Anne Erauskin. Bera Berako jokalaria

«Une egokian heldu zaigu kanporaketa»

Gaur egingo du debuta Europan Erauskinek, Bera Berarekin. Nabarmendu du Besançon aurkari «oso gogorra» dela, nahiz eta bolada onean ez egon. Dena den, baikor dago.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
ainara arratibel gascon
Donostia
2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Goizeko entrenamendua amaitu berritan, ohikoa duen irribarrearekin iritsi da Anne Erauskin Bera Berako jokalaria hitzordura (Ermua, Bizkaia, 1998). Pistan ohikoa duen bizitasunarekin mintzatu da. Nabari da partida garrantzitsua dutela. Besançonen jokatuko dute gaur, Europako Ligako bigarren kanporaketako joanekoa. Kanporaketa gaindituz gero, multzoen fasean izango dira.

Gaur duzue debuta denboraldi honetan Europan. Zu estreinakoz arituko zara bertan. Aste berezia izan da, ezta?

Bai. Irrikaz gaude partida iristeko. Ondo ari gara entrenatzen, eta espero dugu partida ona egitea. Une egokian iritsi zaigu kanporaketa.

Zure taldekide gehienek badute eskarmentua Europan. Zer aholku eman dizute?

Edozein txapelketatan, lehen partidak beti eragiten dizu urduritasun pixka bat. Hori ondo kudeatzea izango da gakoetako bat. Modu positiboan baliatu behar dugu. Dakigun bezala jokatu behar dugu, aparteko gauzarik egin gabe.

Paula Arcosek, zure taldekideak, haien kontra jokatu zuen aurreko sasoian Guardesekin. Galiziako taldea kanporatu egin zuten. Zer esan dizue aurkariaz?

Oso gorra eta zaila dela, fisikoki indartsua. Erdikoek oso bizkor mugitzen dute baloia, eta defentsan tinkoago aritu beharko dugu, zailagoa izango baita baloiak lapurtzea. Lortzen dugun aldietan eraginkorrak izan beharko dugu, kontraerasoak baliatzeko. Eskubaloian beti esaten da defentsan ondo arituz irabazten direla partidak. Bada, Europan jokatzen duzunean, are gehiago. Horrekin batera, orain arteko partidetan baino baloi gutxiago galtzea lortu behar dugu. Kontuan izan behar dugu, era berean, itzulerakoa etxean dugula.

Haiek ligan ez dabiltza oso ondo. Bi partida irabazi, bat berdindu, eta lau galdu dituzte. Azkena, Metzen kontra, 33-24, asteazkenean. Nekeari begira, haiek astean zehar jokatu izanak mesede egiten al dizue?

Egia da nekatuago irits daitezkeela eta ligan ez direla nahi bezain emaitza onak lortzen ari. Baina hau beste txapelketa bat da, eta ziur nago bete-betean irtengo direla garaipenaren bila. Beraz, nekea-eta ez dira igarriko.

Multzoen fasea pauso batera duzue. Denboraldi hau egokia izan daiteke Bera Berak aspalditik Europan egin nahi duen urratsa egiteko?

Bai, dudarik gabe. Imanolek [Alvarez entrenatzailea] berak hasieratik esan zigun denboraldi honetako helburu garrantzitsuenetarikoa Europan ondo aritzea zela. Ammma zentroan egiten ari garen lana, neurri handi batean, horretara bideratua dago. Europan fisikoa funtsezkoa da. Nik hilabete batzuk baino ez daramatzat lan hori egiten, eta antzeman dut hobekuntza, bai fisikoki, baita abiadura aldetik ere.

Halako partidak jokatzeko etorri zinen Bera Berara? Nola joan dira lehen hilabeteak?

Oso-oso ondo. Multzoa izugarria da, bai pertsonalki eta bai kirol ikuspegitik. Taldekide guztiak oso batuta gaude. Plan asko egiten ditugu elkarrekin, eta giro on hori gero pistan antzematen da. Imanol, gainera, nigan konfiantza duela erakusten ari zait.

Zuazotik iritsi zara. Zer aldaketa nabaritu duzu?

Handiena entrenamenduen intentsitatean nabaritu dut. Hemen, gainera, egun batzuetan bi lan saio izaten ditugu. Ordutegiak diferenteak dira. Zuazon, 20:00etan entrenatzen ginen; hemen, berriz, arratsaldeko saioa 16:00etan da. Ordutegi horretara egokitzea kostatu egin zitzaidan hasieran. Izan ere, nire atseden tartea izaten zen Zuazon nengoenean. Baina orain nahiago dut ordutegi hau; atseden hartzeko hobea da. Jokatzeko erari dagokionez, kontraerasoan gehiago jokatzen dugu hemen, eta gehiago ibili behar dugu gora eta behera. Bera Berak, bestalde, beti du irabazteko presioa.

Nola daramazu presio hori?

Uste baino hobeto daramat. Bera Berara etortzeko urratsa une egoki batean egin dut. Neure buruarengan konfiantza dut, badakit gauzak ondo egin ditzakedala. Uste dut partidak ziurtasunez ari naizela jokatzen, neure jokoan konfiantza izanda.

Ligan partida guztiak irabazi dituzue, Malagaren aurkakoa izan ezik. Zer balantze egiten duzu orain arteko lanaz?

Taldea ondo ikusten ari naiz.Baina beti dugu buruan hobetzea, eta alde horretatik nahi baino baloi gehiago galtzen ari gara, eta defentsan ere oraindik koska bat igo behar dugu. Urte amaiera bitarte, hiru partida ditugu: Porriñoren, Zuazoren eta Ro'Casaren kontra. Valladoliden galdu arren, denok dakigu zein talde indartsua den Ro'Casa. Porriño eta Zuazo ere beti dira aurkari deserosoak.

Espainiako Superkopa ere jokatuko duzue, Malagaren kontra. Nola dago taldea hain urte amaiera gogorrari heltzeko?

Jakitun geunden abendua gogorra izango zela. Europako Txapelketa jokatu zuten taldekideak nahiko nekatuta itzuli ziren fisikoki eta mentalki. Baina pixkanaka ari dira berriz martxa hartzen. Gainontzekoek, etenean, ondo entrenatzeko eta indarrak hartzeko aukera izan dugu.Ilusioa eta gogoa sobran ditugu. Baikor gara urte amaierari begira.

Bera Beran ohikoa da tituluak irabaztea. Zer garaikurrek egingo lizuke ilusiorik handiena?

Edozeinek. Baina, aukeratzekotan, ziurrenik ligak. Denboraldi honetan, gainera, sistema aldaketarekin uste dut amaiera oso polita izango dela. Superkopa eta Kopa irabazteko gogoa ere ikusten da multzoan, azken urteetan ez dutelako lortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.