Santakrutzak Andoainen

Zuria eta berdea, jaiaren koloreak

Exkerreneako blusak kuadrilla izango da Santa Krutz jaietako pregoilaria. 41 urte daramatza maiatzaren 3an auzoa animatzen

Exkerreneako blusak kuadrillako Xabier Unzalu eta Alberto Santa Cruz. JO URBE / FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2018ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
«Sakratua» da Santa Krutz eguna Exkerreneako kuadrillakoentzat. Jaiei kolorea emateko asmoz hasi ziren blusa zuri-berdeak jantzi eta kalejira egiten, duela 41 urte. Aurten pregoilari izendatu ditu jai batzordeak. Gaur irakurriko dute, 19:30ean, Zubiaurren. Maiatzaren 6ra arte iraungo duteAndoaingo (Gipuzkoa) jaiek.

«Urduri jartzen gara Santa Krutz egunean». Hala deskribatu du maiatzaren 3a Xabier Unzaluk. Exkerreneako blusak kuadrillakoa da, baita Alberto Santa Cruz ere. «Ilusioz»hartu dute jai batzordearen proposamena: jaietako pregoilari izatekoa. Prestatua dute jada testua, baita blusak ere.

Duela 41 urte hasi zen kuadrilla blusa zuri-berdeak janzten. Hala azaldu du Unzaluk: «Hiru kuadrilla elkartu ginen 18 urte genituela, jaietan saltsaren bat, bizigarriren bat jartzeko asmoz. Hortik jaio zen blusa».

Kuadrillak ibilbide luzea badu ere, izena berria dela azaldu du Santa Cruzek: «Ez dakigu nondik etorri den, aurten azaldu da. Guk ez diogu sekula izenik jarri. Auzoko taberna zen Exkerrenea. Maite genuen, han elkartzen ginen gaztetan, festarako eta». Hortik etorriko den susmoa dute biek.

Koadrodun blusa zuri-berdeak soinean, 25 lagun inguru ateratzen dira maiatzaren 3an. «Ez gara egitarauari begira egoten; guk geuk jartzen dugu festa, geuretzat», adierazi du Santa Cruzek. Goizetik ekiten diote jaiari: hamaiketakoa egiten dute Errekaburu Elkartean, mezaren ondoren. Poteoari eta kalejirari ekiten diote gero, 13:00 aldera.Zumeatarrak, elkartean bazkaltzeko tartea hartu ostean, iluntzera arte ibiltzen dira kalejiran, trikiti soinua lagun.

Uranga tabernan bazkaltzen zuten Exkerreneako blusek hasieran. Zumeatarrak elkartean hasi ziren gero, hura itxi zutenean. Gogoan dute Mertxe, hango etxekoandrea: «Oso ondo zaintzen gintuen. Taberna itxi ondoren ere prestatu izan digu jatekoa, elkarterako», azaldu du Santa Cruzek.

Blusa zuri-berdea ezaguna da herrian; ez dira alferrik pasatu 41 urte. Santa Cruzen iritziz, lagun giroa izan da ohiturari eusteko giltza. Euren festa egiten dute maiatzaren 3an. Hala adierazi du Unzaluk: «Herriko festa nagusiak sanjoanak diren arren, gureak santakrutzak dira». 40 urte daramatza lanean, eta urtero hartu izan du jaieguna. Santa Cruzek ere ez du hutsik egin: «Iruindar batentzat sanferminak bezala dira guretzat santakrutzak».

Santa Krutz egunean soilik jantziko dute blusa aurten ere Exkerreneako lagunek. Ordea, sagardo txapelketan ere badu presentzia; euretako batek ematen dio saria irabazleari —Javier Gabirondoren oroimenezko lehiaketa da; kuadrillakoa zuten hura—. Maiatzaren 6an egingo dute, festetako azken egunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.