Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Hirukotearen ardoak

2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Terra Alta Kataluniako Tarragona probintziako eskualde bat da, Tarragonako mendebaldean dagoena. Ardo sor-marka bat ere bada, Ebro ibaia eta Aragoiko mugaren artean dagoena.

Klima mediterraneoa da nagusi, baina kontinental ukitu nabarmena ere badu, eta horrek badu eragina mahastizaintzan.

Ardo zuriak izan dira nagusi historikoki, baina gero eta beltz gehiago egiten dira. Ardo gozoak eta mistelek era badute bere garrantzia inguru horietan.

Bi mila eta bederatzian jaio zen Vins del Tros, Jose Ramon Bada enologoa eta Josep Arrufat enologoaren eskutik. Biak Vilalba dels Arcsen (Tarragona, Katalunia) jaioak, Terra Alta deritzon eskualdean. Umetatik lagunak, eta, orain, mahastiak eta jaioterria maite dutenak.

Bi mila eta hamabiaren amaieran, Xavier Orobitg gehitu zitzaien, hori ere ardoaren kulturaz erabat maitemindua.

Hamabi hektarea eta erdian hedatzen dira mahastiak, bost lursailetan banatuta: La Cirera, La Bassa, La Valleta, Pla de Pey eta La Novena.

Lursailaren arabera, lurrak buztintsuak edo harritsuak izan daitezke, baina buztina da nagusi.

Mahastizaintza erabat ekologikoa da, eta biodinamika orientazioduna.

Mahats nagusia garnatxa da, zuria zein beltza. Erdi galduta egon den morenillo (mandó) mahatsa ere berreskuratu nahi dute, eta badute lur zati bat mota horrekin landatua. Carynena beltzetan, eta macabeu zurietan ere lantzen dituzte. Bestalde, cabernet sauvignon pixka bat ere badute haien lurretan.

Ardoak anforetan zein haritzezko upeletan ontzen dituzte, baina esan daiteke anforei ematen dietela lehentasuna. Ehun eta mila litro arteko anforak dituzte eta ardo zuriak zein beltzak ontzeko erabiltzen dituzte.

Upelak Frantziakoak dira, 225 eta 600 litro artekoak, eta badituzte gutxi batzuk 4.000 litrokoak ere.

Hainbat ardo egiten dituzte beltz zein zuri. Batzuk mahats mota bakar batez eginak, eta beste batzuk —gutxiago— mahats desberdinak nahasiz.

Zurietan La Blanca nabarmenduko nuke. Garnatxa zuriz egina da, eta hartzitzeko mahats mordo osoa erabiltzen da, azal eta guzti. Gero, ontzea mila litroko anfoetan egiten da bost hilabetez. Ardoa boteretsua da ahoan, lehorra eta fruta ugarikoa, oso ardo gastronomikoa esango nuke.

Beltzetan zalantza gehiago ditut, Señora Carmen eta Tremenda bikainak baitira biak ala biak. Señora Carmen garnatxa beltzez egina, eta Tremenda cariñenaz. Biak, zuriak ez bezala, upel frantziarretan onduak. Freskoagoa eta dotoreagoa Señora Carmen, eta zertxobait boteretsuagoa Tremenda. Lurralde horietako ardoak ez badira oso ezagunak ere, hemen dituzue adibide bikainak lehen hurbilketa egiteko. Gozatu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.