Turkiak Andrew Brunson artzain ebanjeliko estatubatuarra askatu du

Bi urte igaro ditu kartzelan. Haren abokatuak iradoki du Ankararen eta Washingtonen arteko akordio baten ondorio dela erabakia
Andrew Brunson erdian, atzo auzitegira iristen.
Andrew Brunson erdian, atzo auzitegira iristen. TAYLAN YILDIRIM / EFE

Igor Susaeta -

2018ko urriak 13
Orain dela aste batzuk arte, Turkiako Fiskaltzak eskatzen zuen Andrew Brunson artzain ebanjeliko estatubatuarrari 35 urteko kartzela zigorra ezartzea. Espioitza lanak egitea leporatzen zion, PKK Kurdistango Langileen Alderdiarentzat —«talde terroristen» zerrendan du Turkiak— eta Fethulla Gulen lider islamistarentzat, Recep Tayyip Erdogan presidentearen etsaiarentzat. Horrek AEBen eta Turkiaren arteko harreman diplomatikoak gaiztotu zituen. Azkenean, baina, egotzitako karguak apaldu zituen fiskaltzak atzoko auzi saioan, eta Izmir hiriko auzitegi batek hiru urteko kondena jarri dio Brunsoni, «lotura terroristengatik». Halere, eta kontuan hartuta 2016ko urritik behin-behineko espetxealdian zegoela —osasun arazoak direla eta, etxeko atxiloaldian zegoen uztailetik—, helegiteez ebatzi arte aske uztea erabaki du. Iturri ofizialek Reuters berri agentziari adierazi ziotenez, AEBetako armadak plan bat du Brunson AEBetara bueltan eramateko. Ipar Carolinakoa da izatez, baina hogei urte pasa daramatza Turkian.

Epaiaren berri eduki eta segituan, Brunsonen abokatuetako batek iradoki zuen Ankararen eta Washingtonen arteko akordio baten ondorio dela erabakia: «Eskerrak eman nahi dizkiegu presidenteari [Donald Trump], Kongresuko kideei, eta lider diplomatikoei, Brunsonen askatasuna bermatzeko Turkia estutzen jarraitzeagatik». Trump AEBetako presidenteak pozarren hartu zuen albistea, eta Twitterren idatzi zuen artzaina «etxean» ikusi nahi duela.

Aste honetako zurrumurruen arabera, AEBek eta Turkiak adostua zuten Brunson askatzea. Herenegun bertan auziaz hitz egin zuen Erdoganek hedabideen aurrean, eta haren hitzetatik ondorioztatu zitekeen erabakia hartua zegoela. «Turkia zuzenbide estatu bat denez, ezin dut justiziaren jardunean esku hartu. Auzitegiak esandakoa obeditu beharko dut».

Egoera, ordea, oso bestelakoa zen duela bi hilabete pasa. Trumpek Turkiako Justizia eta Barne ministroen kontra egin zuen, eta zigorrak ezarri zizkien, adieraziz haiek zirela Brunson kartzelatzearen erantzuleak. Pare bat egun geroago iritsi zen Ankararen kontraerasoa. Erdoganek izoztu egin zituen AEBetako Justizia eta Barne departamentuetako buruek Turkian zituzten aktiboak. Horrek inoiz ez bezalako krisi politikoa hauspotu zuen II. Mundu Gerraz geroztik aliatuak izan diren bi herrialderen artean. Merkataritza gerra bat ere piztu zuen, eta Turkiako liraren suspertzea errotik eten.

Lekukoen jarrera

Brunsonen kontrako epaiketan parte hartu duten lekukoek espioi bat izatea leporatu izan diote beti. Atzoko auzi saioan, baina, esandakoak ukatu zituzten; edo, bestela, kontraesanetan korapilatu ziren. Beraz, fiskalak iritzia aldatu zuen. 2016ko uztailean Erdoganen kontra egindako estatu kolpe saiakeraren ondorengo errepresio giroan atxilotu zuten artzaina.

Erdoganentzat, Gulen predikatzailea da kolpe haren ideologoa. Gulen AEBetan dago, eta Ankarak egina dauka haren estradizio eskaera. Turkiako presidenteak noizbait iradoki izan du Brunson askatuko zutela, AEBek Gulen estraditatuz gero. Lehena gertatu da; bigarrena ez, ordea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna