Europako Batasuneko amets hautsiak

Greziak eta Turkiak 130 kilometroko muga dute kontinentean, Evros ibaiak bereizia. 18.000 errefuxiatuk gurutzatu zuten iaz, Greziara iritsitakoen %35ek. Bai errefuxiatuek, bai haien alde diharduten erakundeek salatu dute Grezian jipoiak eta atxiloketak jasan ondoren Turkiara kanporatzen dituztela.
Errefuxiatu talde bat Orestiada hiritik gertu, iazko maiatzean.
Errefuxiatu talde bat Orestiada hiritik gertu, iazko maiatzean. ORESTIS PANAGIOTOU / EFE

Aitor Txabarri -

2019ko martxoak 12
Firas Siakoa da. 17 urte baino ez ditu; beraz, adingabea da oraindik, baina bere herrialdeko gerratik ihes egin zuen EB Europako Batasunean bizimodu hobea izateko. Beste milaka errefuxiatu bezala, Turkiatik saiatu zen EBn sartzen, bi herrialdeek kontinentean duten 130 kilometro luzeko mugatik, baina gauzak ez zaizkio nahi bezala atera. «Greziara heltzeko nire lehen saiakeran, txalupa batean pasatu nuen muga, eta, iritsi bezain laster, poliziek harrapatu egin ninduten», kontatu du. «Kartzelan sartu ninduten, eta, ordu batzuk pasatu eta gero, mugara eraman, eta txalupa batean Turkiara bidali ninduten berriro». Firasek azaldu du Greziara iritsi eta berehala poliziek jo egin zutela. «Ez nuen espero horrelako indarkeria jasatea Europan; oraindik ezin dut sinetsi zer gertatu zaidan».

Errefuxiatu gehienek Egeo itsasotik egin ohi dute Turkiatik Greziarako bidea, Anatoliako penintsulatik uharteetara. Kontinentean, berriz, Evros ibaiak bereizten ditu bi herrialdeak, eta han gertatzen dira itzulketa horiek, Firasek jasandako hirurak bezalakoak. Harena ez da kasu bakana. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak salatu zuen horrelako hirurehun kasu izan zirela 2018an Turkiaren eta EBren mugan. «Azken urte hauetan hainbat kasu ezagutu ditugu, non errefuxiatuak Greziatik Turkiara bidali dituzten ilegalki», azaldu du Margaritis Petritzikisek, UNHCRk Fylakioko atxikitze zelaian duen ordezkariak. Hainbat frogak erakusten dute Greziak praktika horiek egiten dituela, baina oraindik ez dago argi zehazki nork bidaltzen dituen. Eremu hori Poliziak kontrolatzen du, baina eremu militar bat ere bada. Errefuxiatu askok Polizia dela salatzen dute, baina batzuetan identifikaziorik gabeko pertsonak direla esaten dute. «Hainbat testigantza dauzkagu, eta horietan errefuxiatuek adierazten digute muga pasatu eta gero harrapatzen dituztenak beltzez jantzita daudela, eta ez daukatela inolako identifikaziorik», adierazi du Petritzikisek. Beste kasu batzuen arabera, poliziek errefuxiatuak hartzen dituzte, eta, gero, komando esaten dieten pertsona batzuei ematen dizkiete.

Honela kontatu du Firasek: «Nire bigarren saiakeran, Poliziak harrapatu egin ninduen muga pasatzen, eta komandoengana eraman ninduen. Biluzi eta jo egin ninduten». Testigantzak entzunda, antzematen da Greziako Poliziak eginkizun bat betetzen duela praktika ilegal horietan guztietan; baina, dirudienez, beste «faktore» batzuk daude sartuta jokabide ilegal horretan.

