Koronabirusa

TERMOMETROA (X)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuola (Gipuzkoa), Iruñea, Baiona, Donostia eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordertzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun

«Betiko lanera behartuta, umeak ere ez ote daude estututa?»

Josebe Blanco Baserritarra

Gure umeek elurretan egin dute jolas gaur. «Esaiezu kalean dauden umeei leihotik ikusten ari diren elurrak piztutako jolaserako irrikari eusteko eta segitzeko lanean etxetik irten gabe», pentsatu dut. Beren buruari eutsi, horixe ari baitira egiten umeak. Helduok kexa eta kexa etxean egon behar dugula-eta, eta haurrak hortxe, beren bizimodua inork baino murriztuago, lanean betiko martxan segitzera behartuta. Umeak ere ez ote daude estututa? Ez gara ari asko pentsatzen eurengan.

Joxi Imaz entzun dut irratian; hezkuntzaren soziologian aditua da. Esan duenez, hau luzerako doa, eta curriculumari eustea eta ez da batere bideragarria ikasleak eta irakasleak egoera honetan edukitzea. Aurrekoan neuk esan nien gure umeei, DBH1 berriz ere egin beharko balute ere, ez zela ezer gertatuko. Hainbeste aipatzen den ikasturte galera-ren kontzeptua oso okerra iruditzen zait. Ez al dute umeek orain gehiago ikasiko gurekin, beste zeregin eta hartu-eman klase batzuetan? Ume askok behar du etxean inplikatu, harrikoa eginez, euren logela jasoz, bazkariaz arduratuz eta halakoak eginez. Horretarako aukera izan daiteke hau. Sistema ez erortzearren, baina, pertsonak estutzen ari gara, eta, bueltan-bueltan, umeak dira sistema honen azken domino fitxa.

«Hain jende gutxi etorri da larrialdietara; zirkuitu berria ez dute ireki»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Egun ona izan da gaurkoa. Asteburuko atsedenaldiaren ostean, goizetik egin dut —lan txanda aldatu egin didatelako— eta beste aldarte batekin atera naiz ospitaletik. Aste bukaeran zirkuitu berri bat ireki dute sotoan, COVID-19aren kasu arinetarako, eta abuztuaren 30era arte luzatu didate kontratua niri, sail berri horretan lan egiteko; hain jende gutxi etorri da larrialdietara nire txandan, ez dute ireki ere egin. Aste bukaeran ere, esan didatenez, oso jende gutxi ibili da hor.

Laburbilduz: ni eta beste hiru lankide larrialdi arrunten zirkuituan aritu gara, eta nahiko ondo, paziente askorik gabe. Ezuste bat izan da, ostiralean lana nahikotxo egin genuelako. Ez dakit horrek zer esan nahi duen izurritearen bilakaeran, baina, gaurkoz behintzat, primeran. Notizia onak dira. Gure artean nabaria zen poz txikia.

Azken egunotan jende askorik ez etortzeak ez du esan nahi, hala ere, jendea ospitaleratzeko arazorik ez daukagunik: ia ohe guztiak beteta daude; hotel bat ere egokitu behar izan dute, gaixoak hara eramateko. Zainketa intentsiboetako unitatea ere, goraino dago.

Gainontzean, asintomatiko segitzen dugu erizain den-denek. Hainbat mediku, aldiz, berrogeialdian dago.

«Fisikoki ongi gara, baina psikologikoki akitzen hasia naiz»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Albiste batzuk baditugu inguruotan. Baionako erizain bati galdegin diote joateko bere etxetik. Uf... Jendeak beldurtzen hasiak dira, behar baino gehiago; eri kopurua ez da jausten, eta segitzen du igotzen. Hil kopuru ofiziala ez da berez hain handia, eri guztien kopuruarekin alderatuta, baina ez da erraza jakitea zenbat diren benetako zenbakiak. Batzuk eri dira, eta ez dute sintomarik, eta horiek ez dira zenbatuak. Bada herrialderen bat proba biztanle den-denei egiten ari zaiena, baina hemen, aldiz, batere.

