BERTSO JARRIAK

Zerk gazte ta zer euskarak?

Durangon jaioa, 2000. urtean. Hemezortzi urterekin, Bizkaiko eskolarteko bat-bateko eta Euskal Herriko eskolarteko txapeldun izan zen, eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketan parte hartu zuen. Finalista izan zen iaz, eta txapelketa nagusian arituko da aurten, lehenengoz.

Gorka Pagonabarraga.
2022ko irailaren 3a
00:00
Entzun
1
Durangon bada, Alde Zaharrean,
nork nola egina ote?
pintadatzar bat, guztion bistan,
pintxo-potez pintxo-pote,
mozkorren batzuk txiz-parrastadak
egin izan dizkiote,
baina kritikak irainik gabe
egin baitakizkioke,
gibel-asmorik bako bertsoak
ipini nahi nizkioke.

2
“Euskarak egiten gaitu gazte”
halaxe dio pintadak,
merezi gabe bereganatu
izan ditu begiradak,
esango nuke gure mundutik
aldentzen dela puxka bat,
lelo azalak izan litezke
eraginkorrak erabat,
zerk zer egiten gaitu, ordea,
zerk gazte ta zer euskarak?

3
Burgesiaren irabazia
behar beste ez denetan,
gazte langile bat zer ote da
munduaren azkenetan?
Pieza moldakor eskuragaia
ugazaben eskemetan,
bere lan indar merkeak dagi
gaztea gazte benetan,
horrelaxe da hala euskaraz,
nola erdara denetan.

4
Hizkuntz gutxitu bateko hiztun
ororen nahaste-borraste:
han umiliatu sentitu gara,
hemen harro ta hor aske,
dena den, txiki izanagatik
dena ez da arau-hauste,
egun euskarak (hurrengo berbok
hanka puntetan doazke)
funtzionario egiten gaitu
ez iraultzaile, ez gazte.

5
Krisi-garaian koskortu gara
txikitzen doan despentsan,
etorkizuna beti paraje
ezegonkorrean zetzan,
hormarik tintaz betetzekotan
gazteriaren defentsan,
zelan pentsatu esan aurretik
pentsatu nahi dut zer esan,
nire kuadrillak euskalduntzeko
arrazoirik izan dezan.

6
Mundua gordin ulertu nahiak
ekarri nau kantatzera,
neure artean nerabiltzanak
ahots goran kontatzera,
gura nuena zer den ez dakit,
nezakeena hauxe da,
akaso uzten didatenean
itzuliko naiz atzera,
gaurkoan solte utzi ditudan
hari muturrak lotzera.

Doinua: Askatasunaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.