Albistea entzun

ERRESISTENTZIA KUTXA (VI)

Urakanaren egutegia -Fragmentuak-

Baionan jaio zen, 1959an, eta Oragarren hazi (Nafarroa Beherea). Herria aldizkarian argitaratu zuen lehen poema, 1974an, eta, geroztik, genero ugari landu ditu. 1984an argitaratu zuen lehen poesia liburua: Bizitza nola badoan. Eleberrigintzan eta poesian jardun du gehien, eta ibilbide oparoa osatu du. 2002an, Euskadi saria jaso zuen, %100 basque eleberriarekin, eta narrazioa (Zeruetako erresuma) eta antzerkia ere (Odolak su gabe diraki) landu izan ditu. Amaia Ezpeldoi fikziozko detektibearen sortzailea ere bada. Euskal gatazkaren hainbat ertz biltzen dituen Susmaezinak (Alberdania) eta katastrofe baten balizko ondorioei buruzko Kripton 85 (Maiatz) eleberriak dira haren azken publikazioak. Bestalde, hainbat hedabidetan kolaboratzaile izan da, tartean BERRIAn, urte luzez. Maiatz aldizkariaren sorreran ere parte hartu zuen.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itxaro Borda -

2020ko apirilak 2

Pertsonalki ezagutzen dudan lehen kutsatuaren bila etorri dira. Hala uste dut bederen. Lanean gurutzatzen nuen adineko bat, gizonezkoa, matoa eskuan eta konkor, ahoa bete erasiaz hurbiltzen zitzaidana. Laidoak mereziko nituzkeela nioen nirekiko, gure karrikan anbulantziaren argi urdinak eta kosmonauten antzera jantzi erizainak ikustean. Orduan, Covid-19 birusaren hurbiltasun izugarriaz jabetu nintzen. Saguzarretik sugerako bidea agudo egin zuen koronabirusak, gizakiaren biriketan habia abegikorra aurkitzeko. Ilundura batek inarrosi nau.
***
Oroitzen nintzen, Eguberriz, familia-bazkarian eta beranduago Urtatsez, nola burlari urtzen ginen, gaztaren eta xanpainaren artean. Txina garai hartan urrun zitzaigun. Jarraiko informazio kateetako «orologo» eta «editokrata» ospetsuak beldurra zabaltzeaz akusatzen genituen, loriatzen zirela hipotesirik latzenak harilkatzen. Erretreten erreformaren kontra genbiltzan karriketan eta Macronen gobernuari birusaren aitzakian, parlamentuko eztabaidak mozteko Konstituzioko 49-3 alinea aplikatzea leporatzen genion. Aurreneko eriak eta zenduak zenbatu zirenean, otsaila erditsuan, osasun ministroa bezain sinetsgaitz genbiltzan. Egoera larriagoa zen Italia iparraldean, Alemanian, Espainian handik gutxira. Madrileko kazetariek zero pazientea lokalizatu zuten: Sevillakoa zen, enpresaria, Malagan egona eta 62 urte zituen. Berazten nintzen kutsaturen bati izena eta aurpegia jartzen ziotenean.
***
Ez dugu nehoiz horrelakorik bizi izan. Bigarren Mundu Gerratik gaur arteko gure bizitzak aski lasaiak suertatu dira, amodiozko pena, dolu samin eta arazo literario zenbait gora behera. Arintasunez hartu genituen, demagun, hegaztien gripearen eta H5N1-aren epidemiak. Botere zentralak papertxoak igorri zizkigun txertoak urririk egiteko, baina muzin egin genien. Gobernuari manipulazioa zeriola iruditzen zitzaigun. Zientzia fikzioko nobela sobera leitzen genuen. Baina, antza, Covid-19 honekin, ezberdina da: jende sail osoak defentsarik gabe daude, bereziki adinekoak, maskararik ez da, eskuak garbitzeko likido alkoholikorik ere ez, dirua falta herritarrak masiboki testatzeko.
***
Martxo hasieran, Bilbotik Bruselara, Parisetik Baionara gero, harritzen nintzen zelako leizea zegoen pantailetan pizten zen alarmismoaren eta hirietako ibiltarien axola gabeziaren artean. Aireportuetan, bakarrek maskarak zeramatzaten, asiarrak gehienak, bulego batzuetan ahurrak desinfektatzeko urak baziren, baina gainerakook bost, eskua luzatzen, musuak banatzen eta elkar gozoki tinkatzen segitzen genuen. Louvre itxia egon zen, baina ireki zuten ondoko bi egunetan, halaber Beaubourg, Pierre Soulages handiaren beltzaz haragoko pintura distiratsuak erakusteko. Hala ere, trenetan eta metroetan, ahots anonimoek segurtasun aholkuak bihikatzen zituzten: eskuak garbi, urtzain eta eztul egin besondoan, paperezko mokanesak erabil, kidearekiko distantziak mantendu. Hor ere galdera bat, Louise Michelen potretaren maldan, Quincampoix kalean: epidemia hain larria baldin bazen, nola egingo genion aurre hain baliabide gutxirekin?
***
Urakana iragartzen dute medikuek. Italiakoaren parekoa. Espainiakoa ez dute aipatzen. Macron mintzatu da telebistan, hitzak txistukatuz, adinekoak geriza eta elkar lagun gaitezen. Arazoak agertzen direnean, hiritar guztien esku-ukaldia eskatzen dute neoliberalek. Beste orduz, estatua suntsitzea baizik ez dute helburu. Enpresentzat, noski, ospitale publikoarentzat baino sos gehiago iragarria da. Pornografia hutsa. Jende arruntak balio ekonomikorik ez duela argi dago. Dena gertatzen da, eman dezagun, istripu nuklear baten karietara, energia enpresa diruztatzen balitz bezala, herritarrak artatzeko medioak indartzeko partez.
***
Euskal Herri hegoaldean eskolak zerratu dira duela hiru egun. Museoak. Ostatuak. Hamabost egunerako. Eginkizunak, banan bana, bertan behera uzten ari dira, kulturan, politikan eta kirola mailan. Iparraldeak norabide berdina hartuko duke. Akitania Berrian kutsatu anitzik ez da. Baina egun batetik bestera, kopuruak biderkatzen ahal direla frogatu digute Txinan, Italian, Espainian, hemen bertan. Ez gara prest. Harrigarriki, beldurra da menpera dezakegun sentimendu bakarra. Ikusi da frantses osasun ministro berria marra gorriak eta beltzak paperrean etzanez, esplikatzen nola saiatuko diren erien uhinak kontrolatzen, trantze larrian dabilen ospitalea gainditua ez izateko. Diskurtso magikoak. Irrazionalak. Egunotan, Margueritte Durasen Un barrage contre le Pacifique nobela daukat buruan: ama hura borrokan, itsasoak bere lurra ito ez zezan, debaldetan. Rithy Panhen filmean ama hari, Isabelle Huppertek ematen zion gorputz.
***
Italiatik berri ankerrak datoz. Venezia, Firenze eta Erroma hiri kuttunak huts- hutsak ikusten dira. Danteren marmolezko estatua geldo dago Santa Croce eliz atarian eta ez da aro Donatelloren obren atzetik ibiltzeko. Legoatan dago dolce Vita gozo hura. Sare sozialetan, Lonbardiako erizain baten argazkia, unatua, lotan, begitartea teklatu batean aurtikia. Tristurak bete nau, mediku bat entzun dudalarik erraten, negar artean, erien artean salbatuko zituztenak hautatzera bortxatuak nola izan ziren, leku eskasez, langile eskasez, erremedio eskasez. François Salachas frantses adituak, zendu horiek, ilegitimoak deitzen ditu, Europa sortalde opulanteko ospitaleak egokiro hornituak izan balira, ez zutelako sekula hil beharko.
***
T1 autobusean, bistaz ezagutzen dudan andere batek, haserrearen mugetan, kontatzen digu Mediatekako langile batek zelan larderiatu duen, 75 urte izanez, oraindik ere kanpoan zelako. Macronek, 70 udaberriz goitiko pertsonak etxeetan entzerratzea gonbidatu ditu. «Ateratzeko eskubidea dut, nahi badut, jendea naiz!» errepikatzen du, denek aditzeko moduan. Eskolak ixtean, aholkatu dute haurrak, aitona-amonenekin ez uzteko, kutsakorrak izan daitezkeelako. Biloba potoloak, noiz hartuko ditugu besoetan? Ikastetxez gain, orain, eguneroko bizitza, urritasun zurrun batean isurtzen da, laster konfinatuak izango garela dakigularik. Orduan, jatekoa eta erremedioak erosteko baizik ez dugu jalgitzeko dretxorik ukanen. Eta kirola egiteko. Nortasun agiria eta baimen ofiziala sakelan.
***
Ibon RGren soinu sintetizatuarekin buztinezko apokalipsiaren hurbilera iragartzearen erruz, hor dugu, Zaldibarreko tragediaren ondotik, pandemia, gure egunen finkotasuna oztopatzen. Noiz arte? Zer egin? Itxiko gaituztenean, herenegun, Pascal irakurri eta Dead Man berrikusiko dut. Gurbil eta isil. Eguzkiari agurka. Edo aspertuko naiz, zu bezala...

