Merkelek Europari, Europak Merkeli

Alemaniako kantzilerrak Europako Batasun osorako migrazio itun bat eskatu du Europar Kontseiluaren bilkuraren lehen egunean. Italiak eta ekialdeko estatuek migratzaileen harrera murrizteko konpromiso bat nahi dute

Angela Merkel, Europar Kontseiluaren goi bilerara iristen. NICOLAS LAMBERT / EFE.
mikel rodriguez
2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Argi gelditu zen atzo zein herrialde den EB Europako Batasunaren erdigune eta erreferentzia, eta zein lider den protagonista nagusia. EBko 28 estatuetako agintari gorenak Bruselan elkartu ziren Europar Kontseiluaren urteroko goi bileran. Gai zerrendan hiru nabarmendu dira: brexit-a, eurogunearen erreforma eta, guztien gainetik, migrazio politika. Eta, azken horrekin, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak bereganatu du guztien arreta, hark zer erranen, zer proposatuko, zer eginen eta hari nola eragin zain baitaude EBko gainerako ia lider denak. Bruselara abiatu aitzinetik, Merkelek atzo goizean Alemaniako Parlamentuan adierazi zuen zein helburu nagusi duen: EB osorako akordio bat egitea. «Europak hainbat erronkari egin behar die aurre, baina migrazioarena hil edo bizikoa bihur liteke EBrentzat». Gaur eguerdian bukatuko dute goi bilera.

Urte hasieran espero zen brexit-aren goi bilera izanen zela aurtengoa, baina, Matteo Salvini Italiako Barne ministroak hilabete hasieran Aquarius ontziari sarrera debekatu ondoren, migrazio politikaren goi bilera bihurtu da. Mediterraneoa gurutzatuz Europara ailegatu nahi duten migratzaile gehien Italiak jasotzen du, eta hori eragotzi nahi du herrialde horretako gobernuak. «Italiak ez ditu ahozko adierazpenak behar, ekintza zehatzak baizik», adierazi zuen atzo giuseppe Conte lehen ministroak.

Kontseiluaren erabakiek estatu guztien babesa behar dute, eta, atzo, Contek erabaki guztiak blokeatu zituen. Kontseiluko iturrien arabera, migrazio politikan Italiako Gobernua asebeteko duen konpromiso bat lortu arte blokeoari eusteko asmoa zuen.

Prentsaurrekorik ez

Jarrera horren ondorioz, Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak eta Jean-Claude Juncker Europako Batzordekoak arratsaldean ematekoa zuten prentsaurrekoa bertan behera utzi behar izan zuten. Programaren arabera, afalorduan eztabaidatzekoak ziren gai hori, eta azken adierazpenaren berri gaur emanen dute.

Hala ere, Merkelen buruhauste bakarrak ez daude EBn. Etxean, CSU gobernuko kideak etzi arteko epea eman dio EBren konpromiso bat lortzeko migrazioaren aurkako neurri gogorragoekin. CSU asebete ezean, kolokan egon liteke Merkelen agintea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.