Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Amanciorenak

2019ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Losada Vinos de Finca Espainian dago, Leongo Bierzon, Pieros mendatean, Cacabelos eta Villafrancaren artean, Losada deituriko lursailean; Castro de la Ventosako aztarnategia aurrez aurre dauka. Upategia eraikitzean, bertoko harresiaren berreskuratze lanak izan omen ziren, nolabait, Jesus Manzanares arkitektoarentzat inspirazio iturri.

Enologiari dagokionez, upategiak mahatsak grabitatez funtzionatzea ahalbidetzen du, ponpa mekanikoak saihestuz eta mahatsaren egoera bikaina bermatuz. Ardoztatze eremua, upelak eta botilategia lurpean daude, eta horrek energia kontsumoa murriztea dakar, eta, ondorioz, ingurumenaren gaineko eragina gutxitzea.

Fincas de Losadaren erronka zera zen: upategitik gertu dauden udalerrietako mahasti txikiak lokalizatzea eta aukeratzea, mahasti horietako mencia mahatsak emango dituen ardo orekatuak, kolore sakonekoak eta azidotasun atsegindunak egitea, alegia. Bierzo sor-markak berpizkundea bizi izan zuen laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, eta neurri handi batean, enologo gazte batzuei esker izan zen, besteak beste, Amancio Fernandez Losada Vinos de Finca upategiko enologoari esker.

Amancio Fernandez bertoko mahastizainen familiakoa da. Dominio de Tares upategian lanean ari zela ezagutu nuen nik, duela ia hamabost urte. Orduantxe lan hori utzi eta Fincas de Losadan ekin zion ibilbide berriari, 2005ean, hain zuzen ere. 20 urterekin hasi zituen ikasketak Requenako (Valentzia, Herrialde Katalanak) mahastizaintza eta enologia eskolan, eta gero Valladoliden (Espainia) graduondoko mahastizaintza ikasketak ere egin zituen.

Lehenengo lanak Duero aldean egin bazituen ere, laster itzuli zen Bierzora Bierzo berria abiatuko zuten enologo gazteen taldeko parte izatera. Enologo eta upategi buru berri horiek izan dira, nolabait, Bierzoko ardoak nazioartean ere goian jarri dituztenak.

Losadakoek lursailez lursail egiten dituzte ardoztatzeak, lursail bakoitzak dituen ezaugarri propioak nabarmentzeko asmoz.

Mencia mahatsa Erdi Arotik hona landu izan da Bierzoko paraje horietan. Klima kontinentala da nagusi, baina Atlantikoaren eraginpean; eta horrez gain, bertoko orografiak eta mahasti zaharrez landatutako partzela txikiek osatzen duten mosaikoari esker lortzen dira benetakotasunez gainezka agertzen diren ardoak. Zurietan, godello mahatsa da bertoko erregina.

Losadakoek hainbat ardo egiten dituzte. Beltzak: El Pajaro Rojo, Losada, Altos de Losada eta La Bienquerida; zuri bat: Losada Godello; eta beste gorri bat: 5 Rosas.

Ez dugu hemen tokirik banan-banan denak aztertzeko, baina denak dira benetan ederrak eta gozagarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.