Kaskotik kendu ezinean nabil honek luzera joko duela segurki. Txina aldean hiru hilabete egin dituzte erabat konfinaturik, eritasuna zinez bukatzeko. Hemen ere, hiru hilabetera arribatuko garela ari naiz pentsatzen, eta luze egingo zaidala. Beldurra ematen du, pixka bat. Biziki akigarria atzematen dut deusen egitea. Fisikoki ongi gara, baina psikologikoki akitzen hasia naiz. Egunerokotasun arraro batean sartuak gara. Guk, gainera, ordutegiak arrunt aldatuak ditugu: berant iratzarriz, berantago jaten dugu, berantago lokartzen gara. Iratzartzea ere, jakinez ez duzula deus eginen egunean zehar... Guk oraindik xantza dugu oren batez etxetik hurbil ateratzeko, eta horrek on egiten du, baina gero eta pisuagoa egiten da errutina hau.

«Malutek etxean harrapatu naute, eta lankideekin akordatu naiz kobazulotik»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Astea hotz hasi dugu, eta, horrekin batera, elurra kostaldera ere iritsi zaigu. Aurten, etxean harrapatu naute malutek, baina, hala ere, lankideekin gogoratu naiz nire kobazulotik. Bada bereziki urduritzen nauen gauza bat, izan ere: elurra egiten duenetan hamabi tonako eta jendez betetako ibilgailutzar bat gidatu behar izatea. Donostiak auzo aldapatsu mordoa daukalako; Parte Zaharretik, Amara Berri eta Loiolatik barna, Martutenera doan ibilbidea izan ezik, ia gainontzeko guztiak.

Egoerarik latzenetakoa, lurra lehor egotetik elurtza hasten denekora bitartekoa izan ohi da; autobus guztiak kalean daudela, etenik ezean, aurrera jo ezin duteneko momentua iritsiko baita. Batzuk Bulebarrean harrapatuko ditu asfalto elurtuak; beste batzuk, akaso, kotxetegietara heltzen; baina beste batzuk Apaiztegian, Larratxon, Igeldon edota Altzako Darietako pendiz izugarrian gora.

Noiz eta nola jakin dezake autobus gidari batek bere jarduna eteteko unea iritsia dela? Inguruan paretaren bat jo duen busa ikusi ostean? Autobusaren kontrola galdu eta espaloira gerturatu ezin denean? Ez dira ez une gozoak izaten... Egunotan, behintzat, busak ez dira jendez lepo ibiliko.

«Gustura asko begiratuko nieke oraintxe nire argazki zaharrei»

X.X. Etxeko zaintzailea

Lagun batek mezua bidali dit enkargutara zihoala esateko. Supermerkatu atarian egin dugu hitzordua, hark gurditxo bat baduelako horretarako eta nik fruta behar nuelako; bueno, laguna ikusteko gogoz nengoelako ere bai. Lagun horrek lanean segitzen du, eta hor ikusi dugu elkar, metroko aho zulotik irten orduko. Zoratu beharrean hasi gara elkar agurtzen, urrutitik. Ez gara besarkatu. Ondo xelebrea da egoera. Supermerkatuan, jendea erosi eta erosi ari zen. Nire fruta poltsarekin itzuli naiz etxera, indartuta.

Gelara sartzean, gure bizitzako osagarri garrantzitsuetaz akordatzeko garaia dela pentsatu dut; argazki zahar bat nahikoa izan daitekeela horretarako. Nik ez daukat albumik; dauzkadan argazki bakarrak birtualak dira, mugikorrean gordetzen ditut. Pasaportea besterik ez nuen hartu honantz abiatzean, eta gustura asko begiratuko nieke oraintxe bertan nire argazki zaharrei. Hau ez da ez dauzkagun gauzekin penatzeko tenorea, baina. Aulkia, komoda txikia, armairua eta izugarri maite dudan landare bat —seme-alabek hemengo lagunen bitartez oparitutakoa— besterik ez daukat logela honetan. Sabai puska honengatik ez balitz, baina, zubipe batean nengoke, eta eguna bizirik eta geure gorputza sentituz argitzea besterik ez dugu eskertzen.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.