Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Balmoralen apardunak

2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Garcia Palazon familian, Atilano Garcia izan zen XX. mende hasieran nekazaritza lanei hasiera eman ziena. Hark nekazaritzari erakutsitako maitasunari, dedikazioari eta debozioari jarraipena eman zieten Jose Vicente eta Antonio semeek.

Urte askoz bilaketa lanetan aritu ondoren, El Moralejo aurkitu zuten, mendeetan zehar mahastizaintzan erabilitako lursaila. Lur horrek garaiera du ezaugarririk nabarmenena, mila metrotik gorako altueran baitago.

2000. urtean sortu zuen Garcia Palazon familiak Bodegas y Viñedos Balmoral, Alperan (Albacete, Espainia).

Zergatik aukeratu zituzten, bada, hain altuera garaian kokatutako mahastiak? Udetako freskotasunak eta eguna eta gauaren arteko tenperaturaren kontrasteak izaera berezia ematen zietelako Balmoraleko ardo lasai zein apardunei.

Bestalde, ez da ahaztu beharmunduan zehar gertatzen ari den berotze globala, eta, horrek ardoan eta mahastizaintzan ekarriko dituen aldaketen aurrean, mahastiak altueran izatea oso mesedegarria izan daiteke etorkizunean. Duela hogei urte erabaki hori iraultza bat izan zen, eta, neurri batean, Champagne inguruko upategiak zituztenez eredu, aukeraturako bidea egokia zelakoan zeuden Balmoralen.

Jose Vicentek eta Antoniok Eperneyn (Frantzia) jaiotako Herve Jestin enologo famatuarekin elkarlana abiatu zuten. Jestin Champagneko upategi handietan aritutakoa zen, eskarmentu handikoa.

Duela hogei urte abiatutako lanak emaitzak eman ditu, eta Balmoraleko ardo lasaiak zein apardunak munduko hogeita hamar herrialdetan daude eskuragarri.

Mahastiak 115 hektareatan daude banatuta, mahastizaintza jasangarrian landuak, eta, altuerari esker, leku ezin hobea da chardonnay eta pinot noir mahatsak lantzeko, xanpain askoren oinarri direnak, baina badaude tempranilloa, viura, merlot, syrah eta cabernet sauvignon ere.

Mahasti guztiak ekologikoan lantzen dira. Ongarriketa lanak konpostarekin, ongarri berdeekin eta uztaldietako handarrekin egiten dira.

Gaixotasunak eta izurriteak landarea modu egokian elikatuz kontrolatzen dira.

Mahastiko bioaniztasuna ere asko zaintzen dute Balmoralen, eta errendimenduen kontrola ere egiten da, kalitatezko fruta lortzeko.

Ardo lasaiak Maravedies markarekin ekoizten dituzte: zuri bat, chardonnay mahatsez egina, eta lau beltz. Lau horietatik hiru mahats bakarrekoak (tempranillo, syrah eta cabernet sauvignon) dira, eta bestea coupage edo mahats desberdinak nahasiz egindakoa.

Apardunak Edoné markarekin merkaturatzen dira. Bata chardonnay mahatsez egina, Cuvée de María; beste bat chardonnay eta pinot noir pixka batez, Gran Cuvée; eta azkena, gorria, tempranillo (% 60), syrah (%20) eta pinot noirrez (%20) egina; bitxia, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.