KRITIKA. Zirkua

Pilotak, aiztoak eta basoerdiak

Agus Perez.
2018ko azaroaren 9a
00:00
Entzun

'The Best ofBe Festival'

Artistak: Marc Oosterhoff, Tom Cassani, Kirkas konpainia. Lekua: Gasteizko Ibañez de Matauko antzokia. Eguna: Abuztuak 16.

Dagoeneko Durangon, Iruñean eta Gasteizen ikusi dute The Best of Be Festival ikuskizuna, eta larunbat honetan Lekeitiora ere helduko da. Birminghamen (Erresuma Batua) egiten den jaialdiak goranzko bidean dauden artista eta konpainia gazteen lanak erakusten ditu, eta haietariko hiru biran jarri Europan zehar. Aurtengo lan hautatuak zirkuaren esparrutik hurbil ibili dira, eta joera eszeniko aurreratuen berri eman digute.

Marc Oosterhoff suitzarrak lakonismo handiz jardun du denbora osoan, lehen ordu laurdenean erabateko isiltasunean bai bere aldetik bai ikusleen aldetik, hain ziren magnetikoak bere ekintza ustez apalak… Pilota txikiak zakarrontzi batean sartzen saiatu da, eta hutsegite bakoitzetik basoerdi bat edan eta airetiko itzulipurdi hilgarri bana egin du, bere parkour trebakuntza itzela baliatuta; jarraian, maleta bateko hamaika aizto eta aizkora bat egur batean inkatzen saiatu eta egurrean sartu ez direnak bere atzean jarri ditu, eta haien gainean geratu da oreka ezegonkorreko aulkian eserita; beranduago, dantza garaikide polita egin du zirkuluan jarritako sagu-tranpen gainetik; eta amaitzeko, deabruzko abiaduran ibili du aiztoa esku bateko atzamarren artean. Dena estoizismo itzelez burutua eta, aldi berean, umore ia subliminalean bilduta.

Tom Cassini britainiarrak lehen saria irabazi du aurtengo edizioan, eta horrek asko esaten du jaialdiaren ildoaz. Bere saioak kutsu ilun, poetiko eta estrainio nabarmena eduki du, apur bat Nick Caveren dotorezia ilunaren bidetik, eta atzeko pantailan proiektatu da bere hitzen gaztelaniazko itzulpena. Bide batez esanda, zelako ahotsa, zelako deklamazioa, zelako dentsitatea! Zein urrun gaude haiengandik, zenbat gauza dugu orain ikasteko, bidean aurrera egiteko... Eta beste ezeren gainetik, zein artegagarri egin zaigun hainbat objekturen erabilera, zer dimentsio berria hartu duten testuekin izandako kontrastean... Ene uste apalean, performance garaikidetik hurbil ibili den lan honek merezimendu osoz eskuratu du Be festibalaren saria.

Amaierako, Kirkas izeneko artista frantziarraren txanda izan da. Gaurko gazte inkonformisten itxuraz eta arropa era guztietako sentsorez josita agertu zaigu, eta haietatik kontrolatu ditu une oro argiak eta soinu guztiak. Horregatik bakarrik mereziko lituzke txaloak, baina bere erakustaldia ez da hor amaitu, theremin moduko kaxa baten kontra bota dituen pilotekin eraiki baititu bere zirku-kontzertuko melodiak eta erritmoak, loop erako zatiak sortuz eta mikroaren laguntzarekin. Umorea ez zaio inoiz falta izan, bereziki kasko sentsoredun bana jantzi duten lau ikusleak gobernatzeko orduan, eta ziber-teknologiaren apoteosia bideo-irudi dibertigarriak editatzeko gai zen jantzi sentsoredunarekin etorri da. Kirkasek abilezia handiz bota ditu bere jongler pilota guztiak eta haiekin era askotako musikak sortu, baina den-denak jaso ditu bat bera ere galdu barik, hala zentzu fisikoan nola metaforikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.