Koronabirusa

TERMOMETROA (44)

Koronabirusaren aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
«'Baserria versus kalea' dikotomia apurtu egiten da pertsonek topo egitean»

Josebe Blanco Baserritarra

San Isidro eguna jaieguna da Antzuolan, eta, azken urteotan, egun horri lotuta, aukera eman da herriko baserrietara bisita egiteko. Aurten ere bai. Lau lagunek eman zuten izena gure etxera etortzeko, eta igande goizean etorri ziren. Oso polita izan zen. Halako bisitetan konturatzen zara jendeak zalantza asko duela. Baserria versus kalea dikotomia apurtu egiten da pertsonek topo egiten dutenean, beste muga bat apurtzen da, eta hori interesatzen zait bereziki.

Kaletarrek baserria oso urrun bizi dute, nahiz eta egunean hiru aldiz jan. Norberaren elikaduraren ardura hartzea garrantzitsua iruditzen zait, jaten duzunaren gaineko irizpidea izatea. Alde horretatik, kezkatzen nau baserriko lanen ezagutza eskuratzeari azken urteotan eman zaion aisialdi kutsuak, turismoarekin lotu izanak. Ez dut sentitzen nire funtzioa hori denik, gure herrikideei normalean jaten dutena nola egiten den erakustea baizik, pedagogia hori egitea. Gure betebeharra ere bada gure herrikideei erakustea zer eta nola egiten dugun lan, beren zergei esker bideratutako nekazaritzako diru-laguntzak direla medio, besteak beste. Diru publikoa nola erabiltzen den erakustea ere oso garrantzitsua iruditzen zait. Ez nuke perspektiba hori galdu nahi.

«Hau guztia bukatu izan balitz bezala daukagu burua denok»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Gurasoei bisita egin nien, azkenean, larunbatean. Goizeko txandan lan egin —oso-oso lasai ibili ginen larrialdietan—, eta haien etxera joan nintzen bazkaltzera. Uste nuen ez nuela haien falta sumatzen, baina, egia esan, bai. Gustura egon nintzen haiekin egin nituen hiruzpalau orduetan, eta halaxe esan nien. Ongi daude. Ama bereziki pozik zegoen, eta galdezka aritu zitzaizkidan biak, ea nola joan zaidan itxialdia. Orrialde hau egunero irakurri dute, esan zidatenez, baina hemen aipatu gabeko batzuk ere aipatu nizkien.

Lagunekin ere geratu nintzen larunbatean. Alde zaharrera joan ginen, eta jende piloa zegoen kalean, bankuetan-eta eserita. Polizia pasatzen zen, baina ez zuen inor gelditzen. Ez dakit espejismoa ote zen, ilusio hutsa; ondo sentitu nintzen. Hain nahasiak, hain interpretatiboak dira ezarri dituzten legeak, norberaren esku geratu baita zentzuzkoena zer den erabakitzea. Lanera, pasierara, tabernara joan gaitezke, eta uste dut hau guztia bukatu izan balitz bezala daukagula burua denok; egunotan hitz egin dudan denek gauza bera esan didate. Neuk ere sentitzen dut neure burua konbentzitu dudala horretaz, nahiz eta egia ez izan; arazoa oraindik hor baitago.

«Hondartzarat bihar joanen naiz, azterketa guztiak amaituta»

Aña Iriart Unibertsitateko ikaslea

Larunbatetik igandera arte, banuen prestaketa bilkura udako lanarentzat, Zuberoan, eta bikain pasatu da. Lan anitz genuen lankide izango garen laurok; egin dugu, eta gustura egon gara oso.

Igande arratsetik Baionan naiz. Amarenetik joatean, besoetan hartu nituen anai-arrebak; aitatxi eta amatxi, aski urrundik agurtu. Aste bukaeran berriz joanen naiz haiengana.

