Koronabirusa

TERMOMETROA (40)

Koronabirusaren aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
«Kaleko platano sentitzen naiz, maitasun harremanak latz kimatuta»

Josebe Blanco Baserritarra

Aurrekoan, lagun baten aita hil zen, eta ezin besarkatu, ezin eskutik heldu, ezin gerturatu. Osteopatarenera joan nintzenean ere —laguna dut—, ezin besarkatu. Gauza bera gaur: banaketan ari nintzela, oso laguna dudan pertsona bat ikusi eta ezin besarkatu, ezin musu bat eman. Gogorra da; eta barne borroka bat ere bai: maite dituzulako tentuz ibili behar duzu, baina, aldi berean, beldurraren preso sentitzen zara. Besarkadak eta musuak ukatzen ditudanean, oso errudun sentitzen naiz, neure buruari kale egingo banio bezala. Nik barruan ditudalako maitasun hori eta maitasuna adierazteko beharra. Furgonetatik atera gabe esan diot gaur lagunari: «Asko maite zaitut». Ze inpotentzia! Ze hutsune!

Kaleko platanoei egiten zaie ba kimaketa basati eta zentzugabe hori? Halaxe sentitzen naiz ni: kaleko platano, elkartasunean eta maitasunean oinarritutako harremanei kimatze bortitza eginda. Eta entzuten ditut terrazei buruz hizketan denean, aurrerago ile apaindegiei buruz bezala, eta Merced egunaz gogoratzen naiz. Presoei menu berezia ematen zitzaien Merced egunez; haurrei ere bai, goxoki bereziren bat. Ez dakit ez ote gaituzten geu ere gozatzen, neurri batean, halako arinkeriekin, geure emozioak eta ezinak ahatz ditzagun.

«Errefortzuak genituen lehen txanda guztietan; bukatu dira»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Lehertuta iritsi nintzen atzo etxera, gau osoz lan egin ostean. Okertuta hasi genuen gaua, eta halaxe joan zen gero txanda osoa. Agure dezente, psikiatriakoko gaixoak... Horiek ez dira urritzen. Mozkor eta auskalo zenbat pilula hartuta etorri zen bat; beste bat bere buruari zauriak eginda; eta eskizofreniak jotako beste bat, antzeratsu... Normalean goizeko ordu bietan mokadu bat egitera joaten gara txandaka, baina laurak baziren ni atera ahal izan nintzenerako. Makinatik hartutako zirin batzuk jan, eta segi lanean.

Beste zirkuituan, arnasketa sistemakoenean, lasaiago ibili ziren, baina haiek ere hasiera gogorra izan zuten. Lehen, errefortzuak izaten genituen txanda guztietan, baina horiek bukatu dira aste honetako moldaketarekin.

Herenegun Urkullu Murgarekin Gurutzetatik nola, hala zen pasatzekoa gure ospitaletik Txibite, atzo arratsaldean,Indurain kontseilariarekin. Bezperan abisatu ziguten, dena txukun uzteko-eta. Eta egia da errealitatea azken bi hilabeteotan pixka bat desberdina izan dela Nafarroan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan baino, baina oso antzeko egoerak bizi izan ditugula esango nuke. Gainontzean, ondo.

«Gaur amaren etxera sartuko naiz; senideekin egoteko gogoa badut»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Atzo amarekin hitz egin dut kolegiora itzultzeaz. Konfinamendua abiatu zutenean, eskola etxera eramaten ahalegindu ziren, eta orain kontrako norabidean aritzeko eskatu zaie. Pisua da egoera. Gelako 15 izatea galdegin dute, eta aste hau pasatuko dute dena prestatzen, ikusten nola egiten ahal duten tokia denentzat. Bosgarren eta seigarreneko ikasleak 18tik at sartuko dira; handiagoak, ikusteko dago noiz. Ene ustez, kolegioak ireki egin behar dira, baina denetarik dagoela ahantzi gabe. Ez da ahantzi behar ikasle batzuentzat zaila dela etxetik ikastea, ez dutelako dena gertu eta aski. Horientzat, eskolara joatea ontsa da; beste batzuentzat, berriz, egungo sistema da egokia.

