Koronabirusa

TERMOMETROA (XXIII)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolako (Gipuzkoa), Iruñeko, Baionako, Donostiako eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
«Zahar etxeetan, espetxeko 1. gradu bat ari dira nozitzen egoiliarrak»

Josebe Blanco Baserritarra

Gaur Gasteizera jaitsi naiz. Denda bat eta lau etxe pasatu ditut. Horietako bat, amona batena. Esan diot utziko diodala enkargua igogailuan, eta ezetz esan dit, ilusioa egiten ziola ni ikusteak, eta igo naiz enkarguarekin. Kontuak zituen esateko. Kontatu dit iluntzero ateratzen dela leihora, txalo egitera. «Orain arte kaso egiten ez zidanak agurtu eta muxuak bidaltzen dizkit. Ez dut pentsatu nahi gero hau bukatuko denik», esaten zidan.

Birus honek agerian utziko ditu lehenaz gain gizarte honek dituen miseria guztiak, bizitzari egiten dizkion tranpak. Eta tranpa bat dago bestearen atzean, logika berberarekin beti: euroa. Osasuna zaindu behar da Kapitala zainduko bada, eta guztiz humanoak diren espresio batzuk asmatzen dira, deshumanizatzen gaituen hori aipatzeko.

Zorroztasunari eta zurruntasunari eman diogu aginte makila, zenbait egoeratan baino ez dugu azaltzen sentitzen duguna, eta konbentzitu gaituzte onena dela denontzat gurasoak egoitzetan uztea. Han daude, espetxeko 1. gradu bat nozitzen, eskubiderik gabe. Gurasoak hilak dira, eta, ikusten ari garenak ikusita, askotan pentsatzen dut bizirik eta egoera horretan baleude, zahar etxera joan, hartu eta etxera ekartzea aterako litzaidakeela.

«Beti egon da arazoa zaharren egoitzetan; orain, azaleratu egin da»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Guk ez daukagu ikuspegi panoramikorik; gure pixela besterik ez dugu ezagutzen, eta hortxe mugitzen gara. Halakoxe kontuak izaten ditugu gure artean.

Hau guztia hasi zenean, Funesen, Artajonan eta beste nonbait eskaini zidaten lana, zahar egoitzetan. Pribatuak denak. Hasieratik zekiten langile falta zutela, eta etorri dena etorriko zela. Artajonakoan, esaterako, hildako asko gertatu da.

Zahar egoitzetan jendea zein baldintzatan bizi den galdetu beharko du gizarte honek, eta zein baldintzatan ari diren horko langileak. Hor benetako arazo bat dago. Beti egon da, eta orain azaleratu da, koronabirusarekin.

Nik beti egin dut lan sare publikoan, alde horretatik suertea izan dut. Oso gertukoek bai, egin dute lana sare pribatuan, eta askoz lan baldintza kaskarragoak dituzte, bai ordutegi, bai soldata, bai ardura aldetik. Pribatuetan, erizainak kristoren ardura dauka. Gaixo mordoa dauka zaintzeko, eta medikua ez dago egun osoan hor; egunean behin bisitatxo bat egiten du, eta kito. Sistema hori aldatu egin behar da. Gero eta urte gehiago bizi gara, gero eta edadetu gehiago dago, eta hori negozio soil gisa ikusten dute batzuek. Horixe geratu da agerian.

«Dokumentalei so egoten gara laguna eta biok; lasaitzen gaitu horrek»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Saminaren grafikoari koska berria gehitu zaio: militarizazioaren handitzeagatik kexu da jendea, militarren mobilizazioagatik diru anitz xahutzen dutelako, eta horren guztiaren erabiltzea posible litzatekeelako osasun zerbitzuetan, jendea babesten eta testak egiten. Eta bada eskasia.

Mugetako irudiak ikusi ditut egunkarian: Irungo igarobidean, adibidez, zenbat uniformatu eta tramankulu, ez da oso argi zertarako. Baionan ere, frantses armadak badu gune bat, eta hortik ere entzun dira tiro saioak-eta, entrenatzen ariko balira bezala.

