Koronabirusa

TERMOMETROA (46)

Koronabirusaren aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzeko eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
«Gure apustua beti izan da geuk egitea, ez izateko besteren menpeko»

Josebe Blanco Baserritarra

Belarrak egiten hasi ginen astelehenean. Lehen zimeldua belardian eman, eta lau bat jornada ekarriko ditugu etxera ontzera, belarra lehortzeko sistema bat badaukagulako baserrian, Europan nahiko ohikoa dena. Hala, ez gaude eguraldiaren hain menpe, eta geuk kontrolatzen dugu gure animalien elikadura, neurri batean behintzat. Alpapa ere, beti nekazari berberari hartu izan diogu. Ez gara heldu geuretzako zereala egitera, baina bai belarra ontzera. Egurzaleek belardirako pista berriz txikitu duten arren. Gaur ere, harako bide inguruan zebiltzan lanean, eta traban, eta zu belarretara pasatu nahian, eta aurpegi txarrak aguantatu behar, gainera. Ez da lehen aldia halako arazoak izan dituguna.

Gure autonomia ez da erabatekoa, bistan da. Makineriaren eta gasolioaren menpe segitzen dugu, baina ez auskalo-nongo burtsetan espekulatuz puztutako janarien prezioaren menpe. Geuk ahalik eta gehien egitea izan da beti gure apustua, besteren menpeko ez izateko; geure ekoizpenaren errentagarritasunagatik ere bai. Horrek guztiak ematen dizun satisfakzioa ikaragarria da. Animalia ikusten duzunean hori jaten gustura, bale zara; zirkulua ixtea da hori guztia. Baserri txikion iraupena izango bada, gure autonomiatik etorriko da.

«Lankide batzuek asko sufritu dute,eta nabari zaie erreta daudela»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Gure bizipenen nolabaiteko laburpena egiten gabiltza lankideok. Giro oso ona sortu da gure artean, eta jendea gero eta gehiago hasi da hitz egiten bere egoerari buruz, hau guztia gertatu bitartean izan dituen sentimenduez-eta. Gure esperientziak kontatzeko baimena-edo eman diogu geure buruari, behingoz. Orain gutxi arte, dena izan da grisa, lana, lana eta lana. Aurrekoan, lankide batek kontatu zidan anaia ZIUan zuela; oso gaizki egona zela koronabirusagatik, baina ordurako ari zela gainditzen. Ordu erdi inguru aritu ginen hizketan horri buruz. Beste egun batean, beste lankide batek esan zidan berak positibo eman zuela pandemiaren lehendabiziko asteetan, eta etxean egon behar izan zuela itxita. Hirugarren batek bere ama adinduaren etxean utzi behar izan zuen semea lanera etorri ahal izateko; ama kutsatzeko beldurrez bizi zituen bisitak.

Lankideetako batzuek asko sufritu dute, eta nabari zaie erreta daudela. Erizain beterano batek esana dit ospitaleko lanaz oso nekatuta dagoela, COVID-19a etorri aurretik ere bazuela buruan lanez aldatzea, eta orain erabaki irmoa hartu duela. Batzuk eta besteak entzutean konturatzen naiz zeinen lasai bizi izan naizen.

«Amak biziki gaizki bizi du kolegioko lana; poliziarena egin behar du orain»

Aña Iriart Unibertsitateko ikaslea

Fini azterketak, egin dut azkena, eta bakea. Bukatu dudanean, ene laguna jin da, eta bizikletaz joan gara hondartzara.

Amaren deia ukan dut. Kolegioan hasi dira berriz ikasleak, astelehenean, eta egoera pixka bat berezia dute: ikasgelak zatitu dituzte, eta kanpoan ere maskekin egon behar dute, elkarrengandik aparte; jatekoa ere, etxetik ekarri behar dute, kantina itxia baita. Amak aski gaizki bizi du hori dena, kolegioan tarteak eta segurtasun neurriak gordetzea biziki zail delako. Lehengo eta oraingo lana alderatzen badituzu, ez dute zerikusirik. Orain, polizia lana egin behar du amak.

