Bertso jarriak

Santa Ana plaza, 2020ko udan

Iruñea, 1993. Oso gazte hasi zen bertsotan, Eskolarteko Txapelketetan lehenengo, eta gazte sariketetan ondoren. 2011n hartu zuen parte, lehenengoz, Nafarroako Txapelketan. Itzulpengintzako ikasketak egin zituen Gasteizen, eta BERRIAko literatur kritikaria ere bada.

Irati Majuelo.
2020ko irailaren 5a
00:00
Entzun
[youtube]https://youtu.be/5nJizmzWPp8[/youtube]

1.
Kanika batek jauzi egin du
azkazaletik lauzara
kristal barnean igar daiteke
mundu latz baten dardara
haur musugorri baten eskuek
gidatua herrestara
oharkabean erori dena
zalantzaren estoldara

2.
Amona ez den emakumeak
soinekoa du eskegi
mundu zaharraren abail-unea
ikusiz beren-beregi
iraganean errukitzeko
ez dituenez bi begi
nahiago sobran dituen gauak
eguzkitan jartzen segi

3.
Soinekoaren mahukatik behera
huntzaren itzal freskora
babesten dira auzokideak
aita, alaba, iloba
izar azpian kiribilduko
dira hitzak horman gora
opor gabeko udako gauek
berpiztu dute agora

4.
Zine-areto izan nahi zuen
hormak bere irudian
baina ametsak zapuzten dira
maskarape urdurian
mintza daitezkeen hormak ez dira
sartzen hiri-araudian
argi urdinak baino ez ditu
islatu bere zurian

5.
«Kalea ez da poliziarena»
pintada bat da agertu
hatz puntak zikin ditu gazteak
ta adrenalina gertu
plaza bat izan litekeena
hark duenean ulertu
intentsitate baxuko uda
eskuetan zaio lehertu

6.
Iraila usain daiteke arin
mahats ubelduen brisan
hiru hilabete zer dira baina
plaza zahar baten bizitzan
uda joan da despistearen
ta beldurraren gerizan
hurbildu ahala ihesi doan
sugandila bat bailitzan

Doinua:
Ihes betea zilegi balitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.