Koronabirusa

TERMOMETROA (52)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolako (Gipuzkoa), Iruñeko, Baionako, Donostiako eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
«Abeltzainok ezin dugu lur publikoahala moduz erabili»

Josebe Blanco Baserritarra

Badatoz hauteskundeak, eta alderdi guztien programak berde eta hostodunak izango dira,ohi bezala. Orain arteko praxia ikusten duzu, baina, eta hostoa onddoz josita eta zimel-zimel ageri da, berdea beharrean. Inon ez dago ausardiarik programetan idatzitakoak aurrera eramateko, eta gatozen errealitatera gatoz.

Baliabide publiko bat erabiltzen uzten badizute, utzi dizuten hori ahalik eta hobekiena itzuli behar duzu, eta baserri munduan hori ahaztua dugu aspaldian. Diru laguntzak emateko orduan, erakunde publiko batek hori eskatu behar liguke baserritarroi. Lur publikoari dagokionez, abeltzainok ezin dugu hala moduz erabili, ezin ditugu purinak eta ganadu karga gehiegi bota mendira. Mendia ez da gurea.

Ezkerreko alderdiek diskurtso oso bat daukate elikadura burujabetzari eta eredu iraunkorrari buruz, baina, boterea daukatenean, ez dira ezkerreko nekazaritza politikak egitera heltzen. EH post-COVID19 manifestuan, irizpide batzuk ematen dituzte zientzialariek hemendik aurrera eduki behar genituzkeen jarduera ekonomikoetarako. Gertatzen ari zaigun hau guztia nahikoa akuilu behar luke beldurrak eta zalantzak alboratu eta adituok markatutako bidea hartzeko. Ausartak eta zintzoak izan behar dugu.

«Datu dantza betean, zahar etxeen egoera iruditzen zait kezkagarrien»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Astelehenean, etxeko kideetako bat dezimekin hasi zen. Hurrengo egunean, sukarrak gora egin zion, eta asteazkenean PCR proba egin zioten. Atzo esan zioten negatibo eman duela. Pentsa, hemen hedabide guztietan ari dira sanferminez, eta, etxeko hirurok, berrogeialdi baten atarian egon gintezkeelakoan. Lanera joan ezina ekarriko lidake horrek, baina, azkenean, ez.

Beste lan kontu bat da albiste orain: Volkswagen Nafarroako bigarren txanda lanean hasiko omen da asteazkenean. Nafarroako ekonomiaren motoreetako bat dela errepikatu ohi digute, baina begira Nissanek zer egin duen Katalunian: ospa.

Osasun Departamentuak aurreikusi baino 18 milioi euro gehiago inbertitu omen ditu pandemiagatik. Horietatik, 3,7 milioi zentro pribatuek jaso omen dituzte. Denean gertatuko da hori, pentsatzen dut, baina Opusekin akordatu naiz. Hemen, dena Opusen hasten eta bukatzen delako.

Datu dantzan, baina, zahar etxeen egoera iruditzen zait kezkagarrien. Kutsatze guztien %40 inguru zentrootan gertatu dira, eta egoiliarren %24 kutsatu. Zahar etxe gehien-gehienak pribatuak dira, eta halaxe izango dira eta laguntza publikoak jasoko dituzte aurrerago ere.

«Triste da muga itxita ikustea, kontrolatuta beti; ez nioke horri eutsiko»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Gaur goizean mendian ibili gara, itzuli bat egiten. Bueltan, jakin dugu Baionako ospitalean ez dela koronabirus gaixo gehiagorik, eta albiste ona da benetan. Hau izan da COVID-19ak gutxien jotako eskualdeetako bat, bagenekien, baina hainbat hobe ez bada batere gehiago kasurik. Mugak berriz irekitzen badira edo birusak asko kolpatutako tokietatik jiten bada jendea, baina, arazoa sor daiteke atzera. Beharbada, oraindik mugatuak izan behar lukete joan-jinak. Tristea da, aldi berean, muga horrela itxita ikustea, beti kontrolatua, eta ez nioke horri eutsiko, baina bederen galdegingo nioke jendeari haien mugimenduak ahal bezainbat gutxitzea. Ni Baionatik Bithiriñara noan ber moduan Baionatik Irunera edo Elizondora lasai joan ahal ez izatea gaitz da, hala ere.

