Koronabirusa

TERMOMETROA (XXV)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuola (Gipuzkoa), Iruñea, Baiona, Donostia eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzeko eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko apirilaren 22a
00:00
Entzun

«Gaztaren urdinean hartzen du zentzua denak, nire munduak»

Josebe Blanco Baserritarra

Etxean gazta urdina egiten dugu kanpainaren hasieran. Otsailaren 14koa da aurtengo lehen lotea. Gaur banaketa egitera joan behar nuenez, horko bat ireki nuen atzo, eta, hara, urdin-urdina, ederra zegoen.

Edozein jatekoren atzean beti dago lan handia. Gurean, hiru gazta mota egiten ditugu, eta urdina da lan gehien ematen duena. Atzo arte, ez genekien lan horren emaitza balekoa ote zen. Urdin horiek irekitzen ditudanean, beti daude nire buruan gure ardiak erditzen, gure eskuak ardiok jezten, hiltegira eraman ditugun arkumeak ere bai. Ardura handia da bizia eman duen horri kale ez egitea, pertsona mordoxkak egindako lana eta zure herriarekin daukazun konpromisoa: jateko ona egitea.

Atzo ireki nuen gaztaren urdina, a ze pozarekin hartu zuten dendari lagunek, argazkia bidali nienean! Gaur banaketa egitera joan naizenean, Antzuolako dendariak esan dit: «Gaur, horko zati bat neuretzat, etxerako, postrerako!». Birus txiki batek zenbat kalte sor dezakeen, eta lizun txiki batek zenbat poz sortu ahal duen! Hunkitu egiten naiz. Bat-batean, mundua ordenan jartzen da gazta urdin bat ireki eta ona dagoela ikusitakoan. Urdin horretan hartzen du zentzua denak. Urdin hori da nire mundua.

«Itxialdi hasieran inspirazioa banuen; galdu dut, egunak joan ahala»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

23:30ean ohean nengoen atzo. Mugikorrarekin azken mezuak bidali, eta lo hartu nuen. Instagram, Twitter, Whatsapp... Dena erabiltzen dut. Mugikorrarekin bizi naiz. Nahiko adiktua naiz berez, eta berrogeialdiarekin, gehiago. Atzo bideo-joko batekin hasi nintzen. Lagunak oso zaleak dira, eta esan zidaten neu ere konektatzeko. Ezarri nuen programa, bada, eta hortxe aritu ginen zonbiak on-line akabatzen. Urteak neramatzan halakoetara jokatu gabe.

Gaur musika pixka bat egiteko asmoa dut. Badira bi aste-edo gustuko ezer sortu ez dudana, baina itxialdiko lehen asteak oso emankorrak izan ziren; inspirazioa banuen. Igual pixka bat galdu dut, egunak pasatu ahala, eta ea berreskuratzen dudan. Egia da gela honetako pareten artean sartuta inspirazioa ez dela aurkitzen erraza.

Inspiraziorik ezean, aspaldiko diskoak entzuten ari naiz. Azkenak, Iron Maidenen hiruzpalau. Oso gustukoak nituen gaztetxotan, eta nostalgia puntu batekin entzun ditut. Ez dut pentsatu ere egin nahi nola nengokeen itxialdi honek 15 urterekin harrapatu banindu. Nerbio eta indar guztia kanpora ateratzeko garaia da, sozializatzekoa, oihu eta korri egitekoa, eta hori errotik kentzea... Bua.

«Hil kopurua apaldu dela dakit, gehiago ez; ez dakit zer pentsatu»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Atzo egin nuen frantses gramatika azterketa. Pixka bat zaila zen, baina ontsa pasatu dela uste dut. Bukatzean, atsaskaria jan genuen. Gero, egunerokoa: jokoan aritu ginen. Telebista ere ikusi genuen. Albisteei ez diet so egin. Badakit hil kopurua apaldu dela, baina ez gehiago. Ez dakit zer pentsatu. Kutsatuak Frantzian %6 izan zirela ere entzun dut, baina ez dakit hori ere egia den ala ez. Testak ez dizkiete denei egin, beraz, hipotesia da bakarrik. Maiatzaren 11rako, normalki, testak eginen dizkigute. Manu Chaoren diskoak entzuten ari gara orain. Kantuan aritzen gara.

