Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Hegoafrikatik Errioxara

2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Bryan Mac Roberten bizitza ardoarekin lotutako abentura bat dela esan daiteke. Hegoafrikan jaio zen, 1984an. Gurasoen arbasoak eskoziarrak eta herbeheretarrak ziren. Gurasoek, hiria utzi, eta nekazaritzan eta ardogintzan lan egitea erabaki zuten. Hegoafrikako Malmesburyn, Swartland lurraldean zegoen gariak eta ardogintzak izugarrizko indarra hartzen ari zen lurretan, hain zuzen ere.

Enologia ikasi zuen, eta bere herrira itzuli zen, eta kalitate bikaina eskaintzen zuen upategi txiki batean aritu zen lanean lau urtez, berrogei urtetik gorako eta ekoizpen txikidun mahastiak zituen upategi batean.

Clara Canals Campo Viejo upategiko enologoa zen, eta upategiak zuen mini mahasti esperimental baten arduraduna. 2010ean, Clara Hegoafrikan zegoen, mahastien ingurukoformakuntza jasotzen, eta lagun batzuen bitartez ezagutu zuten elkar Clarak eta Bryanek. Biurte geroago, Bryan Errioxan zegoen, gaztelera ikasten, eta 2013tik aurrera bere ardoa egiten.

Esan beharrik ez dago Clarak eta Bryanek proiektu propioa abiatu zutela: MacRobert & Canals Bodega y Viñedos.

Upategia Logroñon (Errioxa, Espainia) dago. Upategi txikia da, kalitatezko ardoak ekoizteko eta oso erabilgarria, oso praktikoa ardogintzarako.

Mahasti bakoitzeko mahatsekin lan egiteko depositu txikiak dituzte, denak ere hotz-beroa sistema integratuarekin, hartzidura bakoitza bere aldetik kontrolatzeko aukerarekin.

Hozte-sistema gela txiki bat ere badute, eta horrek mahats bilketak planifikatzeko aukera ematen die, eta mahasti bakoitzeko mahatsak momenturik egokienean jasotzeko aukera ematen.

Mahatsak eskuz jasotzen dira, noski, kutxa txikietan, eta mahastian, lehenengo, eta upategian gero, mahats aukeraketa egiten da, eta grabitatez depositura eramaten dira.

Mahasti txikiekin egiten dute lan, gehienak zaharrak, 40-90 urte bitartekoak. Argi dute: «ardoaren kalitatea mahastiaren kalitatearekin lotuta dago. Ardoaren kalitatea mahastian dago, beraz, ardogintza hori islatzera mugatu behar da».

Ardoak egiteko baliatzen dituzten mahastiak, berriz, Errioxan eta Araban sakabanatzen dira, lursail txikiak eta bakanak, lur guztiek eskain dezaketen aniztasuna erakusteko asmoz.

Sei ardo egiten dituzte, bi zuri eta lau beltz. La Nave, Laventura eta Barranco de San Ginés dira beltzak, eta Laventura malvasia eta Laventura viura zuriak. Azkenaldi honetan zuriekin nago maiteminduta, oro har, baina gaur Barranco de San Ginés azpimarratu beharrean sentitzen naiz, berau baita, nire ustez, upategiko ardorik bikainena. Guardia eta Elvillar (Araba) artean daude mahastiak, lau terrazatan antolatuta. Tempranillo, graciano, garnatxa, mazuelo eta virua mahatsek osatzen dute nahastea. Bere onena ahoan ematen du, zetatsua, dotorea eta luzea!!

Animo denoi!!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.