Koronabirusa

TERMOMETROA (43)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
«Agroindustria hemen txertatuz, baserri mundua suntsitzen ari dira»

Josebe Blanco Baserritarra

San Isidro atzo, gure eguna. Abadiñoko Mendilibar-erdikoa baserria eraisten hasteko baliatu zuten, AHTari bidea libre uzteko. Eusko Jaurlaritza baserri munduarekin egiten ari denaren irudi oso gordina iruditu zitzaidan. Ez da metafora bat. Eta Gaubean, bost hektareako berotegia ezartzea onartu dute, tomate hidroponikoa egiteko. Hispalus multinazionalarena da proiektua, eta, baimena lortzeko, Cultivos Araba S.L. filiala sortu, eta Gasteizko abokatu bulego batean erroldatu du. Ia hogei hektarea hartuko ditu, eta hor ekoitziko diren tomate gehienak Eroskik hartuko ditu. Neiker dago tartean, eta Arabako Foru Aldundia.

Eusko Label tomatea sortu zuenean —hidroponikoa hori ere—, handitasuna bultzatu zuen Jaurlaritzak; baserritar mordoxka sartu zen hor, eta orain arte handi izan dena irentsi egingo du handiago batek. Agintariek elikadura burujabetza argudiatzen dute halako proiektuak babesteko. Zer esan nahi du, baina, burujabetzaren izenean dena multinazional bati emateak? Baserri mundua suntsitzen ari dira, agroindustria hementxe txertatuz.

Lotuta daude Abadiño eta Gaubea. Hori buruan entzun nituen San Isidro egunaren harira Arantxa Tapiak atzo egin adierazpenak. Irainak iruditu zitzaizkidan.

«Kuadrillan badira okerrago pasatu dutenak, kontatzen dutenagatik»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Herenegun arratsaldean ospitalera igo nintzen, abuztuaren 31ra arteko nire kontratua sinatzera. Pandemia dela-eta, tramite horiek denak geldituta egon dira, eta hango langilearekin aritu nintzen hizketan: erokeria bat izan omen da eurentzat ere.

Lasai-lasai ibiltzeko plana egin nuen atzo. Bueltaxka bat egin pasieran, baina ezer gutxi gehiago, goizeko txanda neukalako gaur. Eta aje pitin bat ere bai. Herenegun, izan ere, lagun baten etxera joan nintzen. Hor egon ginen, lasai asko, hizketan, film bat ikusten... Mozkortu ginen ia-ia. Bueno, iarik gabe. Warcraft filma ikusi genuen; izen bereko bideo-jokoan oinarrituta dago. Nahiko kaskarra. Nik ez nuen aparteko interesik ikusteko, baina lagunak nahi zuen, eta hantxe egon ginen, hari begira. Eta gustura.

Azken bi hilabeteotako kontuak hitz egin genituen. Duela hilabete bat, beste kontratu bat eskaini zioten lagunari, eta lan berrirako prestatzen ari da. Kontentu zegoen. Poztu nintzen harengatik. Familia ez ikustea gogorra egin zaiola zioen, baina moldatu dela. Saiatu omen da koronabirusari buruzko albisteetan ez kateatzen, neu bezala. Kuadrillan baditut beste batzuk okerrago pasatu dutenak, nik uste, kontatzen dutenagatik.

«Mugak itxi ber denboran, irekiak dira hemengo hondartzak»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Herenegun partziala egin nuen etxetik. Ahantzia nuen hemen konexio arazoak ditugula; xokoan gaudenez eurentzat, sareak hemen badituela etenak. Biziki ongi pasatu zen, hala ere. Denboraz eskas ibili nintzen azkenean, ariketa batean gehiegi luzatu nintzelako, baina bukatu nuen, eta ontsa. Atzo ez nuen partzialik ukan, eta lasai egon nintzen.

Goizetan, senideek badituzte eskolako lanak, eta ni lasai izaten naiz. Gero, arratsaldez, elkarrekin gara. Atzo, erraterako, atzeman genituen gure haurtzaroko argazkiak; beraz, horien so egiten aritu ginen arratsaldean. Ariketa biziki polita izan da hori.

