Koronabirusa

TERMOMETROA (51)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
«Beldurragatik otzan, menpeko eta preso nahi ote gaituzte agintariek?»

Josebe Blanco Baserritarra

Beasaingo Loinazko festen hasierako bideo ezagunak ekarri duen sokari bueltaka ari naiz egunotan. Ikuspegi erabat zigortzailetik hitz egin du jende guztiak. Hor azaltzen zirenei aholkatu al dio inork PCR proba egitea? Oso zinikoa iruditzen zait gazte horiengan jarri den indar punitibo guztia; erabaki politikoak hartzerakoan osasungintzari lotutako irizpideak ez direnean aintzat hartzen, are gehiago. Eta ez da aurreikusten zaila hainbat erabakirekin —tabernak ireki eta terrazak baimentzekoa, esaterako—, jendea lasaitu eta nahiko ez dituzun egoerak sortu ahal direla.

Kutsatuta gauden ala ez, parean dagoenak birusa daukan ala ez, ez dakigu, eta ez jakiteak beldurra sortzen digu. Korapilo hori erraza da askatzen: testak eginez, masiboki. Badira baliabideak egiteko, ez egitea erabaki dute agintari politikoek. Beldurragatik otzan, menpeko eta preso nahi ote gaituzte?

Maite duen jendearengandik urrun eta arau estuen menpe, une batean, humanoa da pertsona lehertzea. Ez dut esango Besaingoa ondo iruditzen zaidanik, arduragabekeria iruditzen baitzait, baina, behingoagatik, norbaitzuk humano izatera ausartu dira. Bere arrisku guztiekin. Eta barkamena eskatzeko ausardia izan dute, agintariek ez bezala.

«Itxuragatik bada ere, osasun sistema blindatzea komeni zaie»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Arbizukoak ditut gurasoak. Herrimina dudanik ez dut esango, Iruñean jaioa bainaiz, baina nostalgia bai. Gabonetan-eta joan ohi naiz hara bakarrik, eta sarriago joateko gogoa sartu zait.

Arbizun ez, lagunaren herrian izan naiz gaur, Iratxetan, Baldorba inguruan. Txango bat egin mendira, bazkaldu, eta Iruñera buelta. Atzo Iruñean bertan egin genuen txangoa pisukideak eta biok, eta jende pila zebilen kalean. Oporren kontuari bueltaka jarraitzen dut neuk ere. Astebeteko oporrak eman dizkidate azkenean, eta ez dakit aprobetxatuko ditudan ere.

Nik ulertzen dut beharrezkoa dela pixka bat deskonektatzea, egoerak hobera egiten duen heinean, baina hurrengo pandemia kolpe bat etorriko da, eta inon ez dut entzun osasun zerbitzuetako langileen kopurua handitu eta lan baldintzak hobetzeko plan zehatzik. Aurten osasun sistema blindatzea komeni zaie agintariei, ezta? Itxura hutsagatik bada ere. Egia da larrialdietan, esaterako, errefortzu batzuk ere badaudela oraindik, baina udan bukatuko dira horiek. Gero gerokoak. Oraingo honetan ezjakintasunaren eta presaren aitzakia izan dute, baina hurrengorako ez dute aitzakiarik izango.

«Udalekuakez badira egiten, lan bat aski fite atzematea espero dut»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Aitatxik erraiten zidan aurrekoan euri pixka batek on eginen zuela lurrarentzat eta baratzeentzat, eta asteko egunik beroena atzo. Bi aste badira halatsu garela. Errekako ura uste baino hotzagoa zegoen, hala ere, bainatzera joan garenean.

Gaur arratsaldean Baionara noa. Laguna ere bai, Nafarroatik, eta han elkartuko gara. Normalki, gauza asko argituko da gaur: lizeora sartuko diren ala ez ikasleak; kolegioetan zer pasatuko den; ostalarientzat zer arau ezarriko duten... Astelehenean espero dute ostalariek irekitzeko baimena ukan. Baionakoek galdegin nahi dute leku gehiago espaloietan, segurtasun tartea gordez ohiko mahai kopuruari eutsi ahal izateko. Ikusi behar da horrek zer eragingo duen oinezkoongan.

