Proiekziodun saio bat egingo du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Zinemaldian

Atzean pantaila erraldoi batek lagunduta arituko da orkestra oholtzan, hilaren 21ean, Donostiako Belodromoan. Sarrera doakoa izango da

Kontzertuaren atzoko aurkezpen prentsaurrekoko irudia, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Inigo Astiz
2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
Begi eta belarri. Bi zentzumenak izango ditu jomugan Euskadiko Orkestra Sinfonikoak hilaren 21ean Donostiako belodromoan eskainiko duen emanaldiak. Proiektuak Kontzertua & Proiekzioa izena du, eta Ikus-entzunezko gozamena titulua jarri diote Zinemaldian emango duten aurtengo saioari. Musikariek hainbat pelikula ezagunen soinu bandetako pasarteak interpretatuko dituzte, eta film horien sekuentzien muntaketa bat proiektatuko dute, aldi berean, 400 metro koadroko pantaila erraldoi batean.Juan Jose Ocon zuzendari donostiarrak gidatuko du orkestra. SGAE fundazioarekin eta Donostiako Zinemaldiarekin batera antolatu dute emanaldia, eta sarrera doakoa izango da, 3.000 eserlekuak bete arte.

Koordinazioa da erronketako bat. Carlos Rodriguezek espresuki emanaldi honetarako egin du pelikulen eszenen muntaketa, eta, beraz, orkestraren musikarekin batera joango dira irudiak ere aldatuz. Zehaztu dute, gainera, proiektatu eta interpretatuko dituzten konpositoreen eta filmen zerrenda: Manuel Paradaren Nodo. Noticiarios y documentales eta Los últimos de Filipinas; Pascal Gaigneren Handia eta Errementari; Joseba Beristainen Elkano. Lehen mundu bira; Nani Garciaren Arrugas; eta Vanessa Garderen La gran aventura de los Lunnis y el libro mágico.

Gonbidapen bidez

Antolatzaileek iragarri dute musikagile horietako batzuk belodromoko saioan izango direla, eta, gaineratu dutenez, Landarbaso abesbatza ere izango da oholtzan, zenbait pasartetan orkestra laguntzeko.

Sarrera doakoa izango da, baina tiketak aurrez hartu beharko dira. Irailaren 14tik 20ra bitarte jaso ahalko dira gonbidapenak, eta hiru gunetan hartu ahal izango dira: Donostiako Zinemaldiaren Kursaaleko eta Okendo plazako informazio puntuetan, baita Donostiako Turismo bulegoan ere. Gonbidapenak jasotzerik izan ezean, Belodromoan bertan ere egongo da modua azken sarrerak eskuratzeko, kontzertuaren egunean bertan; goizeko hamarretan irekiko dituzte leihatilak.

Badira urteak orkestra eta Zinemaldia lankidetzan hasi zirenetik, eta, arduradunen esanetan, proiekziodun kontzertua tradiziozko zita bilakatzen ari da azken urteetan. Ez dute beti formatu hori hautatu, ordea. Behin baino gehiagotan egin izan dituzte zuzeneko musikaz lagundutako emanaldiak: besteak beste, Pájaros de papel, The Oxford Murders eta Alatriste pelikulen musika eman dute formatu horretan.

Soinu banda osoak ere jo izan dituzte. Antolatzaileek 2012ko aldia aipatu dute horren adibidetzat. Urte hartan, orkestrakFernando Velazquezek konposatutako eta zuzendutako emanaldi bat egin zuen Miramongo egoitzan, eta Juan Antonio Bayona zinemagilearen The impossible filmaren soinu banda interpretatu zuten.

Bestalde, orkestrak pelikula sorta baterako soinu bandak ere grabatu izan ditu bere historian; hain zuzen ere, Fernando Velazquez zuzendariaren gidaritzapean egin zituzten, besteak beste, Ocho apellidos vascos, Submergence eta A monster calls filmen musikaren grabazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.