Albistea entzun

LIBURU AURRERAPENA

Amek ez dute idazten

Sorkuntza esaten zaio artista baten lanaren emaitzari; sorkuntza da haur bat mundura ekartzean ama batek egiten duena ere. Sormenaren bi alderdi horiek eta bien arteko harremanak arakatu ditu Katixa Agirrek 'Amek ez dute idazten' (Elkar) nobelan.
JENNY SAVILLER

Berria -

2018ko urriak 20

Uda betean izan zen.

Ostegun arratsalde batez.

Egun hartan, umezainak Armentiako etxeko hesia igaro zuen infernuko ateak zabaltzen dituenak nola: masailak gorrituta eta gogoz bestera. Ohi zuenez, ostegun arratsaldeetako bere lau ordu libreak azkar, azkarregi agortu zitzaizkiola sentitzen zuen. Me?lanie zuen izena neskak, eta bederatzi hilabete zeramatzan Gasteizen, gaztelera ikasten eta bizitzan eman beharko zuen «hurrengo pausoa» zein izango zen erabaki nahian. Bizikleta atzealdean lotu, sandalietako lokatza nola edo hala gainetik kendu, eta tentuz sartu zen etxean. Ez zuen soinurik aditu eta diskrezioz begiratu zuen sukaldean, egongelan, etxekoandrearen estudio antzekoan. Burua egun hartan ezagututako mutil batengan zuen, Salburutik bizikleta ibilalditxo bat proposatu ziona. Ez zegoen gaizki baina.

Ez zuen oihukatu, ez zuen bere nagusiaren izena ahoskatu, kontuz ibili zen bikiak lo egongo zirelakoan —sakon-sakonean ezinezkotzat jotzen zuena, arratsaldeko ordu horietan, baina zergatik ez elikatu esperantza ahal zuen bitartean—, eta lo benetan arineko haurrak zirelako, berak ordurako ondo zekienez. Baina miraria gertatu izan balitz, eta umeak lotan baleude, akaso dutxa bat hartzeko parada izango zuen lanari ekin aurretik, hura igurikapen goxoa, hura. Lokatza zuen orkatiletan eta short urdinetan. Mutil ezagutu berriarekin belarretan etzan zenean ez zen lurraren hezetasunaz konturatu.

Sandaliak kenduta moketaz estalitako eskailerak hartu eta goiko pisura jo zuen. Han, azken eskailera-mailan, bibrazio txar bat sentitu zuen, gerora gertatukoagatik ez balitz, momentuan bertan ahaztuko zukeena ziurrenik. Ihes bulkada gisa deskribatuko luke berak: bere burua bizikleta gainean eta San Prudentzio hiribidean behera ikusi zuen, libre, atzera sekula berriro begiratu gabe. Ez zen lehenengo aldia antzeko bulkadarik sentitzen zuela etxe hartan bizi zenetik, baina oraingoan ere ez zuen men egin. Nola egingo zuen men. Horren ordez, pasilloan gora jarraitu zuen, bihotza taup-taup. Bere nagusien logelara heldu zen, atea zabalik zegoen. Arnasari eutsi zion. Lepoa luzatu eta bi fardel antzeko ikusi zituen gurasoen ohean, nordikoaren pean erdi ezkutatuta, burua bakarrik ikusgai. Bikiak ziren, biak ere begiak itxita. Alboan, besaulki batean, Alice Espanet ama ikusi zuen, kamisoi hutsean eta titi bat agerian. Ezkerrekoa.

Umezainak, Orle?anseko hogeita bi urteko au-pair ordura arte alai eta pinpirinak, ez zuen ezer esan, edo ez du gogoan. Gerturatu egin zen, hori bai, dardarka. Eta bost pauso horiek eman bitartean, hustu egin zitzaion burua. Ez zion amari begiratu, ezin izan zion begiratu. Hutsik sentitu zen, ezabatuta, lurrinduta, joanda, bere bizitza laburrean estreinako aldiz.

Apenas ukitu zituen fardeltxoak. Segundo erdi bat aski izan zen. Bikiak ez ziren mugitzen baina ez zeuden lo. Ezpainak more eta azala hotz. Biluzik biak ere. Izara oraindik bustita.

Orain ondo daude esan zuen amak orduan, tonu lasaiaz, baina Me?laniek jauzi egin zuen amaren ahotsa entzun orduko, ikaragarria iruditu baitzitzaion doinu hura, jasangaitza.

Ahotsa bera baino ikaragarriagoa suertatu zitzaion amaren jarrera gogogabea, lasaia, hildua.

Umezainak mesanotxeko telefonoa hartu zuen —ez du gogoan baina hala egin zuen, egin zuenez—, etxean bakarrik geratzen zenean (oso gutxitan, zoritxarrez) Frantziara deitzeko hartzen zuen telefono bera, baina oraingoan anbulantzia, polizia, edozer gauza eskatu zuen bere gaztelania hits eta erdiragarriarekin. Bi minutuko elkarrizketa izan zen, hasperenez, detaile ulertezinez eta sinesgogortasunez beteak, eta denbora horretan guztian Alice Espanet bare mantendu zen, besaulkitik mugitu gabe eta bularra estali gabe.

Nola edo hala ulertu eta sinetsi egin zioten telefonoaren beste aldean, eta handik gutxira, handik eternitate batera, jendez bete zen Armentiako etxea, hiru urte lehenago, eta arkitektoarekiko ika-mika mingotsen ostean, estreinatutako txalet sendo eta aldi berean diskretu hura. Kanpoan zegoen zain Me?lanie anabasa heldu zenean, ate aurreko eskailera-mailan, belaunei besarkatuta, oinetako lokatzari begira, hotz. Sukaldean sarrarazi zuten, aulki batean eserarazi. Galderak egin zizkioten, erantzuten saiatu zen neska. Me?lanie, kontaiguzu oso astiro zer gertatu den. Baina ezin zion negarrari eutsi eta lepoa tinkatuta sentitzen zuen, kosta egiten zitzaion arnasa hartzea, zer esanik ez berba egitea. Norbaitek baso bat ur gerturatu zion, eta beste norbaitek pilula zuri eta n?imin?o bat. Zer zen galdetu gabe irentsi zuen.

Hainbat orduz anbulantzien eta Ertzaintzaren autoen argiek etxe ederraren aurrealdea koloreztatu zuten; inaugurazio festa bat ematen zuen urrundik ikusita, eta ez ziren gutxi izan haraino gerturatutako bizilagun, ibiltari alai eta azken orduko runner diziplinatuak. Udako iluntze epel eta gozo bat zen, Gasteizen gutxitan izaten direnak, aproposa erabat atari zabaleko akelarre baterako. Me?lanie kenduta, inork ez zuen etxera joan nahi, gertatutakoaren inguruko zurrumurruak hazi eta geroz eta lazgarriagoak bihurtzen ziren heinean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Argiartean jaialdia egingo dute gaurtik igandera, Donostian

Erredakzioa

Light-art instalazioak, proiekzio monumentalak eta zuzeneko emanaldiak izango dira Memoriaren Lorategian eta Iesuren elizan
Annie Ernaux. / ©Nobel Sariak, @NobelPrize

Annie Ernauxek irabazi du Literaturako Nobel saria

Iñigo Astiz

Stokholmen eman du sarituaren berri Suediako Akademiak, eta literatura fikzioaz harago zabaltzeko egindako lana laudatu dio idazleari. Iaz Abdulrazak Gurnah eleberrigileak irabazi zuen saria.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Berria

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...