Fokuen argitan

Greta Thunberg 16 urteko ikasle suediarra klima aldaketaren kontrako borrokaren ikur bihurtu da. Bere borroka eredu hartuta, gazte anitz bultzatu ditu manifestatzera. Ikur gisa begi onez ikusi dute ekologistek, baina aurkariak ere baditu.

Greta Thunberg ekintzailearen irudia eta haren mezuak agertzen dituzten kartelak, Iruñean egindako protesta batean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Keinu batek pizten ditu maiz mugimendu sozialen aldarrikapenak. 2018ko abuztuaren 20an, 15 urteko gazte batek, errotuladorea hartu, eta kartel bat egin zuen: Ikasle greba klimaren alde. Eskolak albo batera utzi, eta Suediako parlamentuaren aurrean eseri zen, protesta egiteko. Hala egin zuen denbora luzez. Bere bideari jarraikiz, gisa bereko ekintzak egin zituzten beste ikasle batzuek ere, han eta hemen. Keinu horrek piztu zuen metxa.

Egun, 16 urte izanagatik ere, mundua astindu du Greta Thunbergek (Stockholm, 2003): klima aldaketaren kontrako borrokako ikur bihurtu da denbora gutxian, eta munduko toki askotan gazteak eta nerabeak manifestatzera bultzatu dituzte haren hitzek. Hedabide nagusien fokuaren argitan mintzatu da, agintarien aurrean nazioarteko kongresuetan, eta horrek, zale anitz ez ezik, etsaiak ere ekarri dizkio. Mugimendu ekologistetan harrera beroa egin diote, aspaldi egiten zituzten aldarriak inoiz baino zabalkunde handiagoa izaten ari direlakoan. Olatua noraino ailegatuko den ikuskizun da orain.

Nola sortu da Greta Thunbergen irudia? Zergatik lortu du hainbeste arrakasta? Angeriñe Elorriaga Komunikazio Sozialeko doktore eta EHUko irakaslearen arabera, eserialdi horiek izan ziren abiapuntua: «Batzuek uste zuten estrategia politiko baten zati bat zela, baina, Suediako hauteskundeak igaro zirenean, berak protestekin jarraitu zuen. Prentsaren arreta erakarri zuen, eta hori izan zen mugimenduaren hasiera eta aktibismo aro berri baten sortzea: gaztea zen, eta modu lasaian aritzen zen».

Lehenbiziko baldintza hedabideen agendan sartzea da, baina ez da nahikoa. Thunbergek sortu duen fenomenoak osagai anitz ditu. EHUko irakaslearen arabera, gaztetasuna eta inplikazioa dira nagusiak. «Horrelako irudiak sortzen direnean, personal branding-aren ikuspegitik, pertsonaia bat ospetsu bihurtzeko ezaugarri berezi batzuk behar ditu, eta Greta Thunbergek, argi eta garbi, ezaugarri horiek ditu: jendeari inplikazio emozionala sortzen dio, berezia delako, hitz egiteko moduagatik...».

Ez dago formula magikorik. Ezin da aldez aurretik jakin zerbaitek edo norbaitek arrakasta izanen duenetz. «Osagai edo ezaugarri batzuk erabil daitezke oihartzuna bermatzeko. Kasu honetan, betetzen dira: pertsona gaztea, inplikatua, neska, ingelesez oso ongi hitz egiten duena... Horrek jendeari laguntzen dio gauza garrantzitsu batekin lotzen. Bestela, agian, ez luke horri buruz pentsatuko». Kasuan-kasuan ezaugarri horiek ezberdinak izan daitezkeela azaldu du Elorriagak. Baina ezinbestekotzat jo du hedabideen interesa erakartzea eta talde handi baten babesa lortzea.

Talde ekologistek begi onez ikusi dute Thunberg. Lorea Flores Greenpeacek Hego Euskal Herrian duen mobilizazio koordinatzailearentzat «hagitz pozgarria» izan da, talde ekologistak aspaldi ari direlako klima aldaketaren aurkako neurriak hartzeko eskatzen. «Bat-batean, neska batek hasitako borroka partikularrak hartu duen indarra, eta, maila politiko altuetara iristen ari diren diskurtsoak ikusita, hagitz pozgarria da. Gainera, hainbertze jende erakartzen badu, eta hainbertze gazte, are gehiago».

Klima aldaketaz askoz ere gehiago hitz egiten da orain, Greenpeaceko kidearen aburuz, eta horretarako zenbait faktore batu dira: «Uste dut elkartu egin direla Greta Thunberg eta IPCCren txosten indartsu hori; orduan, egoera hori, lehenago zegoen borroka eta neska honek egiten dituen diskurtso indartsuak elkartu dira». Azken finean, egoerari erantzuteko beharra ikusten du Floresek, eta uste du faktore horiek batuta bultzatu dela gogo hori.

Iñaki Barcena Ekologistak Martxan taldeko kidea eta EHUko Gizarte eta Politika Zientzietako doktorearen aburuz, fenomeno «oso-oso interesgarria» da Thunbergekin gertatu dena, batez ere duen dimentsioagatik.Dena den, uste du ezin zaiola soilik Thunbergi lotu fenomenoa: «Katowiceko nazioarteko bileran hitzaldia egin aurretik, Suitzan, Herbehereetan eta Belgikan institutuko ikasleen protestaldiak zeuden». Hala ere, Thunbergen irudiaren garrantzia azpimarratu du: «Giza eskubideen aldeko kanpaina ez zen Martin Luther Kingena; bera sinboloa zen. Indiako independentzia ez da Mahatma Gandhirena bakarrik, eta apartheidaren bukaera ez da Nelson Mandelaren obra. Milioika pertsona zeuden. Baina mugimendu sozial guztiek sinboloak, liderrak edo izarrak behar dituzte, emozionalki jendea mugitzen dutelako».

