz, denok etxera bidali gintuzten, eta badirudi orain ez dakitela nola atera. Honek guztiak zer pentsatua eman dit hiri antolamenduari buruz ere. Espazioa norentzat eta zertarako daukagun...

Bihar goizean COVID-19 zirkuitura joango naiz lanera. Bada denbora ez naizela hor aritu. Ea.

«Badirudi COVID-19ak gutxien hunkitu duen eskualdea dela hau»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Ez didate deus berririk erran udalekuko lanari buruz; beraz, lana ukango dudalakoan naiz. Kontrakorik erran ezean, hala gertatzea esperoko dut. Ostalaritza eta turismo arloko langileek ilunago dute etorkizuna. Irekiko balira ere, ostatuetara-eta jende gutxiago sartuko litzateke, Paristik iragarri dutenez, eta mugak-eta itxiak izanen dira. Kostaldean asko nabarituko da lan beherakada. Konfinamendu garaian itxi gabeko lantokiak badira, hala ere, eta horietako batean hasi da lanean lagun bat, marrubiak biltzen.

Daturik ez, daturik ez, eta batzuk baditugu, aspaldiko partez: Baionan hamar pertsona hil omen dira koronabirusak jota. Banekien izanen zirela zendutakoak, ez nau harritu horrek; egiazki aski gutxi dira, horrek eman dit atentzioa. Badirudi COVID-19ak gutxien hunkitu duen eskualdea dela hau.

Badira beste datu batzuk ere: emakumeen kontrako indarkeria salaketak gero eta gehiago dira; eta haurren kontrako indarkeria eta eraso sexualen kopurua ere biziki igo da.

Datuei begira nintzela, sare sozialetan ikusi dut EH Bai-k sarean emanen dituela formakuntza batzuk. Lehena, Euskal Elkargoaren erronkak ulertu izenekoa. Izena ematea pentsatu dut. Denentzat denbora izanen dut.

«Espaloi osoa eurentzat hartu duten gurasoekin egin dut topo»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Azken egunotan The Verve taldearen Bitter Sweet Symphony kanta izan dut gogoan. Sarri entzuten dudan kanta izan arren (The Rolling Stonesen abesti baten bertsio baten soinu lagina du gainera!), buruan bueltaka ez dut izan soilik doinu itsaskorrarengatik, kantaren bideoklipa eta txakurra paseatu bitartean bizi izan ditudan egoeren uztarketagatik baizik.

Bideoklipari dagokionez, taldeko kantaria Erresuma Batuko eskuin espaloi batetik doa oinez, parez datozkion oinezkoak saihesteko inolako imintziorik egin gabe, lehentasuna printzipioz besteek izanik ere. Probokazio hutsa. Detaile horri geurean jende gutxik egiten diola so egiaztatu izan dut; ba ote dakigu eskuinaldeko espaloia erabiltzeak parez datozkigunekiko lehentasuna damaigula hemen? Oinarrizko araua dirudien arren, zalantzak ditut.

Txakurrarekin atera naizen azken egunotan, printzipioz lehentasuna nik nuen kasu guztietan, kutsatzerik ez gertatzeko mantendu beharreko segurtasun tartea ezartzea nire ardura izan da. Hori gutxi balitz, espaloi osoa (egonean daudela) hitz egiteko eurentzat hartu duten gurasoak ere topatu ditut. Urko eta Ikatz errepidera edo belardira. Eztulka hasi beharko dut?

«Nagusiak ez dit idatzi joan den hiletik; ez dakit maiatzean lanik izango dudan»

X.X. Etxeko zaintzailea

Amesgaiztoak esnatu nau gaur. Lantokiko etxekoandreak Whatsappez mezu bat bidaltzen zidala eta mezua ez nuela ikusten egin dut amets; segidan, hots egiten zidan, lanera joateko abisua emana zidala eta ez nintzela joan esateko. Hain larri sentitu naiz, esnatu eta Whatsapp-a begiratu dut, ea mezurik banuen. Eta ez. Ametsa zen!

Etxekoandreak ez dit ezer idatzi joan den hiletik; ez dakit maiatzean lanik izango dudan. Apiril amaieran hark kasu egitekotan geratu ginen, maiatzean zer egin esateko. Ostiralean Maiatzaren Lehena da, jai, eta astelehen arte ez nuke lanera itzuli behar. Aste honetan idatziko didalakoan nago, beraz, hura etxetik ari delako lanean, eta hiru ume dituelako berekin.

Atzo, lo hartu baino lehen, tximeletak hegaka izan nituen buruan. Kapitalismoaren motorra gara, gure soldata miserableekin eta kontratu gezurtiekin. Oihu eta negar egiteko gogoa sartu zitzaidan, amorruaren amorruz. Jendeak lantokira bueltatu behar zuela esan zutenean, bazirudien katuari laztanka ari zirela, baina ez, ez, ez. Harria bota ziguten, eta, horrekin, dena esan zuten. Horrela pentsatzen dute oraindik, ez garelako ados jarri denok elkarrekin esateko ez dugula zirkinik ere egingo haiei komeni zaienean, geuri komeni zaigunean baizik.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.