Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Terrerazo, Valentziako goi-lautadan

2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Iaz bete ziren ehun urte Rafael Janini Janini —Tarragonan jaio eta Valentzian hil zen—enologo eta agronomo jakitunak Terrerazo lehen ardoaren berri eman zuenetik. Badirudi ardo hura gaur egun Bodegas Mustiguilloren parte den upategian egindakoa zela.

El Terrerazo nekazaritza-ustiategia bertako upategiekin batera eta Utiel-Requenako goi-lautadako beste lursailekin batera, Bodegas Mustiguillo proiektuaren muina da.

Ardogintza eta mahastizaintza jasangarriak eta berritzaileak egiten dituzte, mahasti propioak oinarri eta Toni Sarrionen gidaritzapean.

Mahastiak 800-900 metroko altueran daude, Negerete mendilerroraren babespean eta Mediterraneo itsasoaren ukituarekin.

Ingurune horietan nagusi dira pinuak, olibondoak, zurbeltzak alde batetik eta ezkai, erromero eta mihilu belar aromatikoak bestetik.

Bobal mahatsa da etxeko izarra, mahats sendoa baina ñabarduraz betea, dotorea eta fina, inguru horietan muturreko klima jasanez etanagusiki kareharriz osatutako emankortasun urriko lurretan hazten dena.

Esan daiteke mahatsak lurraren, klimaren, mendiaren eta itsasoaren gertutasuna islatzen duela, eta izaera mediterraneo nabarmena ematen.

Mahastia eta upategia Utiel-Requena bailaran daude, eta El Terrerazo jatorri-izen babestua daramate. Klima mediterraneoa nagusitzen bada ere, kontinentalaren eragina oso garrantzitsua da, eta haizeak zeresan handia du azken emaitzan; alde batetik, Mediterraneo itsasoko haize leunek horiek freskatu eta hezetzen dituztelako, eta, bestetik, Mantxako haize beroek mahastia lehortzen dutelako.

Mahastiak bi lursailetan kokatuta daude: El Terrerazo eta Calvestra. Beltzak El Terrerazon hazten dira, eta upategiko ardo zuriek Calvestran dute oinarria, jatorria.

Askoz ezagunagoak eta baloratuagoak dira beltzak, Quincha Corral, Finca Terrerazo, La Garnacha edota Mustiguillo Tinto. Gaur, baina, zuriak nabarmendu nahi ditut hemen: Finca Calvestra eta Mustiguillo Blanco.

Lehenengoa merseguera mahatsez egina dago, bobal mahatsondo zaharretan txertatutakoez. Upelean hartzitutakoa, legamia autoktonoak erabiliz eta 9-11 hilabetez akazia upeletan bere liga finekin ondua. Sudur dotorea bezain bitxia erakusten du, eta ahoan zintzoa eta freskoa dela nabarmenduko nuke.

Mustiguillo zurian merseguera nagusi bada ere, alboan viognier eta malvasia mahatsak daramatza, ardoa zehaztuz, ñabardurak eskainiz. Mahats mota bakoitza bereizita hartzitzen da, eta altzairuzko deposituetan ontzen da, bere liga finekin 4-5 hilabetez. Ardo bizia, alaia, freskoa... baina ez arrunta. Sudurrean polita bada ere, ahoan ematen du bere onena. Gozatu eta animo!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.