Udalekuak izanen direnetz ere gaur jakin behar genuke. Pixka bat urduri nago, uda honetan beharko nukeelako lana egin sosa irabazteko, eta horixe dudalako lotua orain arte. Ez badira egiten, beste lan bat aski fite atzematea espero dut. Ez dut ezer buruan, egia erran. Beharra etortzen bada, pentsatuko dut.

Macronek 8.000 miloi euroko plan bat aurkeztu du, auto ekoizpenaren industriarentzat. Ez da behar handiena duen sektorea. Ospitaleetan-eta ezartzen ahal zuten dirutza hori, adibidez.

«Amaren errautsak barreiatu genituen tokira joan ahal naiz»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Azken hilabeteotan arduraz jokatu dugunez, faseetan aurrera goaz oraingoz. Faseen sistema honi ekin genion datak batetik; eta epe bakoitzak eduki duen luzerak bestetik, nire urteroko erritualetako bat egiteko aukera eskaini dit maiatzaren 28 honetan ere, eta ez da gutxi niretzat. 2012tik, izan ere, ama joan zitzaiguneko egun hau haren errautsak barreiatu genituen muinotxora bisita egiteko profitatzen dugu etxekook.

Geure herrietatik ateratzea debekatua izango bagenu oraindik, ezin izango nioke azken zortzi urteotako keinu honi (dagokion datan behintzat) eutsi. Dilema berri bat sortuko litzateke nire baitan; hagakure pertsonala kontsultatu beharko nuke; eta, ziurrenik, ez nuke eguna iritsi arte zer egin edo ez egin erabakiko. Arriskua nire gain hartu eta etxetik hogeita hamar bat kilometrora dudan muino bakartira autoz joatea deliberatuko banu, ez dut uste bidean topa nezakeen kontrolean gezurrik botako nukeenik. Duela aste batzuk, dilema aipatu nienetako batzuek joatera bultzatu ninduten irmoki, etor zitekeen isuna beraiek ordainduko zutela iradokiz gainera!

Zorionez, urteroko zita hau egiterik izango dut, arduraren sari gisa.

«Plantxa gehiegitxo nuen egiteko gaur, eta herren nabil oraindik»

X.X. Etxeko zaintzailea

Zenbat eta ordu gehiago egin haurrek kalean, orduan eta lan gehiago dut egiteko nagusien etxean. Plantxa gehiegitxo nuen gaur, eta herren nabil oraindik. Orkatilako mina ari da apaltzen. Hona etorri aurretik, sendabelarrei buruzko ikastaro bat egin nuen sorterrian, eta, handitua gutxitzeko moduak pentsatzen hasi orduko, amona datorkit akordura. Haren ondoan bizi izan nituen nire garairik ederrenak, lurralde beroan, behi gazta egiten ikasi bitartean. Asko zekien landareez. Ezinbestean, hiria urrun baitzen, eta mendia besterik ez baikenuen ibiltzeko. Zekizkien denak bere alaba zaharrenari erakutsi zizkion amonak. Amaren ama zen.

Aitaren herrialdera joan ginen gero, eta han ez zen halako berorik. Aitaren aitak ere bazekien pertsonak eta animaliak sendatzen. Oso urrutitik etortzen zitzaizkion bila, sukarrez, landarez eta lurrinez asko zekielako. Sugearen heldua ere indargabetzeko gai zen. Eta dozenaka erlauntz ere izan zituen. Erletan bilduta dut gogoan aitona, erleei hizketan. Hari ez zioten eztenik sartzen.

Natura ulertzen zuen jende edadetuz betea dago nire haurtzaroa. Sendagileak ziren. Sinetsita nago gizon eta emakume haiek guztiak odolean eta hezurretan darabilzkidala, trumilka.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.