Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Sicus

2019ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Bonastreko mendigunea lurralde zabala da, Alt Camp eta Baix Penedesen artean dago (Katalunia). Itsasoa oso gertu dago, eta mendien altuerak ematen duen freskotasuna mantenduz, leku ezin hobea da mahastizaintzarako, eta ezin hobeto islatzen du mediterranear izaera.

Sakontasun gutxiko lurrak lantzen dituzte; hezetasun gutxikoak eta materia organikoan pobreak dira. Sicuseko mahastiak ez dira goldatzen, eta horrek mota guztietako belarrak haztea dakar, lurra harrotuz eta zizare eta inurrien garapena ahalbidetuz eta mahastiaren indarra gutxituz; hala, lortzen den fruta askoz konzentratuagoa da.

Ez dute ez herbizidarik ez intsektizidarik erabiltzen, ingurumenari zor dioten errespetua erakutsiz, biodibertsitatea bultzatuz, animaliena eta landareena.

Sicusen mahastia harmoniarako bidean jarri nahi dute, baina ahaztu gabe «melodia perfektua» izateko inguruko beste espezie guztiak behar-beharrezkoak direla.

Ardoztatze prozesuan mahatsaren espresibitatea bermatu nahi dute, zapore eta aroma guztiak mahatsetik, eta ez beste inondik, datozela ziurtatuz.

Zenbait kasutan buztinezko ontzi porotsuak erabiltzen dituzte; alde batetik, ardoa mikrooxigenatu, eta bestetik, haren zapore eta aromak zaintzeko.

Mahats mota bakoitzak izaera desberdina hartzen du lantzen den lurraren arabera, eta Sicusen ustez, mahats mota bakoitzak jatorrizko lekuan landuta ematen ditu emaitza bikainenak, lur horietara egokituta denbora asko baitarama. Horregatik, Massiseko mahats autoktonoak baino ez dituzte erabiltzen, haien eskualdera hobekien egokitzen direnak soilik erabiliz: sarillo, xarel.lo vermell, monastrell, sumoll eta Sitgeseko malvasia, hain zuzen ere.

Klimari dagokionez, uztaldi bakoizak bere ezaugarri propioak ditu, eta, azkenean, horrek ematen dio neurri handi batean izaera propioa uztaldi bakoitzari, horregatik ez dute ureztatzen mahastia, urte bakoitzeko plubiometriak isla izan dezan urteroko ardoaren paisaian.

Ardoztatzeari dagokionez, partzela bakoitzeko mahatsekin ardo bat egiten dute, ez dituzte sekula partzela desberdinetako mahatsak nahasten, mahasti bakoitzak bere izaera propioa eta bakana erakuts dezan.

Mahats mota desberdinak ere ez dituzte nahasten, beraz, esan daiteke «monopartzelakoak» eta «monobarietalak» direla.

Zortzi ardo egiten dituzte: beltzak, apardunak eta, batez ere, zuriak. Gehienak Penedes sor-markapean egiten dituzte, baina ez guztiak.

Denen artean, Sicus garrut beltza eta Cru Mari aparduna nabarmenduko nituzke. Garrut monastrell mahatsari inguru horietan ematen zaion izena da. Sitgeseko malvasiaz eginiko Sicus ardoa ere nabarmentzekoa da, inongo zalantzarik gabe. Ardo desberdinak, bitxiak eta izaera handikoak. Bikainak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.