KRITIKA. Musika

Hitzen bidez sentituz

2023ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun

Frederic Jost

Pianoa: Hilko Dumno. Egitaraua: F. Schuberten Winterreise (Neguko bidaia) D. 911. Lekua: Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoa, Donostian. Eguna: urtarrilak 22.

Donostia Musika elkarteak Franz Schuberti eskaini nahi izan dio aurtengo programazioa. Igandean hasiera eman zitzaion lied zikloari, Frederic Jost baxuaren eta Hilko Dumno piano jolearen eskutik. Aukera paregabea Schubertek maisutasunez landu zuen generoan sakontzeko, melodiak sortu eta garatzeko zuen ezohiko gaitasunaz ohartzeko. Viktoria Eugenia Antzokiko Club Aretoa guztiz egokia da lied errezitalak entzuteko: espazio murriztua denez, giro goxoa sortzen da, eta Winterreise bezalako zikloa entzuteko babesleku bihurtzen da taula, nahiz eta akustika lehorrak goi erregistroetan arazoak sor ditzakeen.

Galdutako maitasunak sortutako oinazea eta atsekabea oinarrian, ahots ibiltariak soiltasunez kontatzen du bere bidea, hotzak eta elurrak zeharkatutako paisaian. Baina bidaia horrek barrenak ere miatzen ditu: bakardadea, etsipena eta malenkonia hauteman daitezke nonahi, noizbehinka eguzki-izpiak ageri badira ere. Kanpoko fenomenoek barneko sentimenduak islatzen dituzte, naturaren eta espirituaren arteko mugak lausoak dira oso.

Frederic Jost baxuak, 2019tik Berlindar Unter den Linden Estatu Operan lanean ari denak, Schubertek marrazten duen bidaia prosodia bikainaz eta adierazkortasun beteaz jantzi zuen, hainbat debutekin tartean. Izan ere, piezetan ageri den soiltasunak ez du esan nahi, inolaz ere, partitura erraza denik; zorroztasunez lan egin behar da 24 abestietan intentsitatea mantendu, ñabardurak azaleratu eta koloreekin modu naturalean jolasteko. Jostek dotoreziaz ebatzi zituen erronka guztiak, Dumnoren akonpainamendu paregabeak lagunduta: zeinen modu ederrean eutsi zieten biek esaldiei, dinamiken oparotasunari.

Bertan izan ginenok heriotzaren dei saihetsezina entzun genuen Ezkia-n, musikarien eskuzabaltasunari esker bis gisa ere aurkeztu zena. Ibaia-n sartu ginen asaldurak hartuta. Jostek behe-erregistroan zabaltzen duen indarrarekin, bakardadean ere bizitasuna badagoela ulertu genuen, eta Kaleko organo-jotzailea etsipenaren isla hunkigarria izan zen. Helmuga bera dugu denok, bizi dezagun bidaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.