Paperekin, kanporatuta

Esan daiteke Firasen kasua beste askorena baino are etsigarriagoa dela. 17 urteko gazte hori orain Turkian bizi da, nahiz eta modu ofizialean Grezian bizi, han egoteko paperak lortu baitzituen. Izan ere, EBra heltzeko hirugarren saiakeran, Fylakioko zelaian bukatu zuen, eta han Grezian legearen barruan egoteko paperak eskatu eta lortu zituen. Baina, handik atera, eta arazoak hasi ziren. «Autobus bat hartu nuen Tesalonikara joateko, baina, atera eta hogei minutura, Poliziak gelditu egin zuen autobusa. Jaitsarazi egin zidaten beste bost pertsonarekin batera. Nik UNHCRk emandako paperak erakutsi nizkien, baina horiek apurtu, eta komisariara eraman ninduten». Paperak izan arren, Poliziak atxilotu egin zuen, eta komisarian egoera okertu egin zen. « Komisariara iritsi eta gero, biluzi, eta jo egin ninduten. Paperak eman zizkidan UNHCRko langilearen izena eman nien, baina poliziek, burutik heldu, eta pareta baten kontra bota ninduten», kontatu du Firasek.

Han egun bat pasatu zuen, egoera jasanezinean; biluzik utzi zuten, eta urik gabe. «Hotza jasanezina zen, egarri handia neukan, eta komuneko zuloko ura edan behar izan nuen ez neukalako besteriko». Eguna pasatu eta gero, poliziek mugara eraman zuten Firas, eta Turkiako aldera bidali zuten beste jipoi bat eman ondoren. Orain, gazte hori izututa bizi da Turkian, han arrisku handia daukalako Poliziak harrapatu eta Siriara bidaltzeko. Ez dauka dirurik, eta beste errefuxiatu batzuekin bizi da. Firasen aukera bakarra Greziara bueltatzea da. «Greziara bueltatzea da orain buruan daukadan gauza bakarra».

«Poliziak edo militarrak»

Turkiako eta Greziako mugako herrietan ere jakinak dira polizien praktika horiek. Greziako Orestiada hiriko biztanle askok baieztatu dute gertatzen dena. «Orestiadara iristen diren errefuxiatuetako asko harrapatzen dituzte matrikularik gabeko furgonetekin», kontatu du Helena izeneko herritar batek. «Inor bizi ez den etxe batera edo komisarietara eramaten dituzte; han ordu batzuk pasatu eta gero, berriro Turkiara bidaltzen dituzte». Baina galdetzean zeintzuk diren errefuxiatu horiek harrapatzen dituzten pertsonak, inork ez daki ziurtasunez. «Poliziak edo militarrak», diote gehienek.

Orestiadako Poliziak dio informazio horiek guztiek gezurra direla. «Greziako Poliziak legea eta nazioarteko arauak errespetatzen ditu», adierazi du Pascalis Siritudis Orestiadako komisarioak. Gobernuaren erantzuna bera da: esan dute Grezian ez direla horrelako jarrerak onartzen. Adierazi dute hori guztia EBn ez dela gertatzen.

Gobernuz kanpoko hainbat erakundek, ordea, kontrakoa diote. Human Rights Watchen azken txostenean, Firas errefuxiatu siriarrak kontatutakoa bezalako hainbat testigantza daude. ARSIS erakundeak ere salatu du Grezian metodo ilegal horiek erabiltzen direla. Panayiota Xenidu ARSISeko kideak kontatu du errefuxiatuak Greziara iristen direnean askotan gainean daramaten guztia kentzen dietela, eta Turkiara bidaltzen dituztela. «Ez dira kasu bakanak, Grezian modu sistematiko batean erabiltzen duten zerbait da. Denek dakite gertatzen dela, baina ez da ezer egiten hori bukatzeko».

Indarkeria gehiago

Joan den urtean, 18.014 errefuxiatu iritsi ziren Greziara Turkiarekin duen lurreko mugako bidetik; hau da, Greziara iritsitakoen %35, UNHCRn datuak kontuan hartuta. Horietako asko jaioterrietan dituzten gerretatik ihesean iritsi ziren. Haientzat lurralde baketsua da Europa, eta aukeraz betea dago. Baina iristen direnean aurkitzen dutena ez da buruan zeukaten ametsa. Esfortzu handia egin eta gero, iristen direnean indarkeria gehiago aurkitzen baitute. Hori da arriskuz betetako bidaia baten bukaeran aurkitzen dutena. Baina, momentuz, aukera bakarra dute hori. Nahiz eta Greziak eta, beraz, Europako Batasunak begiak ixten dituen egoera hori guztia ikusita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna