Koronabirusa

TERMOMETROA (XVI)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuola (Gipuzkoa), Iruñea, Baiona, Donostia eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzeko eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
«Balkoiak izan daitezke lorategi, erreten leiho zein
arnasa hartzeko tokiak»

Josebe Blanco Baserritarra
    Banaketa egitera jaitsi naiz gaur herrira, eta, enkarguak egiteko txandaren zain denda atarian nengoela, pareko eraikinari begira jarri naiz. Emakume bat ikusi dut eraikin horretako balkoi batean, espetxeko patioan balego bezala, aurrera eta atzera. Pauso hori, gorputza jiratzeko modu hori... Orain dela urte asko espetxean egin nuen lan, drogazaleekin eta, eta, gauza bera ez dela badakidan arren, emakume horri begira Langraizko emakume moduluko patiora egin dut jauzi.
    Balkoiei begira egin dut goiz osoa gero. Izan daitezke lorategi, izan daitezke kuartel-etxeetako erreten leiho, izan daitezke baratzea, izan daitezke arnasa hartzeko lekuak. Trasteleku ere izan daitezke, eta balkoi askoren egoera horixe dela uste dut, hain zuzen ere. Apainduago daude, baina, kanpora ateratzeko aukera bakar bihurtu direlako egoera honetan. Gehienetan ez da lorerik ageri, eta atentzioa ematen dit horrek. Neuk baserrian baditut batzuk, loreontzietan, eta maite dut haiei begira egotea gaztandegitik ateratzean.
    Lagun lore-saltzaileak atzo esan zidanez, azken urteotan indarra jarri da etxetik kanpoko bizitza elikatzen, eta, horretarako, landareak traba bihurtu dira, zaindu egin behar direlako. Ados naiz berarekin. Jendea deika omen dauka orain, lore eske.

«Gugana etorri behar luketen gaixoak zahar egoitzetan
artatzen dituzte»

Markel Flores Larrialdietako erizaina
    Bart gaueko txanda lasaia izan da oso. Hori ez da txarra, jakina, baina arraroa bai. Kafe bakarrarekin egin dut lanaldi osoa, arnasketa arazoekin etorritakoak artatzen. Ia denak ospitaleratu ditugu. Lehendabiziko hiruzpalau orduak babes guztiak jantzita egin ditut; gero, beste lankideek. Bost erizain ginen zirkuitu horretan, eta aski eta sobera.
    Zahar egoitzetan lanean jarri dituzten mediku eta erizainez aritu gara hizketan, berez gugana etorri behar luketen gaixo asko egoitza horietan ari direlako artatzen. Atzo irakurri nuen Iruñeko Mixerikordia Osasunbideko zentroa izatera pasatu dela; hango egoiliar ia guztiak omen daude birusak jota.
    Goizeko hiruretan afaldu dut: minutu bakarrean ur irakinetan utzi eta jateko prest dagoen pasta pote kaka horietako bat, eta fruta pixka bat. Lanerako bidean erosi dut pasta, gasolindegian, afaria prestatzeko denborarik ez nuelako hartu atzo.
    Hori ere bada: lanean gaudela babes protokolo guztiak betetzen ditugu, baina, afaltzeko ordua heltzen denean, lauzpabost pertsona sartzen gara office-an, eta han egoten gara, maskararik gabe, segurtasun tarteak gorde gabe.
    Ostirala arte ez dut ospitalera bueltatu beharrik. Ohera noa.