Gazteen eredu

Guztiek aipatu dute Thunbergek irudiak batzeko duen indarra. «Sinergia bat sortu da gazteen ahotsetatik», azaldu du Barcenak. Hori ez da lan erraza, Elorriagak esan duenez: «Gazteena belaunaldi oso konplexua da: politikariak, enpresak... historikoki gazteen atzetik joan dira, eta ez dute konektatzerik lortu. Thunbergek bai, gazteen belaunaldiarekin konektatu du».

Herri mugimenduetan ere ez da hain erraza gazteekin modu horretan konektatzea: «Guregana gazteak etortzen dira, baina zaila da luzaroan mantentzea», esan du Floresek. «Baina, kasu honetan, gazte bat izateak errazten du gazteak harekin identifikatzea». Lotura horren atzean Thunbergen hitz egiteko modua ere egon liteke. «Mezuak hagitz argiak dira, eta gazteei zuzendutakoak».

Barcena harago joan da: «Ikasten ari diren gazteengan sortu da egonezina. Mugimendu ekologistak aspaldi esaten zuena, orain, nolabait, gazte mugimendu berri batean mamitu da. Hazia mugimendu ekologistatik dator, baina, hazi hori, batez ere, ikastetxeetan eta gazteen artean hazi da, eta mundu osoan zabaldu da». Euskal Herrira «berandu» ailegatu delakoan da Barcena, baina ailegatu da. Orain, ezkerreko alderdiek erronka handia izanen dutela uste du, eta, Euskal Herrian, ezker abertzaleak. Izan ere, aldarri horiek zentroan jartzen ez badituzte gazteek bazter utziko dituztelakoan dago.

Thunbergen lorpenik handiena, hain zuzen ere, klima aldaketaren larritasuna agenda politikoan sartzea izan da. Hori sumatu dute talde ekologistetan ari direnek. Hala ere, zuhurtziaz begiratzen diote horri. Floresek argi du hori: «Orain ikusiko dugu ea horrek politikariak bultzatuko dituen benetako neurriak hartzera, edo segituko duten diskurtso politak egiten ekintzarik gabe. Baina argi dagoena da diskurtsoa mahai gainean jartzen lagundu duela eta, gaur egun, denek hitz egiten dutela horri buruz».

Lider bat da Thunberg, irudi bat. Elorriagak uste du errazagoa dela modu horretan gizartean eragitea. «Ia guztiek daukagu lotura berezi bat mugimenduren batekin, baina, mugimendu horrek lider bat badu, askoz ere errazagoa da. Lider horrek mezua transmititzen du, lortzen ditu espazio bereziak hedabideetan... Jende gehiago dago mugimendu horretan lan egiten, baina eraginkorragoa da lider bakarra badago, jendearentzat errazagoa delako identifikatzea». Thunberg ikusita berehala identifikatu daiteke irudikatzen duen mugimendua, mezua eta aldarria.

Barcenak ere begi onez ikusi du liderraren figura. «Lider karismatiko batekin identifikatzea, berez, ez da txarra». Dena den, liderren eraginak ere badu neurria, haren ustez: «Lidergoak mugatuak dira. Thunbergek bere hitzartzeak ditu, baina ez dut uste Europako ikasle mugimenduari esango dionik zer egin behar duen. Liderrek filosofia, idiosinkrasia edo ardatzak markatzen dituzte teorian, baina, gero, jendeari dagokio tokian tokiko jarduna».

Kritiken zurrunbiloan

Fokuen azpian goxo egon liteke, baina erretzerik ere badago. Batzuentzat eredu da Thunberg: jarraitu beharreko liderra. Beste batzuentzat, berriz, gorrotagarria. Han eta hemen agertu dira ekintzaile gaztearen kontrako mezuak. Baita mehatxuak ere. Kritika asko paternalistak, kapazitistak eta matxistak izan dira. Gaztea denez, batzuek ezjakintzat jo dute. Aspergerren sindromea duenez, batzuek ez dituzte haren hitzak serio hartzen. Emakumea denez, asko izan dira jaso dituen irainak.

Bide horri heldu zion Donald Trump AEBetako presidenteak, Thunberg irrigarri utzi nahian: «Neska oso zoriontsua dirudi, etorkizun distiratsu eta eder bat nahi duena. Ederra da ikusteko».Antzera jokatu zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak, esanez Thunberg «nerabe ezjakina» zela, eta iradokiz gurasoek erabili egiten dutela.

Ezkerreko mugimendu batzuetan ere agertu dira kritikak, Thunberg kapitalismo berdearen ordezkari delakoan. Elorriaga ez dago ados uste dutenekin Thunberg propio sortutako irudi bat dela: «Ez dut uste aldez aurretik prestatutako estrategia bat denik. Bere kabuz hasi zen, eta espero ez zuen oihartzuna lortu zuen. Kasualitatez sortu delakoan nago». Floresek uste du Thunbergek dioena «egia» dela, denbora gutxi dagoela klima aldaketaren aurkako neurriak hartzeko; beraz, batasunaren beharra azpimarratu du.

Barcena ez dago ados ezkerretik egin diren kritika batzuekin. «Esaten dute Thunbergek ez duela ikuspegi sozioekonomikorik. Nola ez? Eta, izango ez balu, eman diezaiotela ikasleek tokian-tokian. Baina badu». Dena den, denbora ere beharrezkoa dela uste du: «Hasieran gaude; normala da hutsuneak edo tokian-tokian hanka sartzeak izatea, baina mugimendu oso-oso sendoa da hau».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.