Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Lorea eta erlea

2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Coto de Gomariz upategia Ricardo Carreiro Ameijeiras Caco-k sortu zuen XX. mendeko hirurogeita hamargarren hamarkadan, Hego Amerikatik itzuli zenean. Amets bat zuen Cacok, munduan zehar ezagutuak izango ziren ardoak egitea, Gomarizko upategi bat sortzea, eta Gomarizi mahastizaintza eta ardoaren inguruan zeukan sona eta izena itzultzea, hain zuzen ere. Gomariz ezaguna da Ribeiroko urrezko milia moduan, eta X. mendea geroztik, Iberiar penintsulako mahasti barrutirik zaharrena da; ardogintzarako baldintza bikainak eskaintzen ditu.

1978an, Cacok eta haren emazte Maria Alvarezek gaur egun Coto de Gomarizko lehenengo mahastiak izango zirenak berreskuratu zituzten: Finca O Figueiral. Han egin zituzten Ribeiroko mahats autoktonoak berreskuratzeko lehen urratsak.

2000. urtean, Ricardo Carreiro, semea, proiektuan murgildu zen; eta Xose Louis Sebio enologoarekin batera, Galiziako upategirik abangoardistenetarikoa bilakatu zuten, mahasti zaharrei beste berri batzuk gehituz. Momentu hartan, Ribeiron ondutako ardo beltzak nahiko baztertuta zeuden, eta bikote horrek izugarrizko bultzada eta indarra eman zion haien garapenari.

2004. urtean, mahastizaintza ekologikoaren bultzadaren eraginez mahastiak lantzeko modu berriak erabiltzen hasi ziren, adibidez, Fukuokaren filosofiari jarraituz eta biodinamikara hurbilduz.

2009. urtean, proiektuari Inma Pazos eta Miguel Montoto batu zitzaizkion, eta ondorioz, izugarrizko bultzada eman zieten merkaturatze lanei, Los Vinos de Miguel proiektua abian jarriz.

2000. urtean eraiki zuten upategi berrian, 200.000 botila egiten dira guztira, eta beste 100.000 gehiago egiteko gaitasuna ere badute.

Beste lur batzuk ere badituzte, baina O Figueiral da oinarria. Barro de Gomarizen dago, eta hiru hektareatan hedatzen da. Lur horien ezaugarriak oso bereziak dira sakontasuna eta osaketari dagokionez, eta ondorioz, izugarrizko ardoak ematen ditu, azidotasun azpimarragarriak eta oso ph baxukoak, ardoak zahartzeko ezinbesteko ezaugarriak.

Partzela bakoitza bere aldetik ardoztatzen da, mahatsen bilakaera errespetatuz, eta lur bakoitzaren ezaugarri bakanek emango dituzten ardo bakanak zainduz.

Treixadura mahatsa da upategiko erregina, baina ardo beltzak nabarmenduko nituzke. The Flower and the Bee da ardorik ezagunena, zuria zein souson mahatsez eginiko beltza.

Esan daiteke, zalantzarik gabe, horiek direla upategian egiten diren ardo gehienen abiapuntu edo oinarria. Beltzetan Abadía de Gomariz, VX Cuvee Caco eta Seica izugarriak dira. Hirurak dira bikainak, baina Abadía de Gomariz izango da, nire ustez, gastronomikoki hobeto egokitzen dena hainbat jaki desberdinekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.