Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Ametsak betez, Luis Olivan

2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Urte asko dira Luis Olivan ezagutu nuela, Valentzian ospatzen diren Verema topaketetan. Han ezagutu genuen elkar, ni ardoaz gozatzera eta hura lanera joanak (lanean ere bazekien gozatzen), Somontanoko ardoak ezagutzera ematen, artean Bodegas Pirineosen lanean ari baitzen. Arlo komertzialaren ardura zeraman, baina askoz gehiago zen hark egiten zuena, erakusten zuena, ezagutza, jakituria; Jesus Astrain, upategiko enologo eta zuzendari teknikoarekin batera bikote banaezina osatuz.

Hainbat urtetan egin genuen topo Valentzian urtero egiten diren topaketa horietan.

2007an, Pirineos utzi, eta Bierzoko (Gaztela eta Leon, Espainia) Dominio de Tares upategian hasi zen lanean. 2012an Somontanora itzuli zen hango upategirik ospetsuenean lan egitera, Enaten, hain zuzen ere, Madrilgo San Martin de Valdeiglesiaseko Las Moradas de San Martin upategian egiten zuen lanarekin partekatuz.

Baina Luisen buruan eta bihotzean beti egonda amets bat, upategi propioa izatea, alegia. Eta amets hori iazko abuztuan abiatu zuen Olivanek, Luis Olivan Vinos y Viñedos sortuz.

«Nire oroimeneko hainbat eta hainbat xehetasun baratzean eta soroetan ematen dira, nire familiakoak nekazari eta ortuzain izan baitira Hoya de Huesca eta El Abadiado de Bandaliesen; ardoa eta mahastia beti egon dira hortxe».

Bodegas La Sierra (Aragoi, Espainia), Crianzas y Viñedos Santo Cristo (Aragoi, Espainia) eta Vinícola de Arganda (Madril) dira Olivanek erabiltzen dituen upategiak bere ardoak egiteko.

2018ko martxoan hasi ziren mahastiak bilatzen, gehienetan berto -bertoko mahatsez osatuak, baina kanpokoak baztertu gabe, orientazioa eta kokapenari erreparatuz.

Epe luzerako alokairuko mahastiak kudeatuz edota mahastizain onei mahatsa erosiz lan egiten dute; baina, gaur egun, mahastiak erosteko prozesuan daude, mahasti propioak ematen dituen abantailak balioetsiz.

Ainzonen (Zaragoza), Bespenen (Huesca) eta San Martin de Valdeiglesiasen daude mahastiak. Lehenengo bietan garnatxaz osatutako mahastiak dira, eta San Martinen, berriz, malvar (zuria) eta garnatxaz osatutakoak.

Hiru ardo egiten dituzte, hirurak ere ekoizpen oso txikikoak. Bi beltzak dira, Luis Olivan Garnacha de Bespen Las Pilas (Somontano sor-markapean) eta Luis Olivan Garnacha de Ainzón (Campo de Borja sor-markapean); eta hirugarrena, berriz, zuria, malvar mahatsez eginiko Luis Olivan Malvar de San Martin de Valdeiglesias. Ardo guztiak ontzen dira upeletan, upel handiak eta erabilitakoak, ahalik eta eraginik txikiena izan dezaten ardootan.

Hirurak dira bikainak, eta laster beste bat ere aterako dute, laugarrena: Clarete de Bespen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.