Koronabirusa

TERMOMETROA (XXIX)

Koronabirusaren aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
«Akordatzen naiz zuekin, baina aldenduta sentitzen naiz zuen mundutik»

Josebe BlancoBaserritarra

Guri berdin digu astelehena ala igandea izan. Urtarrilean erditze garaiarekin hasten gara; otsailean gazta egiten; eta, ordutik, gure egunerokoa da: ardiak mendira eraman eta ekarri, egunean bitan jetzi, egunero gazta ganberan aritu, bi egunean behin gazta egin... Baserriko erritmoak ez dira kalekoak. Alde horretatik, pixka bat aldenduta sentitzen naiz zuen mundutik, nahiz eta hor bizi zareten denekin akordatzen naizen.

Asko poztu nintzen igandean, esaterako, kaleko pisuetan bizi diren haurrek haizea aurpegian sentitu ahal izan zutela pentsatzen. Zenbat aldatuko den zuen egunerokoa ordubete horrekin... Gurea batere ez. Denbora honetan guztian gure umeak kanpoan ibili dira, ardiak mendira eramaten-eta. Eta maiatzaren 2an kirola egitera atera zaitezketela jakiteak pozten nau, baina niri ez dit ezertan eragiten. Azokak ixten dituztela nik zuei esatea bezala da: zuetako askori bost. Mundu paraleloetan bizi garela sentitzen dut batzuetan, eta argi dago hemen neurriak orokorrean kalera begira hartzen direla. Eta kezkatzen nau «zintzoak bagara» irteten uzteko saria emango digutela entzuteak. Irudipena dut geure burua umetzen dugula; ardura, zilegitasuna eta heldutasuna kentzen dizkiogula. Eta sintomatikoa da jendea arduragabe jokatzen ikustea.

«Ez dakigu larrialdietako zirkuituak berriz antolatu behar ote diren»

Markel FloresLarrialdietako erizaina

Asteburuan, larunbatean egin nuen lan gehien. Arnasketakoak ez ziren arazoak tratatzeko zirkuituan aritu nintzen, eta atentzioa eman zidan zenbat jende etorri zitzaigun tripako minez. Adineko jende asko, etxean gehiegi eutsi ostean etorri, eta, azkenean, ospitaleratu egin behar izan ditugunak, heste sobre arazoekin eta.

Joan den aste hasieratik lanera itzulitakoek kutsatzeak areagotuko dituzten ala ez ikusi beharko genuke laster. Langile kopuruari dagokionez, errefortzu asko izan ditugu lantokian azken asteotan, eta, orain, kendu egin dizkigutenez, gutxiago gara berriz. Koronabirusak eragin ez dituzten gaitzek jotako jendea ugaltzen ari zaigu, eta ez dakigu zirkuituak berriz antolatu beharko ote ditugun, nola moldatuko garen.

Larunbatean kirolariak aterako omen dira. Ni ez naiz kirolari izan sekula, eta ez dut uste ordu hori baliatuko dudanik. Lanerako joan-etorriak bizikletaz egiten ditut egunero, eta lantokian harantz eta honantz 10 bat kilometro egingo ditut. Horiek denak esanda, gaur kirola egingo dut etxean. Bi lagun ditut gorputz heziketa ikasi dutenak, eta, bideo dei bidez, haiek prestatutako ariketa taula egingo dugu elkarrekin.

«Lagun arteko distantzia fisikoa gero eta nabariagoa da itxialdian»

Aña IriartUnibertsitate ikaslea

Asteburuan, lagun batzuekin gurutzatu gara kalean. Gure artean ez dugu usaia hori, potta ematearena egun on errateko, baina distantzia fisikoa gero eta nabariagoa da. Usu, ateratzen garelarik, ikusten ditugu jende batzuk elkartzen direnak kanpoan mintzatzeko, distantzia arauak hain zorrotz ez betez. Ulergarria ere bada.

