Koronabirusa

TERMOMETROA (XIX)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuola (Gipuzkoa), Iruñea, Baiona, Donostia eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordertzeko eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
«Azoken irekieraaskotariko jende eta erakundeen batzeak lortu du, eta hunkitu nau»

Josebe Blanco Baserritarra

Larunbatean ezin nuen sinetsi: azokak ixteko agindua eman ostean, atzera egin zuen Eusko Jaurlaritzak. Hain jende ezberdina batzea ere janariaren bueltan... Azokak, askorentzat, ez direlako elikadurarako gune; taloa eta sagardoa hartzeko tokia baizik, saltzeko postala. Gazta kameran lanean ari nintzela jardun dut gaur horretaz pentsatzen, eta hiri eta herri kaskoetan dauden baratzeez. Baratzeok ere elikagaiak ekoizteko guneak direlako, eta horietan goldatu, erein eta landatzea debekatuta dagoelako. Gauza askori zentzua topatu nahian jarraitzen dut, baina ez dut lortzen. Zenbait politika eta programa apaingarri hutsak direla pentsatzea da logikoena.

Azoken irekierak baino gehiago, irekiera lortu duen mugimenduaren nolakoak hunkitu nau; askotariko jende eta erakundeen sinadurak, batze horrek. Hori delako herria egitea niretzat: elkar hartzea. Eta sentitzen dudalako borroka askoz gehiago ditugula ate joka, herri gisa elkartzeko eskatuko digutenak. Gure aiton-amonak dauden zulotik atera eta behar bezala zaindu behar ditugu, esaterako; eta pandemiaren erdian lanera bidali nahi dituzten langileen eta gizartearen osasuna errespetatzen dela ziurtatu behar dugu. Elkar hartzeak daukan indarraz jabetu behar dugu.

«Bi aste barru ikusiko ditugu jendea lanera bidali izanaren ondorioak»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Aste bukaera ondo joan da. Lan berrietan espero baino hobeto aritu naiz. Lankide beteranoak momentu oro aritu dira nirekin, gauzak esplikatzen, eta oso babestua sentitu naiz.

Espero zen bezala, paziente gutxi artatu dugu, eta proportzioak berdintzen ari direla esango nuke: koronabirusarekin gutxiago ari dira etortzen, eta beste patologiadunak, gehiago. Larrialdietan, Zaintza Intentsiboetako Unitateetarako prestatutako espazio berriak ez ditugu erabili behar izan oraingoz, eta beste plantetan ere dena saneatuagoa dagoela dirudi. Momentuz. Hemendik aurrera, izan ere, ikusi behar, aste honetan jendea berriz ere lanera joaten hasiko baita. Ea aldaketak zer dakarren; lantokian hitz egin dugu horretaz. Ez da erraz ulertzen zein den irizpidea. Gu ez gara epidemiologoak, baina hemendik aste batera edo bira ikusiko ditugu oraingo erabakien ondorioak, bertatik bertara.Larrialdietan gero eta paziente gutxiago ikusten dut; hori datu objektibo bat da. Baina kezkatuta nago.

Gaztetxo bat etorri zaigu bart, pizza partiketan ari zela motoarekin erori eta min hartuta. Horrek ez dio lan egiteari utzi sekula. Ezer larririk ez zeukan, behintzat.

«Maiatzaren 4tik 27ra izanen ditugu ikasturte bukaerako azterketak»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Aski ontsa joan dira azken egunak. Ez genuen zeharo aro ederra, eta apreziatu dugu barnean egotea. Hor, egun guztiz etxean kirol pixka bat egitera motibatu naiz. Ez da soilik laster batean ez naizelako galtzetan sartuko; deus ez egiteaz psikologikoki akitua naizelako ere bai. Kirol pixka baten egiteak ere iratzartzen du bat, eta horixe nahi dut: esnatu. Abdominalak eta halakoak egiten hasi naiz, oren erdi inguru, eta berrikuntza handia izan da hori ene errutinan.

