Koronabirusa

TERMOMETROA (XXXVII)

Koronabirusaren aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
«Ez dakit politikariek ba ote dakiten haizeak nondik jotzen dien»

Josebe Blanco Baserritarra

Gero eta albistegi gutxiago entzuten dut, politikarien jardunak gogaitu egiten nauelako. Desafekzio erabatekoa sentitzen dut. Tristatzen nau orokorrean zein maila eskasa duten ikusteak. Eta nik ulertzen dut gauza oso konplikatua dela, ez dela batere erraza izango, baina ez dut sentitzen herriari begira ari direnik. Ez dakit haizeak nondik jotzen dien ba ote dakiten. Mundu paraleloetan bizi garela iruditzen zait, euren jarduna eta errealitatea ez datozela bat. Ez dut sentitzen informazioa jasotzen dudanik; propaganda besterik ez dut entzuten.

Bada kanta bat egungo politikagintza eta botere ekonomikoa poetikoki eta gordin deskribatzen duena: Luis Eduardo Auteren La Belleza. «Zenbat saldu, hainbat balio» eta beste gauza asko esaten ditu bertan. Amaieran, norberari begiratzeko aukera aldarrikatzen du, eta edertasuna azkenean topatu ahal izatea bestearen begiradan. Politikariek begietara ez digutela begiratzen iruditzen zait, ez dutela pertsonarik ikusten gure aurrean daudenean.

Denok sentitzen dugu inoiz muineraino heltzen zaizun edertasun patsadatsu eta benetako hori, eta nire esperantza da beste pertsona bat topatzea eta haren begietan edertasuna aurkitzea. Horrek ematen dio zentzua bizitzari, mundu guztiari.

«Proba azkarra egingo didate; berandu dator, akaso, baina bada zerbait»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Egunero ari naiz irteten kalera, pasieran, eta ez dut dronerik ikusi. Lehen ere erabili izan dute teknologia hori, baina pila bat ari omen dira haizatzen orain, jendearen mugimenduak kontrolatzeko; horren propaganda egiten ari dira, behintzat, batean eta bestean. Babes Zibila eta Foruzaingoa elkarlanean ari omen dira horretarako.

Dronerik ez, baina poliziak asko ikusten ari naiz. Uniformatuen presentzia ezberdina da auzoaren arabera. Hemen, Arrotxapean, pila ikusten ditugu; Alde Zaharrean ere asko izaten da; jakingo nuke gustura Gorraizen hala ibiltzen ote diren. Zelatatze selektiboa bizi dugu. Konfinamendua bere burua zilegiztatzeko —eta zuritzeko— darabil Poliziak.

Atzo ere pare bat ordu egin nituen eguzkitan, terrazan, lasai ederrean. Musika ekipoa egongelara eraman nuen gelatik, pisukideek ere musika jarri ahal dezaten. Egia esan, ezin naiz kexatu; eguraldi zoragarria ari da egiten atseden egunotan, lo ere gozo egiten ari naiz.

SMS bat bidali zidaten lantokitik: proba azkarra egingo didate gaur, 19:00etan, ospitalean. Egia da proba horrek negatibo faltsu asko ematen duela, akaso berandu datorrela, baina bada zerbait.

«Astelehena, deskonfinamendu eguna, berezia izanen da denontzat»

Aña Iriart Unibertsitateko ikaslea

Ama deitu dut atzo. Astelehenean berriz hasiko dira eskolan gehienak, ama lanean, senideak ikasten. Hor bada kalapita. Gobernuaren kontrako kexua etorriko dela pentsatzen dut; guraso zenbaitek ez du haurrik bidaliko eskolara. Astelehena, deskonfinamendu eguna, berezia izanen da denontzat. Nik oraindik baditut partzialak eta, beraz, barnean egonen naiz gehienbat. Ene ustez, lehen astean jendeak beldur ukanen du oraindik ateratzeko.