Goiz honetan atera naiz itzuli bat egitera. Saltoki guztiak berriz ireki dira, ostatuak aparte, eta jende gehiago bada karriketan. Nik ikasten segitzen dut, baina lagun batzuek elkar ikusi dute jada. Hasi dira ateratzen. Ni partzialak bukatu eta gero hasiko naiz eurekin elkartzen. Gaur, amaren etxera sartuko naiz. Ene anaiak badu ortodentistarekin hitzordua Miarritzen, eta, beraz, pasatzean, amak hartuko nau. Badut gogoa etxekoekin egoteko. Heldu den astean berriz Baionarat itzuliko naiz, astelehen eta asteartean azterketak baititut.

«Harritutaeta zertxobait suminduta bukatu nuen atzo lanaldia»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Atzoko laneguna Andoni lankideari Ategorrietan busa utziz amaitu nuen. Ia agurtu ere egin gabe galdetu nion lehen gauza «konfinamenduak jarraitzen du, ezta?!» erretoriko bat izan zen, goiz osoan 650 bidaiari eraman bainituen, Antzinako Normaltasuneko edozein egun arruntean bezainbeste. Harrituta eta zertxobait suminduta bukatu nuen, datua analizatzean.

Garraio publikoko edozein gidariren moduan, badakit jendea eramateko nabilela autobus bat gidatzen. Esaldi totemiko hori sarri erabiltzen dut, udan batez ere, jende mordoa eramateaz nekatuta dagoen edozein lankide kexaka entzuten dudanero. Baina, aldi berean, iruditzen zait garraio publikoa ez dagoela asteotan bere onenean; eta oraindik ere adin nahiz zeregin ezberdinetarako ordutegi zehatzak eta mugatuak badaude, konfinamendua bukatu ez den seinale dela.

Zintzoki, uste dut jendarteak ez duela azken baieztapen hori asimilatu; eta ez beraien erruz, agintariengatik baizik. Arau eta salbuespenen oihanean sartu gaituzte, gure funtsezko egoera orokorra zein den aipatzeari utziz. Itxialdiak oraindik ere badaukan garrantziaz ohartaraziko gaituen lehen agintariaren zain geratuko naiz kobazuloan.

«Gerrialdea sastaka dut; gorputzera jaitsi zait egunotako tentsioa»

X.X. Etxeko zaintzailea

Lantokian, denak zeuden aztoratuta gaur. Haur guztiek zeukaten eskolako lanen bat, baita txikienak ere. Azken horrek ohi baino askoz denbora gehiago dauka orain gurasoekin egoteko; eta primeran ari da pasatzen.

Lantokian garbiketa asko —edo arropa lisaketa, edo armairu txukunketa, edo lixiba— egin behar izaten dudanetan, gerrialdeko mina hasten zait, eta halaxe nago gaur. Oinez luze ibiltzen banaiz, gainera, areagotu egiten zait mina; eta, ez dudanez metroz ibili nahi, oinez itzuli naiz gaur ere.

Lantokian ez dut ezer sentitu, baina etxera bueltatu, dutxatu eta bazkaldu berri nintzenean, gerrialdea sastaka hasi zait. Tentsio handiz bizitzen ari naiz lanera bueltako aste hau, eta tentsioaren zama gorputzera jaitsi zait, nonbait. Osteopata jator bat ezagutzen dut Bilbon; hilean behin joan ohi naiz harengana. Orain itxita eduki du, baina deitu egin behar diot, mina daukadalako.

Etxerako bidean, erdialdetik pasatu naiz gaur ere, eta jendea zegoen terrazetan. Udaltzainak ere bai, kale kantoi zenbaitetan. Jendea etxetik irteten hasi zenetik, ezin dut ahaztu batzuek Poliziari deitu ziotela itxialdi zorrotz garaian, kalean ikusitako migranteak uxatzeko helburuz. Non ote dira orain zelatari horiek? Terrazetan, akaso?
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.