Ukan dugu jakinarazpena, gainera, ikasturte bukaerako ebaluazioak nola pasatuko diren erranez. Ikasgai anitz kontrol jarraikian baditugu, baina bertze batzuk etxetik momentu zehatz eta denbora tarte mugatu batean egindako azterketa bidez gainditu beharko ditugu. Disertazioa behar duten gaiak pasatuko dira hala, gure gai potoloenetan: euskal literatura, euskal gramatika eta halakoak. Maiatzaren 4tik 27ra izanen dira azterketok. Datak jakiteak lasaitasuna ematen dit, eta gaindituko ditudala uste dut. Ikasten hasia naiz.

Maiatza osoa normalki barnean egon beharko dugu, eta, beharbada, ekain erdiraino pusatua izanen da itxialdia. Baionako festak ere ezeztatu beharko direla erran dute, eta albiste txarra litzateke ene ustez: festazaleontzat soilik ez, baita ostatuentzat ere.

«Maskara bat eskaini dute bus bakoitzeko, ez gidari bakoitzeko bat»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Asteburuan areagotu egin zait (izan gaitezen diplomatiko) gure agintariekiko ezinikusia. Aurretik ere ez nien sinpatia handiegirik, egia esan, baina erakutsi duten zurruntasuna handia da, eta euren irizpideen lehentasuna materiala, dibinoa edo beste edozer izan liteke, baina sekula ez humanoa.

Enpresaburuen alde eginez, itxialdia erlaxatu dute, eta poliziek bidaiariei maskarak banatzeari ekingo omen diete garraio publikoan. Ez neurri eraginkor gisa, egoera latzaren oroigarri bezala baizik; Lakua dixit. Autobus enpresetara ere maskarak bidaliko dituztela jakin dut, baina autobus bakoitzeko bakarra eskaini dute, eta ez gidari bakoitzeko bat. Gure lantokian, horrek esan nahiko luke lau gidaritik bakarrak edukiko lukeela maskara. Erreferenteak busak dira, beraz; gailuak, ez pertsonak. Hanka-sartze nahikoa handia, ezta?

Gure gremioari bereziki eragiten dion erabaki honi testuinguru duen neurri orokor sorta gehitu behar zaio: gazteek airea hartzeko duten beharra asetzeko aukerarik eza, funtsezkoak ez diren langileen mugimendu sasi-deskontrolatua hilabete erdi barru estuago ibil gaitezen... Zentzugabekeria bilduma eredugarria ari dira osatzen.

«Langile guztiok bat egin behar genuke neurri hauei aurre egiteko»

X.X. Etxeko zaintzailea

Pertsona helduak, ezinduak edo adingabeak zaintzen ditugun etxeko langileok lanera itzul omen gaitezke, baina etxekoandrearen mezurik ez dut jaso oraindik. Ez dakit horrek zer esan nahi duen. Umeak zaintzen dizkiot. Martxoaren 20tik ez naiz joan haren etxera; ostirala zen; itxialdi dekretua etorri zen gero, eta hementxe nago. Ordutik, hainbat mezu trukatu ditut nagusiekin, eta dena ondo dagoela esan didate beti. Apirilekoak nola konpondu ere hitzartu genuen, baina oraintxe bertan ez dakit tratu horrek indarrean segituko duen ala haustear dagoen. Kontratu bat sinatua dut, eta deituko balidate lanera joan beharko nukeela pentsatzen dut, baina ez dut baietzik emango aholkularitza eskatu gabe.

Itxialdiaren inguruko baldintza berriek zur eta lur utzi naute. Denon osasuna berriro ere arriskuan jartzea da hau; duela hiru aste baino hobeto ez gaude orain. Beraiek ere badakite. Osasun krisialdiarekin segitzen dugu, pandemia betean, eta beren ekonomiaren hozberoa besterik ez zaie inporta. Gure bizitzak batere ez duela balio esaten ari zaizkigu, baina oso argi dago gu gabe ezin dutela dirurik egin. Langile guztiok bat egin beharko genuke, horiei aurre egiteko. Patroiak altxatu egin dira; eta gu?
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.