«Mezua bidali dit EDF etxeak,iruzurgileekin
adi egoteko erranez»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea
    Egunotan, mendeetan atzera egiten ari gara, Knightfall telesail iparramerikarrari so eginez. Gurutzaden denboran girotua dago; Griala eta boterea ditu hizpide. Hortxe bizi gara oren batzuez.
    Eguneroko albisteei ez diegu so egiten. Lagunen taldea dugu informazio iturri nagusi azkenaldian. Hortik jakin dut, errateko, Baionan dekretua ezarri dutela ibai bazterrean ibiltzea debekatuz. Lapurdiko kostaldean alogera turistikoak debekatu izana ez du nehork aipatu hor, baina ez nau harritu. Turismoa biziki apalduko da inguruotan, ene ustez. Batzuek lana egin beharko dute uda honetan, sosen biltzeko, eta ez dira joanen bakantzetara. Ikusiko dugu zer gertatuko den mugekin ere, aski luzaz itxiak izanen direla ere entzuna baitut; batzuek erran dute urria arte. Hil kopurua igotzen baldin bada oraindik, konfinamenduak segituko du.
    Txutxu-mutxu asko dabil. Marseillako mediku batek, adibidez, sendabide bat atxiki duela erran du. Klorokina da botika hori; Didier Raoult da medikua, eta badirudi bere esperimentuak manipulatu dituela, baina jende anitzek sinetsi dio. Neuk ere ukan dut EDF elektrika konpainiaren mezu bat erranez adi egoteko iruzurgileekin, bere izenean jendeari sosa eskatzen ari direlako batzuk. Ez da erraz egia eta gezurra bereiztea.

«Egunero ez, baina saiatzen naiz tarte bat bilatzen
izerdia egiteko»

Urko Rodriguez Autobus gidaria
    Ez naiz sekula kirolari aparta izan, aitortzen dut. Gaztetan, futbolean aritzen nintzenean, entrenamenduetako lehen zati fisikoak akabatu egiten ninduen. Berdintsu jarraitzen dut, diziplina maila beherago daukadan arren. Ez dut kirola egunero egiten, baina saiatzen naiz tarte bat bilatzen izerdi pixka bat egiteko.
   Itxialdia hasi zenetik, bizpahiru egunean behin bizikleta saio bat egiten dut; 30 kilometro 50 minutu ingurutan. Batzuetan, horren aurretik, denbora luzez guztiz utziak izan ditudan haltera txikiekin aritzen naiz hamar bat minutuz, nire alanbrezko besoak zertxobait indartu nahian edo. Atzoko haltera saioa hasi aurretik —bizikleta gaurko utzi zuen nagi honek—, nire alderik freaky eta adarjotzaileenari ateak ireki eta aholkua eskatu nion Arnold Schwarzeneggerri Twitter bidez, hasiberri honentzat. Ez dakit bere etxetzarrean konfinatua ibiliko ote denentz; lanpetua egongo zen akaso... Ez zidan erantzun; pena. Eskerrak duela 30 urteko bere bideoek sarean jarraitzen duten!
    Gaur ez dut agujetarik besoetan; ariketa arinegia akaso, egin nuen momentuan tarteka dardarka amaitu nuen arren. Gaur pedalak zain.

«Gu hona ez gara etorri arbasoei egindakoagatik
mendeku hartzera»

X.X. Etxeko zaintzailea
    Adiskidea gela batean bizi zen, eta etxe hobea aurkitu du. Bi lagunekin hitzordua jarria zuen atzo, autoz bila joan ziezazkion. Prestatu ditu bere trepetak, bada, atera ditu kalera esandako orduan, eta hara non lagunek mezua bidali zioten, ordubeteko atzerapenez azalduko zirela esanez. Eta adiskidea, ordurako gelako giltzak entregatuta, atzera barrura sartu ezinda. Tenore horretan idatzi zidan niri: «Ez dadila inor atera leihora, ez nazala inork ikusi!». 20:50 izango ziren. Auzoetako batek, etxetik jaitsita, esan zion: «Zertan ari zara hemen? Ez al dakizu debekatuta dagoela kalean egotea?». Adiskidea, isilik. Txakur jabe bat sartu zen ezkaratzera gero. «Jende honek ez al du entenditzen ezer? Ez dakite arauak betetzen. Datozela udaltzainak eta ikas dezala behingoz!», entzun zion lagunak. Eta gero eta jende gehiago leihoetan, zelatan.
    Kristori nekaldian herri guztia jazarri zitzaionekoa oso desberdina izan ote zen?
    Etorri zitzaizkion bila azkenean;isunik jaso gabe joan zenlaguna etxe berrira.
    Jende arrazista eta berekoiarentzako mezua: balia ezazue berrogeialdia historia ikasteko. Zuen arbasoek gureak arpilatu, bortxatu eta hil zituzten, ez zituzten zibilizatu. Gu hona ez gara mendeku hartzera etorri.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.