Hemen, baina, jendarmeak ikusten dira anitz. Ez dira hamar minutu igarotzen polizia auto bat agertu gabe. Jendearen kontrolatzeko. Bada denbora ugaldu zirela, eta ez dira urritzen.

Gaurko egunak atzokoaren eite bera dakar, eta atzokoak aurrekoaren ber iragaitea. Datu eskasia bada hemen. Ez hildako, ez kutsatu, ez ezer. Hurbil-hurbilean ere ez. Paristik datoz notizia guztiak.

Ez filmak ez albistegiak, ez ditugu ikusi azken orenetan. Dokumentalak. Arte katean. Horri so egoten gara laguna eta biok. Lasaitzen gaitu.

Astelehenean daukadan azterketa prestatzen hasia naiz. Horri helduko diot orain. Pasatuko da hori ere, zailtasun handirik gabe. Lasai naiz.

«Itxialdia dozenaka aldiz hautsi duen herrikidea atxilotu dute»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Bestelako boladak eduki izan ditudan arren, betidanik izan naiz etxezulo. Kanporako asmoa edukiz gero, primeran; baina ez naiz etxean (ia inoiz) negarrez geratu. Konfinamendua dozenaka alditan hausten harrapatu duten herrikide baten atxiloketaren albistea irakurri berri dut, eta, tarte batez gizaseme horrekiko enpatia garatu nahian ibili naizen arren, bestelako arrazoiren bat edukiko zuela ondorioztatu dut; ezin dut lotu etxean ezin geratze hutsarekin, ez da posible.

Lagunen artean nagoelarik, ironikoki, neure burua antisozial gisa etiketatu ohi dut aukerarik txikiena dudan bakoitzean. Zinez, hala naizela uste dut; baita oso lotsatia ere, sarri sinisten ez nauten arren. Hala ere, ez dut ukatuko lagun, bikotekide zein senitartekoekin maiz hartu ohi izan ditudan kafetxoen eta terrazako elkarrizketen falta sumatzen dudala. Bitxia da, tabernak eta enparauak izango baitira bere onera itzultzen azkenak, hain justu ere.

Bururatzen zaidan alternatibarik azkarrena bideo dei bat egitea da, sukaldeko mahaian kafe berotu berria jarri ostean. Ezin izango dugu kritikatu uneko tokiaren kafe edanezin hori, berriro ere itzuliko ez garela marmarka esan. Pena bat.

«Patriarkatu eta matxismo zuztarrak dituzte zibilizazioek eta familiak»

X.X. Etxeko zaintzailea

Ahantz dezagun une batez pandemia eta hitz egin dezagun gure sentimendu ezkutuez, harri ez bihurtzearren.

Neska kozkorretan, asko kantatzen nuen. Gero, hain serio hartu nuen bizitza, ez zitzaidan geratu gaztetasunik eta bizitza propiorako tarterik, eta kantatzeari utzi nion. Egun batean, ni neu sentitzeko aukerarik sekula ez nuela izan ikusi nuen. Ez zen neuk hala nahita gertatu, zibilizazioek, familiak, patriarkatu eta matxismo zuztarrak dituztelako. Ene, bi hitzok esate hutsak odola berotu eta negargura ematen didate. Sekula ez nintzen lelo eta harri izan, ez nengoen lo, baina gauza guztiek behar dute beren denbora, nortasun kontua izango da agian, eta neure bizitzaren laburpena egin nuen halako batean: bizi izandakoaren %100etik, ia ezer ez zen nirea.

Bide egokirik, etxeko urik eta argindarrik gabeko etxean, irrati txiki bat besterik ez neukan, eta asko gustatu zitzaidan han behin entzundako kanta bat. Gero, haurrak hazten nituen bitartean, ahaztu ere egin nuen. Urteetara, berriz entzun nuen. Eros Ramazzottiren Por tí, por mí zen abesti hura. Eta ez naiz kantatzekoa, baina hori kantatzen dut. Nire historia irakurtzen dut bertan.

Batzuetan, bizirik eutsi izanak berak beldurra ematen dit.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.