Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Erreka-zintzurra

2018ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Amildegi edo erreka-zintzurra. Hori dafou hitzak katalanez esan nahi duena, eta Tarragonako Terra Altako paisaiako ezaugarri berezietako bat da.

Lafou Celler upategia 2007an sortu zuten, garnatxaren —beltza zein zuria— handitasuna islatuko zuten ardoak egiteko.

Haien ustez, bertako paisaia, mahastiak terrazetan, lurren ezaugarriak eta fou edo amildegi horiek ezin egokiagoak dira garnatxa mahatsak duen handitasun eta izaera bitxia erakusteko.

Ramon Roqueta Segalesek abiatu zuen proiektu pertsonal hori, haren arbasoek ardogintzan eta mahastizaintzan erakutsitako tradizioari jarraikiz.

Frantzian enologia ikasketak egiten aritu zenean sortu zitzaion proiektu hori aurrera eramateko grina, garnatxaren dotoreziak eta adierazkortasunak maiteminduta.

Terra Altako garnatxek duten freskotasunak, tipizitateak eta benetakotasunak txunditu egin zuten Ramon, buruan zuen proiektua aurrera eramateko inguru haiek egokienak zirela sinistuta.

Esan dezakegu, beraz, Lafou lurraren eta garnatxaren izaera batzeko eta goraipatzeko sortutako proiektua dela. Alde batetik, tradizioari erreparatuz; eta bestetik, berrikuntza eta garaikidetasuna ahaztu gabe.

Mahastiak 300 eta 400metro arteko altueran daude, bailara eta erreka-zintzurretan, terrazetan mailakatuak, inguruko euri apurrak aprobetxatzeko.

Lurzorua kareharriz osatua da gehienbat, eta klima kontinentalaren eragina duen klima mediterraneoa zein mahastizaintza bi haizeren eraginpean daude: itsasoko haizea (garbinada esaten diote katalanez) eta ziertzoa.

Upategia kopuru txikiekin lan egiteko pentsatuta dago, eta partzelaz partzela egiten da mahats bilketa, bakoitzaren adierazgarritasuna ahalik eta gehien errespetatzeko.

Ardoa egiteko deposituak irekiak dira, eta zapalketaren bitartez soilik egiten da lan, mahatsak gehiegi mugitu gabe, txapelaren aterakina homogeneoa izan dadin.

Ardoak ontzeko, 300 litroko haritzezko upelak erabiltzen dituzte eta porlanezko arrautzak, mahatsaren purutasunaren bila edo. Porlanezko arrautzek ardoa findu egiten omen dute, eta ligek barne mugimenduaren eraginez konplexutasuna gehitzen omen diote, egurraren alternatiba bilakatuz.

Ardo zuri bat egiten dute: Lafou Els Amelers; eta beltz bi: Lafou El sender eta Lafou de Batea.

Beltzak nahasketak dira, gehienbat garnatxa badaramate ere; eta zuria garnatxa zuriz egina da.

Els Amelers bikaina da. Sei hilabete ematen ditu ligekin ontzen porlanezko eta altzairuzko deposituetan. Ardoaren %10 egurrezko upeletan ontzen da.

Zitrikoenak eta loreenak dira sudurrean nabarmentzen diren lurrinak. Ahoan, berriz, ardo egituratua da, baina azidotasun bikainekoa dela nabarmenduko nuke, eta luzea gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.