Kultur arloan lan egiten duten jendeak ere biziki kexu dira. Sortzaileak izan gabe zinema aretoetan, antzokietan, museoetan eta beste kultur guneetan lan egiten dute, eta presidenteak-eta ez dituzte aipatzen, ezta kultura laguntzeko planak aurkeztean ere.

Angeluko hilketaren ingurukoak entzun ditut bereziki azken orenetan, baina, eta nazkagarria atzematen dut. Emazteen hilketen albisteak aldiro badira Frantzia aldean-eta, hiri handietan batez ere, baina hain hurbil sentitzeak bereziki belztu dit barrua. Halakoen zenbatekoa jakitea bera ere ez da erraz. «Etxe barruko indarkeria» esaten diote. Matxismo arazoaren neurria lausotzeko modu bat da. Jakinekoa zen konfinamenduak halakoen ugaritzea ekartzen ahal zuela, baina horrek ez du leuntzen gertatutakoaren latza.

«Alderdi politiko eta instituzio gardenen antipodetan gaude»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Erakusleiho publikotik joateko modu asko egon daitekeen arren, bi ezberdinduko nituzke nik funtsean: bakoitza bere borondatez aldendu daiteke, batetik; edo ipurdian ostiko bat jasota bidalia izan daiteke, bestetik. Emaitza antzekoa den arren, biziki ezberdinak dira moduok, eta jendartearen eta kulturaren isla izatera hel litezke.

Castron daukan bigarren etxebizitzara joateko itxialdiari izkin egiten saiatu zenean, Sanchez Ibarluzea jaunak uko egin zion besteon aurrean larrialdietako zuzendari bezala erakutsi beharreko eredutasunari. Arriskatu egin zen, eta gaizki atera zitzaion. Handik ordu batzuetara, dimisioa eman zuela jakin genuen; bere kargua baitaratzen duten erakundeen aldetik gardentasuna eta zorroztasuna publikoki erakusteko aukera galdu zen. Ez al litzateke zintzoagoa, samuraiaren bideari jarraituz, Sanchez Ibarluzeak bere katana instituzioen esku uztea burua makurtzen zuen bitartean?

Zeelanda Berrian, adibidez, Jacinda Ardern lehen ministroak maila baxuena esleitu eta lanean jarraitzea agindu dio itxialdiari muzin egin zion Osasun ministroari. Alderdi politiko eta instituzio gardenen antipodetan gaude, eta ez soilik fisikoki.

«'Zure umeak nork zaintzen ditu?', galdetu dit zaintzen dudan txikiak»

X.X. Etxeko zaintzailea

Eguna mugitua joan da gaur lanean. Haurrak arratsaldero ateratzen hasi dira asteon, eta garbitzeko, jasotzeko eta lisatzeko gauza gehiago dago. Dena ondo joan da, hala ere. Haurretan zaharrenak bere logelan egiten du goiz osoa, eskolako lanetan, baina bi txikiak jolaserako gogoz zeuden. Esaten diet nik ezinezkoa dela oraingoz, koronabirusagatik; pena handia ematen dit.

Terraza garbitzea zegokidan gaur, eta txikiok ondoan izan ditut beti. Landareei ura ematen banien, haiek ere bai; armairu barrua txukuntzera joan naizenean, txukuntzen hasi dira nirekin batera. Urtebetetze festetako apaingarriak aurkitu ditugu han, poltsa batean, eta laster izango ditugun urtebetetze ospakizunak imajinatzen aritu gara. Ordubete joan zaigu lan horietan. Zoragarriak dira. Txikiena, batez ere. Galdetu ez dit, ba, gaur goizean, gosaria prestatzen ari nintzaionean, ea non dagoen nire ama! Zeruan dagoela erantzun diot, bere aititaren ondoan. Segidan, zenbat neba-arreba eta zenbat seme-alaba ditudan galdetu dit. Erantzun diodanean, bota dit: «Eta zure umeak, nork zaintzen ditu?». Ahoa bete hortz utzi nau.

Hemen bizi naizenetik, lehen aldia dut umeekin lan egiten, eta zoratzen nago. Berehala maitatu ditut, eta baita ni ere haiek.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.