Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Xurxoren altxorrak

2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Familia upategia da Albamar. Pontevedrako Cambados herrian (Galizia) dago, askorentzat, ardoaren ikuspuntutik Rias Baixas sor-markaren hiriburua. Hogeita bost bat urte daramatzate ardogintzan Albamarrekoek, baina benetako abiadura eta indarra 2006an hartu zuen upategiak, Xurxo Alba Padinek, familiako semeetako batek, negozioaren gidaritza hartu zuenean. Harrezkero, upategi txiki hori, kalitatezko albariñoen artean, goreneko mailan ageri da.

Krisialdi ekonomikoaren ondorioz, Xurxo Albak egiten zuen enologo-kontsultore lana utzi behar izan zuen, eta familiaren mahastietan eta upategian jarri zituen bere ahaleginak eta jakituria.

Albamarren mahastiak Umia ibaiaren bokalearen ertzetan daude, Arousa itsasadarraren bihotz-bihotzean. Han erliebea oso leuna da, eta lurrak buztintsuak eta hareatsuak dira. Bestalde, itsas brisak gazitasun bakan eta bitxi bat ematen die mahastiari eta horrek ematen duen ardoari. Xurxoren ardo guztiek, Rias Baixas eta Valdeorraseko zuriek edota Ribeira Sacrako beltzek, beti daramate lursailaren izaera nabarmena, terroir deritzon horrena.

Val do Salneseko azpizonan dago upategia, eta ardoek granitoaren ukitua eta itsasoaren gertutasunaren eragina erakusten dute, ardo biziak eta freskoak nabarmenduz.

Xurxok naturarekiko errespetu osoa adierazi nahi du, haren ardoetan islatuz bere izaera, eta argi dauka kimika ez dela ona mahastiarentzat, eta mahastitik kimika erabat desagerrarazteko egiten du lan egunero, nahiz eta Galiziaren moduko lur hezeetan ez den hain erraza.

Albamarren egiten diren ardoak helduak bezain freskoak dira, ekoizpen txikikoak, eta gaur egun Galiziako ardoen erreferente bilakatu dira.

Ceibo ardoa egiten du Valdeorras sor-markapean, godelloz eginkoa, bikaina. Ribeira Sacran ere egiten du Fusco, ardo beltza, mencia mahatsez. Gaurkoan, baina, Rias Baixaseko ardoak nabarmendu nahi ditut, beltzak zein zuriak.

Beltzetan, Albamar O Esteiro, caiño beltza, espadeiro beltza eta mencia mahatsez egina; Albamar O Esteiro Caiño, erabat caiño beltzez egina; eta Albamar O Esteiro Espadeiro, espadeiro beltzez egindakoak nabarmenduko nituzke. Hirurak ere bikainak bezain bakanak.

Zurietan, Albamar Albariño, Albamar Finca O Pereiro, Albamar O Sebal, Pai de Albamar, Pepe Luis eta Albamar 69 Arrobas aipatu ditzakegu. Azken hori egiteko lau partzeletako mahatsa erabiltzen dute, lurzoru granitikoetan hazitako mahatsa, alegia. Bost hilabetez bere ligekin egoten da ontzen, eta beste tarte bat igarotzen du ardoak botilan fintzen, merkaturatu aurretik. Nire aburuz, zurietan, upategiko ardorik bikainena eta ederrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.