Frantziako Gobernuak heldu den hilean egin nahi omen du martxoan bertan behera utzitako udal bozen bigarren itzulia. Goizegi atzematen dut. Bozen arazo handiena, orain, abstentzio kopurua da, eta, zenbat eta hurbilago ezarri data, orduan eta anitzez gehiago izanen da abstentzio hori, ene ustez; zaharrenek dute gehien bozkatzen, jakinekoa da, eta zaharrenak lirateke gehien abstenituko liratekeenak, birusaren beldurragatik. Nire herrian zerrenda bakarra dugu, eta ez da kontrabotere lana egiteko ahalmenik. Aldiz, herri batzuetan badira bi zerrenda, abertzalea bata eta ez-abertzalea bestea. Hor bai behar duzu bozkatzera joan.

«Pandemiak goitik behera aldatu du igogailuen erabilera»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Hamabost solairu inguruko eraikinez josia dagoen auzo aldapatsu batean bizi naiz. Igogailuekin dudan esperientzia ez da txikia, beraz; azken urteotan lauzpabost jarri dizkigu udalak, gainera. Auzokideok biziki estimatu dugu mugikortasun politika hau.

Pandemiaren tsunamiak harrapatu gintuen lehen unetik, etxebizitzetako igogailuen erabilpena goitik behera aldatu da: pertsona bakar bat bidaia bakoitzeko; etxe bereko bi ikusi izan ditut aldi berean, asko jota. Batzuetan, ez da erraza izaten; 13. solairutik behera doan igogailua, adibidez, 7.ean geldi baitaiteke norbaitek deituz gero. Halakoetan, atea zabaldu ere egin gabe utzi behar izan dugu igogailua, pazientziaz jokatuz.

Alabaina, maskara derrigortzearekin, jokamolde honen amaieran gaudela esango nuke; adibide berari atxikiz, 13.eko bizilagunak maskara jantzita eduki beharko luke, beheranzko bidaian norbait sartzeko aukerak existitzen baitira. Halakorik ez balu, akaso zintzoena 7. solairuan igogailutik ateratzea litzateke, beste bizilagunak kaleranzko bidaia jarrai dezan (maskara balu, behintzat!).

Tira, ez dakit igogailu-fikzioa egiten nabilenentz, baina maskak lehentasuna eman dezake.

«Nork emango dio boza bere senideak ilegal bihurtzen dituenari?»

X.X. Etxeko zaintzailea

Uztailaren 12an hauteskundeak izango omen dira. Ordurako, jende guztiak libre izango du nahi duenean ateratzea, beraz. Lanean bost urte daramatzat hemen; boz horietan nire bizitza erabat baldintzatuko duten politikak oinarrituko dituzte, baina ez dut uste botoa eman ahalko dudanik.

Ez gaituzte lantokian bakarrik zanpatzen; legeak ere estutzen gaitu. Askotan gertatzen da hona etorritako migrante familietan: kide bat legez kanpo egon daiteke; legeztatua bestea. Nork emango dio boza bere senideak ilegal bihurtzen dituenari? Paperak eskuratzeko prozesu andana dago geldirik, oraintxe bertan, COVIDaren ondorioz. Erroldatuta hiru urte bete arte ezin dugu abiarazi hemengo egoiliar txartela eskuratzeko prozesua; urri amaieran lortu nuen nik, eta urtarrilaren 31 batez hasitako bidea amaitu nuen hala. Ez daukat nazionalitate bikoitza, hala ere, eta hori gabe ezin dut bozik eman.

Hona heldu berri gertatu zitzaidana dut gogoan: arkupe batean, goxokiak eta propaganda eskuorriak eman zizkidaten behin; hauteskunde kanpainan ari ziren. Barregura ere eman zidan. Hemen urte asko zeramatzan lagun bati erakutsi nizkionean, esan zidan zaborretara botatzeko denak, goxoki zein paper: horixe zela zegokiena.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.