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Plateruena: berriz zabalduko ditu ateak

Durangoko Plateruena kafe antzokiak berriz irekiko ditu ateak

Iñigo Astiz - Paulo Ostolaza

Udalarena izango da, baina kudeaketa publiko eta komunitarioa izango du; kultur mahai batek gidatuko du. Gune berriak hiru erpin izango dituela azaldu dute: euskara, kultura eta sorkuntza.

Karmele Mitxelena eta Iñaki Cid Larrea, beren lan argitaratu berriak eskuetan, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Karmele Mitxelenaren eta Iñaki Ciden lanak argitaratu dituzte

Itziar Ugarte Irizar

'Haragizko mamuak' du izenburu Mitxelenaren lehen narrazio liburuak, eta 'Behin batean Loiolan' antzerkiaren alorreko Ciden lanak. Donostia Hiriko Kutxa Literatura sariak irabazi dituzte biek, eta Elkarrek eman ditu lanok argitara.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Aurtengo Durangoko Azokak argitu dezakeen argazkia

Itziar Ugarte Irizar

Digitalizazioaren aroak galdera ikur handiak ezarri ditu musikagintzaren sektorean. Nabarmen aldatu da musika banatzeko era, eta Durangoko Azokan ere gero eta begi-bistakoagoa da hori. Eredu bat agortzear sumatu arren, formatu fisikoaren aldeko jarrerari eusten diote gehienek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...