Errusiak behin-behineko base militar bat eraiki du Ukrainako mugatik gertu

Martxo amaieratik zortzi militar ukrainar hil dituzte mugan; 24, urte hasieratik. Donbass eskualdean izan da Ukrainako presidentea

Ukrainako presidentea mugan dauden soldaduekin, atzo. EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Errusiak esan du Donbasseko gatazkan esku hartzeko asmorik ez duela, baina «egoeraren araberako neurriak» hartzeko aukera erabat baztertu gabe. Ez du zehaztu neurriok zer-nolakoak liratekeen, ordea, ez eta ere egoerak zenbateraino okerragotu beharko lukeen Moskuk milizia errusiazaleei laguntzeko urratsa egiteko. Baina sare sozialetan zabaldu dituzten irudi eta bideoek pentsarazten dute Vladimir Putinen gobernua hasia dela badaezpadako pausoak ematen. Izan ere, lekukoen arabera, Donbass eskualdetik 170 kilometrora behin-behineko base militar bat eraiki du. Informazio horien arabera, morteroak ere Ukrainarekiko muga aldera eramaten ariko litzateke Errusiako armada.

Martxo amaieratik tentsioa handituz joan da Errusiaren eta Ukrainaren artean. Bi estatuek Donbass inguruetan tropak hedatzea egotzi diote elkarri, eta Ukrainako militarren eta milizien arteko borroketan gutxienez zortzi soldadu hil dira orduz geroztik —24 urtea hasi zenetik—, azkena ostegun goizaldean bertan, tiroz.Egoera horretan, ezusteko bisita egin zuen atzo Volodimir Zelenski presidenteak. Gerra frontera egindako bidaian Zelenskik berretsi zuen NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzea dela gatazka amaitzeko «irtenbide bakarra». Errusiak, baina, ohartarazi zion halakorik egiteak egoera okerragotuko zuela.

Putin, berriz, Alemaniako kantziler Angela Merkelekin jarri zen harremanetan. Moskuk zabaldu zuenez, «kezka» agertu zion Merkelek tentsioa handitu egin delako. Errusiako presidenteak, ordea, Kievi egotzi zion erantzukizun osoa, eta 2014an eta 2015ean sinatutako Minskeko Akordioekiko konpromisoa berretsi zuen. Hitzarmen haietan su-eten bat adostu zuten bi aldeek, baina, hala ere, erasoak etengabeak izan dira, eta bi aldeek ituna urratzea egotzi diote elkarri.

Testuingurua okerrera egiten ari dela ikusita, Kieven izan zen atzo Poloniako Atzerri ministro Zbigniew Rau. Hark Ukrainaren jarrera defendatu zuen, eta ohartarazi herrialdeak «bere burua defendatzeko eskubidea» duela, gatazka okertu izanaren erantzukizuna milizia errusiazaleei egotziz. Baina bileraren helburu bakarra ez zen izan Donbasseko egoeraz hitz egitea. Mahai gainean izan zituzten gaien artean egon zen Ukraina EBn sartzeko prozesua ere.

Etengabeko urraketak

Su-etena gainbegiratzeaz arduratzen den ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearen misio bereziak jasotako datuen arabera, apirilaren hasieratik 1.500 eraso egin dituzte Lugansken eta Donetsken. Kievek Errusia egin du gertatzen ari den guztiaren erantzule, etaESLAra jo du laguntza eske. Herenegun egin zuten bilera alde guztiek, baina aurrerapausorik gabe amaitu zen. Soilik Moskuko ordezkaritzak egin zuen agerraldia, eta adierazi ez duela zertan azalpenik eman bere mugen barruan egiten dituen mugimendu militarren inguruan.

Errusiako presidentetzarako eledun Dmitri Kozakek, berriz, oharra helarazi zion Ukrainako Gobernuari, esanez «beste Srebrenica bat» egiten badute Donbass eskualdean «lagundu beste aukerarik» ez dutela izango: «Ukrainak ekintza militarrak hasten baditu, haren amaiera izango da». Aldi berean, garrantzia kendu zien AEBetako presidente Joe Bidenen azken egunetako adierazpenei —Bidenek iragarri du Errusiak erasora jotzen badu, Ukrainaren alde egingo dutela—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.