Iranek eskatu du itun nuklear berriturako testua «indartu» dezatela

Teheranen arabera, IAEAri eskatu dizkion bermeak landu behar dira. Borrellek esan du aldeek «datozen egunetan» lor dezaketela akordio bat

Hosein Abdolahian Irango Atzerri ministroa, atzo, Moskun. MAXIM SHEMETOV / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Iranek «laster» onar dezake itun nuklear berritua. Hori adierazi zuen, atzo, Hosein Abdolahian Atzerri ministroak. Baina baldintza gisa jarri du landu daitezela Teheranek IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziari eskatzen dizkion bermeak. «Indartzen baldin bada eztabaidatzen ari den testua, uste dut ez dela denbora asko pasatuko akordioa lortu arte», nabarmendu zuen, Moskun, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin bildu eta gero. «Itun egonkor eta iraunkor bat» sinatzeko prest dago Iran, baldin eta NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziak «jarrera politikoak» alboratzen baditu, Abdolahianen esanetan. Josep Borrell EBko diplomaziaburua baikor mintzatu zen atzo, eta iruditzen zaio «datozen egunetan» lor dezaketela akordio bat. «Elkar ulertze bat dago, eta denek dakite zer egin behar duten».

Ituna 2018an geratu zen bertan behera, indarrean sartu eta hiru urtera, Donald Trump AEBetako presidente zenak horretatik ateratzea erabaki eta gero. Azkeneko urte eta erdian Alemaniarekin, Frantziarekin, Errusiarekin, Txinarekin eta Erresuma Batuarekin zuzenean negoziatu du Iranek, eta zeharka AEBekin —2015eko akordioa herrialde horiek sinatu zuten—.

Prozesu horretan bitartekari aritzeko eskatu zion NBEk EB Europako Batasunari, eta klubak abuztu hasieran aurkeztu zuen «azken testua». Irani eta AEBei bidali zien, eta horiek abuztuaren 16an eta 24an erantzun zioten, hurrenez hurren. Borrellen arabera, Iranek eta AEBek testuari egindako komentarioak «oso arrazoizkoak» dira, eta uste du «oso argi» dagoela jarraitu beharreko bidea.

Teheranek bonba nuklearra sortu nahi zuelako kezkatuta bultzatu zuten akordioa Mendebaldeko potentziek. Behin hori sinatuta, arma nuklearrak ez garatzeko konpromisoa hartu zuen Iranek, eta potentziek hori frogatu ahala Teherani zigorrak kenduz joatekoa. Baina ituna indargabetuta gelditu zen Trumpen erabakiaren ondoren, eta Iranek jarraitu du uranioa aberasten. Teheranek esan izan du bonba nuklear bat egiteko gaitasun teknikoa duela.

AEBak eta Israel

Joe Biden AEBetako presidenteak eta Yair Lapid Israelgo lehen ministroak itun nuklearrari buruzko negoziazioez hitz egin zuten, atzo, telefonoz. Israel akordioarenkontrakoa da, iritzita egiazki ez duela mugatzen Iranek arma nuklearrak egiteko duen gaitasuna, eta, horregatik, azken asteetan presio egiten ari da Washingtonek itun berritua onar ez dezan.

AEBetako Estatu Idazkaritzak eskatu dio Irani IAEAri ez diezaiola presio egin. Izan ere, Ebrahim Raisi Irango presidenteak adierazi zuen astelehenean akordioari eusteko beharrezkoa dela NBEren agentziak ixtea Teheranek aitortu ez dituen uranio arrastoei buruzko ikerketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.