Abstraktutik konkretura

BERRIA.
ZuriƱe Elordi
2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Emakundek 30 urte bete ditu aurten. Une estrategikoa hiru hamarkada hauetan gure herrian egin diren berdintasun politikei gertutik begiratu eta berdintasunak abiadura azkarragoa hartzeko gakoak zein izan daitezkeen argitzen saiatzeko. Denbora honetan hainbat alorretan egin da aurrera, mugimendu feministaren eta beste hainbat erakunde eta entitateren laguntzaz, eta lorpenen artean garrantzitsuenetakoa berdintasun politiken arkitektura eraikitzen eta finkatzen joatea izan da.

Urte hauetan, administrazioan berdintasunaren aldeko sareak eta egiturak sendotu dira eta abstraktua zena konkretu bihurtu da: Lege bihurtu zen 2005. urtean, eta legearekin batera, berdintasunerako plan, erakundeen arteko berdintasunerako batzorde, berdintasun unitate, berdintasun teknikariak ditugu, besteak beste. Tresnak sortu dira. Eta honek berdintasunaren aldeko lanak abstraktutik konkreturako bidea egitea ahalbidetu du.

Berdintasun politikek behar dituzten tresnak sortu dira. Hauen artean, Berdintasunerako Planak. Hauek tresna eraginkorrak izan dira gure herriko berdintasun egiturak sortu eta sendotzeko eta administrazio guztiak helburu berberei begira jartzeko. Tokiko erakundeetan berdintasunaren alorrean lan egin dugunontzat, Emakundek, gizartearen eta beste erakundeen ekarpenak kontuan hartuz, legealdi bakoitzean lantzen duen Berdintasunerako Plana itsasargi modukoa izan da beti. Hari esker, herri edo hiri bakoitzean egin ditugun ekintzak bide egoki eta bateratu batetik zihoazela egiaztatu ahal izan dugu. Helburu berberak izateak herri ezberdinetan egindako ekintzen inpaktua biderkatu du, zalantzarik gabe, eta helburuak bateratzeko tresna Berdintasunerako Plana izan da beti.

Aurten VII. Berdintasun Plana onartuko du Jaurlaritzak, eta aurrekoetan bezala, ibilbide orri bihurtuko da administrazio publiko guztientzako. Horrela eskatzen du Berdintasunerako Legeak: Berdintasunerako Plana guztiontzako gida izatea eta herri bezala berdintasunean bide bat markatzea. Plan gidaria da, helburuak zehazten ditu, eta ondoren, erakunde bakoitzari dagokio (Jaurlaritzako sailak, Foru aldundiak, Udalak), bere eskumenen arabera, ekintza eta aurrekontu konkretuak zehaztea. Gure herriko erakundeek egindako ehundik gora planetan jasotzen dira hauek. Izan ere, gauzatze-maila eta garapen praktiko handia izan dute orain arteko sei berdintasun-planek. Honen eraginez, Jaurlaritzako sail bakoitzak berdintasun-plan bat dauka, Foru Aldundi bakoitzak bere berdintasun-plana dauka; eta EAEko 118 udalek berdintasun-plan bat dute. Eta horietan zehazten dira ekintzak eta aurrekontuak.

Bidearen zati bat egin dugu, eta bidea oso luzea da. Geratzen den bideak, baina, ezin die balioa kendu urte hauetan berdintasunaren alde administrazioetan emandako pausoei, Legearen ebaluazioak erakutsi duen bezala garrantzitsuak izan direlako eta aurrerantzean emango diren pausoen zimendu eta oinarri direlako.

Tresnak ditugu, konpromisoa dugu eta EAEko Berdintasun Planen bidez erakunde guztiak helburu berberei begira gaude. Honek, administrazio bakoitzaren ekintzen efektua biderkatzeaz gain, herri bezala jartzen gaitu berdintasunari begira. Finean, guztion arteko elkarlanak ekarriko du berdintasunak gero eta abiadura handiagoa hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.