Frantziako lehen ministroa, Edouard Philippe, hitz egitekoa da gaur. Badut ikusteko gogoa, argiago hitz egingo duenez ala ohiko diskurtso lainoa atxikiko duenez. Maiatzaren 11rako herritar guztiei maskarak helaraziko dizkietela ere errepikatuko du, normalki. Baionan ere oihalezko maskarak doan banatu behar omen dituzte, hala jakinarazi du Etxegarai auzapezak. Etxe ondoan dudan tabako dendan ere eskura daitezke oihalezko maskarak, baina hor saldu egiten dituzte.

Gero eta bideo gehiago badira, non ikusten den Polizia bortizkerien egiten jendeen kontra; eta jendea karrikarat atera da protesta egitera, bazter auzoetan-eta batez ere. Bideo bat ikusi nuen atzo goizean, erraterako, non gizon batek bere burua Sena ibaira jaurtitzen zuen, Poliziari eskapatzeko. Ikusten da Polizia gizon horretaz trufatzen, irri karkailaka; eta, uretatik ateratzen delarik, jotzen. Gizon horren delitua zen konfinamendu garaian kalean egotea.

«Maiatzaren Leheneko mobilizazio jendetsurik ez da izango»

Urko RodriguezAutobus gidaria

Berebiziko aste batean sartu gara. Hasteko, Lan Osasun eta Segurtasunaren nazioarteko eguna da gaur. Nazioarteko Lan Erakundeak zergatik hautatu ote zuen ez dakidan arren, gaurko eguna iragartzen zuen txio bat irakurri bezain azkar etorri zitzaizkidan gogora ospitaleetako zeladoreak. Ez omen dituzte kutsatzeko arrisku taldeetan sartu ere egin, gaixoekin zuzeneko tratua duten arren. Gustura irakurriko nituzke erabaki horren argudioak.

Ostiralean Maiatzaren Lehena dugu. Tira, egun horren jatorria ezaguna zait behintzat: XIX. mende bukaerako Chicagoko mobilizazioen eta martirien omenez ospatzen dugu, oraindik ere. Eta mobilizazio jendetsurik ez da egongo aurten; langileon atomizazioa erdietsirik, hain kinka larrian ei dagoen sistema ekonomiko honek badu pozik egoteko arrazoirik. Koma induzitua ekidin du, gainera, eta ez dirudi azkenetan dagoenik.

«Ez ezazue leihotik so egin, esan ziguten/ leihoak gilotinak dira/ leiho hertsirekietatik, leiho betubelduetatik/ kanpora begiratuz gero/ burua gal dezakezue:/ botoia sakatu eta begira egizue telebista / begi erakuslea [...]», zioen Sarrik. Arriskatu beharko, zeladoreen moduan.

«'Aurrena ni eta gero ere ni' lelo bakar daukan jendea beti dag»

X.X.Etxeko zaintzailea

Bilobarekin hizketan aritu nintzen aurrekoan. Kalera ezin da irten, berrogeialdiagatik, eta, alabak etxetik enkarguetara irten behar duenean, konektatu eta umearekin hitz egiten dut, alaba bueltatu arte. Hala, konpainia egiten diot, gure artean milaka kilometro egon arren. Asteak dira biloba etxean itxita dagoela.

Hemengo nire adiskiderik maiteena igandean irten zen kalera, alaba txikiarekin. Esan zidanez, dena zen desberdin, tentsioa zen nagusi, eta, aldi berean, airea bera, koloreak eta argia, dena garbiago zegoen. Neronek ere entzun nituen haurrak kalean, parkerako bidean, eta hunkitu ninduen, baina hau ez da galerna bat, etorri bezala joan eta kito egingo duena. COVID-19a hemen dago, eta ez da puska batean joango. Horregatik da hain garrantzitsua geure buruak eta besteenak babestea. Eta zapatuan jendea kirola egitera irten ahalko omen da. Pozten nau, baina baita kezkatzen ere, aldi berean. Beti dagoelako dena kristal berarekin ikusten duen jendea; Aurrena ni eta gero ere ni lelo bakar daukana. Besteekiko errespeturik gabe ari gara; auzoari kontu eske geure burua zuritu bitartean. Horri guztiari baikortasunez erantzun nahi nioke, baina zail dago. Kaiola batean bizi gara denok, eta gero eta zoroago dago jendea. Ez nazatela neu ere zoratu.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.