Badira gure artean oso egoera latzean jin eta bizi diren beste etorkin batzuk ere. Herenegun, hain zuzen ere, Etorkinekin elkartekoek bilera egin zuten suprefetarekin, etorkin guztiak legeztatzeko eskatzeko. Paperik gabeko etorkinak egoerarik zaurgarrienean daudelako, bai osasun zerbitzua eta aterpea ukaiteko, bai lana egiteko. Badira elkarte batzuk euren babeserako, baina horiei ere zaildu zaie sosa biltzeko ekitaldiak egiteko aukera. Hori ere jo du koronabirusak.

«Badatorren ekainean ez dut Mirentxineko txandarik egingo»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Etorkizun hurbilari buruz gogoeta egin ostean, egiaztatu dut koronabirusak ekaina ere askotxo aldatuko didala. Nire auzoko, Hernaniko edota Irungo jaiak, esaterako, ez ditut gozatuko; eta inkognita hutsa da San Joan bezperako su giroa, egotekotan, nolakoa izango den.

Hala ere, bada nire ekaina ezohiko bihurtuko duen beste detailetxo bat, jaietatik at: aurten ez dut Mirentxineko txandarik egingo, pandemiarekiko errealitatean aldaketa handirik ez badago bederen. Hilabetero eduki ohi ditudan lanik gabeko bi asteburuetako bat, azken urte luzeotan, presoen senide nahiz lagunak urruneko tokiren batera eramateko baliatu izan dut. Tarteka jende berarekin topo egin arren, aurpegi eta errealitate berrien bidaide izan naiz gehienetan, norakoa ere halakoxea izan baita.

Gidari pareak gaua nola pasako ote dugun izan ohi da nire kezka nagusia. Aurretik atseden hartuta joan arren gorputzak gau zehatz horretan nola eutsiko dion jakiterik ez dagoenez, kidearekiko konfiantza izatea eta ahal denean lo egitea dira gako nagusietako batzuk.

Ea pandemiak eta Jonan Fernandezen «kontzeptu aldaketa» horrek ekain normal berriak dakarzkidan.

«Iktusa izan duten lagun migrante ugari ditut; elkar zaintzen dugu»

X.X. Etxeko zaintzailea

Europa zahartu hau izan zen lehenik, nire kontinentea da orain pandemiaren foku. Han da nire familia osoa, eta kezkatuta nago. Hona etortzea egokitu zitzaidanean, sekula hautsi ez dugun promesa sakratu bat egin genuen seme-alabek eta nik: distantziak ez gaitu apartatuko, eta ez diogu ezer ezkutatuko elkarri, txarra izanagatik ere.

Hangoen berri jaso bitartean, hemengo familia zaintzen ahalegintzen naiz. Odolak ez, elkartasunak eta adiskidetasunak batzen dute hemen daukadan sendia. Igandean, adibidez, bisitan joan nintzaion neu bezalako emakume migrante bati. 50-60 urte, etxe batean zerbitzari, iktusa izan berri; perlesiak jota utzi dio gorputz erdia, eskua potortuta eta zangoa erabat lotuta. Ohea egiteko eta garbigailua martxan jartzeko ere, ez da gauza. Errentan hartutako gela batean bizi da, eta, zorionez, ezkongabea da. Ez dauka dirua bidali beharrik inora, baina aurreztutako sosak xahutzen ari da. «Hauek dira hemengo gure irabaziak», zioen. Sorterrira itzultzeko amorratzen dago, baina medikuek ezetz, ez dagoela joateko moduan. Iktusa izandako lagun migrante ugari ditut. Ez gara babesten, ez dugu ondo jaten, ez gara lasai bizi, eta halakoak gertatzen zaizkigu. Eskerrak elkar zaintzen dugun.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.