Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Colonias de Galeon

2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Aurreko astean Andaluzian egon ginen (Espainia), Arcos de la Fronteran, hain zuzen ere. Andaluzian jarraitzen dugu gaur, baina zertxobait iparralderago, Extremadurarekin mugan, Cazalla de la Sierran, Sevillako probintzian. Herri horretan landatu zuten mahastia, Colonias de Galeon deritzon lursailean, eta lursailak ematen dio izena upategiari.

2008an abiatu zuten proiektua, apala bezain sendoa. Helburua? Beste hainbatek desio duten moduan, azken joerekin bat egiten duten ardo zuriak zein beltz aproposak Andaluzian egin daitezkeela erakustea.

Proiektuaren bultzatzaileak Sevillako Elena Viguera eta Julian Navarro dira; Sevillako Iparraldeko Mendizerra natur parkeak eta horrek eskaintzen duena errekuperatzen saiatzen ari dira, balioa emateko asmoz. XV., XVI. eta XVII. mendeetan Amerikara saltzen ziren ardo gehienak paraje horietako ardoak ziren.

Colonias de Galeon lursailaren ezaugarriak oso aproposak dira mahastizaintza egokia egiteko, eta, ondorioz, kalitate handiko ardoak egiteko. Arbel eta kareharriz osatutako emankortasun gutxiko lurrak dira, maldetan kokatuak, 700 metroko altueran, eguzkitsuak, plubiositate nahikoarekin, eta hain garrantzitsua den eguna eta gauaren arteko oszilazio termiko azpimarragarriarekin.

Cabernet franc, merlot, syrah, pinot noir eta tempranilloa landatu dituzte beltzetan, eta chardonnay zurietan. Estrepak, isatsak, izpiliku, oreganoa eta masustez estalitako lurretan, artez, artelatzez eta pikondoz inguratutako mahastiak dira.

Eskualde horretan batez ere ardo beltzak egiteko tradizio handia egon bada ere, ez da ahaztu behar batez ere ardo generosoak, alkohol askodunak, amontilladoak, olorosoak eta ardo gozoak egin direla azken hogeita hamar urte baino gehiagotan inguru horietan; nahiz eta gaur egun joerak aldaketa bat dakarren.

Mahastiaren lanketa izan da tradizionalki Sevillako Iparraldeko Mendizerrako kultura, gizarte eta ekonomi altxorrik garrantzitsuena.

Nekazaritza ekologikoa egiten dute, eta Andaluziako Nekazaritza Ekologikoko Batzordean izena emana dute.

Tradizioa ahazten ez badute ere, ezinbestekotzat jotzen dute teknologia berriekin lan egitea, mahatsaren heldutasun egokiaren jarraipen zuzena egiteko, eta, ardogintzarako garbitasun bikainarekin, altzairuzko deposituak dituzte, hartzidura tenperatura kontrolatu eta jarraitzeko, hotz-ekipoen eta gehiegizko sulfurosoaren erabilera saihesteko.

Mahats mota bakoitza bere aldetik hartzitzen da, depositu txikietan, mahats mordo osoak erabiliz, txorten eta guzti, hamar egunez karbono dioxidoan beratzen eduki ondoren. Hartzidura malolaktikoak upel handietan egiten dira, 300 litrotik gorakoak, egurraren ukitua gehiegizkoa gerta ez dadin.

Beratze karbonikoko ardoak eta ondutakoak ere egiten dituzte. Bikainak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.