Atzo goizean herri literaturari buruzko azterketa ukan dut, eta arratsaldean frantses gramatikari buruzkoa. Bikain pasatu dira horiek ere. Herri literaturakoan, pastoralari eta maskaradari buruz galdetu zigun. Palan jostatzera joan nintzen gero, arratsaldean, pisukidearekin batera. Hirugarren lagun batekin genuen hitzordua. Maite dugu palan aritzea: lagunartean usu jokatzen ditugu partidak.

Ez dut albisterik so egin egunotan, jende artean eman ditut orduak. Denok elkartuko garen eguna antolatu nahian gaude lagunak. Ez dugu datarik ezarri oraino; gehienek badituzte partzialak egiteko. Horiek egin eta gero beharko du.

Gaur dut azken partziala nik, goizeko hamkarretatik hamabiak arte. Linguistika. Ontsa pasatuko da, ene ustez.

Bihar joanen naiz hondartzarat, azterketa guztiak amaituta.

«Maskaren aroa hemen da, eta orain arte oso gutxitan erabili izan ditut»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Badirudi, maskarei dagokienez, aro berri batean sartzear gaudela; zurrumurru eta ebidentzia guztiek diotenez,ezinbestekoak izango dira, gomendagarri izateari utzita.

Gauza bera gertatu zen duela hamarkada batzuk kamisetekin, eta enpresa handiek (hainbat futbol talde barne, jakina!) ez dute pasatzen utzi euren maskara propioak plazaratzeko aukera. Ikusi dudan azken albisteak zertxobait gehiago harritu nau: maskara gardenak ere aterako omen dituzte, gorrek informazio galerarik ukan ez dezaten eta besteok ere komunikazio ez ahozkoa balia dezagun.

Maskak, egia osoa esate aldera, ez zaizkit oso lagungarri lanerako. Aspaldi ikusi ahal izan nuen bus gidari izateak dakartzan ondorioetako bat: gorputz adierazpenean deklaratu gabeko master bat erdiesten duzu. Imintzio txikienik ere egiten ez duen eta autobusera igotzeko asmoa duen geltokiko pertsona inkominukatiboak alde batera utzita, gidariok badakigu nor igoko den: txartela begiratzen duena, pausu bat aurrera egiten duena, bekainak altxatzen dituena, ordularia begiratzen duena...

Maskaren aroa hemen da, beraz. Orain arte oso gutxitan erabili izan ditut. Ohituko gara.

«Lagun bat martxoaren 8tik dago lantoki duen etxetik irten ezinda»

X.X. Etxeko zaintzailea

Herrikide bat erabat konfinatua dago hau guztia hasi zenetik, udalerri txiki batean, mendi aldeko etxe bakandu batean. Emakume oso adindu bat zaintzen du. Legez, bi ordu dagozkio egunero zaindari egoiliarra izateagatik, baina berak batu egiten ditu orduok asteazken erdia eta asteburua —larunbatetik igandeko 21:00ak arte— libratu ahal izateko. Logela bat errentan hartuta dauka Bilbon, eta bertan egiten ditu asteburuak.

Kontuak egiten aritu gara, eta martxoaren 8tik dago lantoki duen etxetik irten ezinda. 60tik gora egun dira horiek: erraz esaten da. Bilbora joan nahi zuen joan den asteburuan, baina nagusiak esan zion ezin zuela, ez dagoelako Bilbon erroldatuta, lantokia daukan udalerri txikian baizik. Eta udalerria ez dagoenez Bilboren ondoan, izorrai. Ez da etxetik atera ezertarako.

Nire laguna umila eta otzana da oso; nagusiak ezin duela esaten badio, hura ez da irtengo. Nagusiari jaramonik ez egiteko errepikatzen diot nik, denok gauden baino askoz gehiago esklabizatzen utzi diola berak. Alferrik. Beltzarana da, eta zuritu egin dela esan dit, ez irtetearen ondorioz. Ez zen txantxetan ari. Denetarik gertatu zaio gajoari. Oso gaizki dago. Asteazken honetan behingoz irtetea lortuko ahal du!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.