Goiz honetan erosketen egitera joan naiz, eta, lehen aldiz orain artean, xaboi berezia zegoen sarreran, eskuak garbi genitzan. Jende gutxi zen kanpoan, eta bi besterik ez ginen saltokian. Apalak beteak ziren. Zenbait gauza neurri batean bakarrik eros daitezke, hala ere. Uste dut jendeak ez duela hasmentan beste erosten; aipatu zutelarik konfinamendua, beldur ziren, eta ulertu dute ez dutela gehiegi erosi behar.

Ez egun guztiz, baina etxe barruan kirol pixka bat egiten dut, akitua sentitzen naizenean eta. Erosketak egitekoa eta eguneroko oren bateko ateraldia bereiztuak dira, batak ez du bestea kentzen. Gaur ez naiz aterako, hala ere, aro txarregia dago horretarako.

«Gure telefono eta enparauek ere gizenduta bukatuko dute itxialdia»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Itxialdi hau amaitzean —edo, behintzat, ateratzeko norberaren txanda heltzen denean—, ziur gutako batek baino gehiagok duela hilabete pasatxo baino gizenago zapalduko dituela kaleak. Ez gara bakarrak izango; gure mugikor, tablet eta enparauek berdintsu amaituko dute, egunotan jasaten ari diren fitxategi enbataren eraginez. Jasotako fitxategi guztiak ikusten saiatzen naizen arren, igorlearen profilaren edota jaso dudan taldearen izaeraren araberako diskriminazioa ere egiten dut, ez dut ukatuko; batez ere, bideotzar bat jasotzen dudanetan —«30 megabyte? Baina zer da hau? Ziur telebistan ikusteko aukera izango dudala!», marmarka ni nire kobazuloan—.

Egunez egun behaturiko bideo horiek guztiak garbitu beharra dago ondoren; XXI. mendea aurrera joan ahala lotsagabeki areagotzen ari den zeregina. Horra hor Diogenes handiaren bertsio bitarra... eta aurre egiteko bi estrategia nagusi: fabrikako balioetara itzuli, batetik, jasotako guztia ezabatuz; karpetaz karpeta edukia aztertu eta interesatzen zaigun hori ezabatu gabe utzi, bestetik.

Aitortuko dizut: besteen mugikorrekin lehen aukera erabili ohi dut. Nirearekin, bigarrena. Ikas dezatela, aizu!

«Positibo bat egon da aitaren baserritik gertuko herrixkan»

X.X. Etxeko zaintzailea

Koronabirus kasuak asko ugaltzen ari dira sorterrian. Aurrekoan heldu zitzaidan albistea, aitaren komunitatean, baserritik gertuko herrixkan, pertsona batek positibo eman zuela. Kezkatu samar nengoen, eta anaiak mezu bidez aitari hots egiteko esan zidanean, halaxe egin nuen. Iguanen moduan bizi dira han, harri artean, eta miraria izan zen haren ahotsa entzutea, hain da zaila hara deia sartzea. Atzoko kontua da.

Aitak esan zidan komunitateko emakume bat ondoezak jo, ospitalera eraman, eta astebetera positibo eman zuela. Armada, Polizia eta medikuak dituzte orain zaindari, eta babes hesi bat sortu dute komunitatera inor sar ez dadin. Anaia babes zibilean ari da lanean, hesi hori kontrolatzeko.

Aitaren ustez, boteretsuen nahi bati erantzuten dio pandemiak: beharrezkotzat ez duten jendea ezabatzea. «Aterako ahal zaie tiroa kirtenetik! Onak txarrak baino gehiago garela ikus dezaten antolatuko bagina, sikiera!», esan zidan. Sodomaz eta Gomorraz mintzatu zitzaidan, Loten familiaz, txikiziotik bizirik ateratzen bakarra izan zen hartaz. Halako batean, esan zidan: «Entzun, entzun jaiotzen ikusi zintuen ura!». Gure iturriaren ondoan zegoen, eta ura entzun nuen. Izugarrizko lasaitasuna eman zidan aitak, beti bezala.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.