Hemengo egonaldian ez dut lagunik bisitatu. Asteburu honetan Zuberoako udako egonaldia prestatu behar dut, eta hor lau langileak izanen gara. Aski lagunak baikara lauok.

Gure arteko mugak itxi omen dituzte, Espainiak alarma egoera ezabatu artean. Baditut lagunak Urdazubi, Elizondo, Arizkun eta inguruan bizi direnak, eta horientzat ez da erraz izanen.

Mugak itxi ber denboran, irekiak dira hondartzak. Joanen naiz, ahalik eta bizkorren. Entzun dut bakarrik ibiltzeko eta kirola egiteko aizu zela, baina ezin zela harean ezarri eta arratsalde osoa bertan egin. Bihar noa Baionara. Hondartzara ere bai, agian.

«Pandemiak sorturiko lanpostu gehienak dira prekarioak»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Autobusean leku batetik bestera nabilela, inguruan topatzen ditudan lanen inguruko nire analisi pertsonala egin dut, begiak zorroztuz; baita nire buruari galderak egiten ere, hala zegokion kasuetan bederen.

Deigarri egin zaidan detaileetako bat da inolako garraio enpresaren izen edota logorik gabe paketeak entregatzen dituzten furgoneta zurien kopuru handia. Dirudienez, jendeak ez du diru fisikoa erabiltzeko aukera handirik ukan, baina etxetik kreditu txartela dantzan jartzeko aukerari ez diogu muzin egin. Online salmentaren eta produktu horien banaketaren inguruko negozioak informatikarien overflow terminoaren lotzen ditut: gainjarioan.

Pandemiak sorrarazitako lanpostu gehienak prekarioak dira; une puntual batean sistema ekonomikoak beharrezkotzat jotzen dituen lanak dira, baina ez die inork bizitza luzerik iragarri nahi, badaezpada ere. Horien adibide garbia (eta desinfektatua) ditugu autobus barrua garbitzen diguten geltoki estrategikoetako langileak. Garraio enpresek (azpi)kontratatuak diren eta lan formazio doi-doia duten garbitzaile horiek ere badute meritua. Bidaiariek begirune osoz itxaroten dute euren sartzeko txanda, kexarik gabe.

«Lagunak esan dit birusa ez dela bukatuko; immunizatu egingo garela»

X.X. Etxeko zaintzailea

Azkenean, bukatu da amaigabea egin zaidan aste hau. Bedeinkazio asko ere izan da, baina. Bizirik gaude, eta lanean ari gara. Badut gaztaroko lagun bat, medikua bera. AEBtara emigratu zuen 1980ko urteetan. Duela egun batzuk esan zidan birus hau ez dela amaituko, defentsa sistema nahikoa indartsu dugunok arazorik gabe gaindituko dugula eta, horri esker, immunizatu egingo garela pixkanaka. Ondo jateko esan zidan, ezinbestekoa dela hori irauteko: ondo eta jaki osasuntsuak jatea. Bagenekien lehendik ere, baina gero eta jende gehiagok ahantzi du, antza.

Aste honetako beste albiste on bat: Italian milioi erditik gora migrante legalizatu omen dituzte, hala irakurri dut. Nekazaritza eremuko jornaleroak eta neu bezalako etxeko langileak asko; paperik gabe zeuden orain arte. Helduko ote da halakorik hona? Hemen ere paperik gabeko asko baitago, inork kontuan hartzen ez dituen pertsona ikusezin andana, beharrezkoa denean esplotatzen dena. Berrogeialdi honetantxe, adibidez, kremak eta maskarak egiteko eta kutsatutako jendea egon den eraikinak garbitzeko, inork ez du paperik eskatu. Haietako batzuk hilda ere, inon ez lirateke zenbatuko. Inon ez daudelako pertsona gisa erregistratuta. Hor datza ikusezintasuna.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.