'Espainiar gripea'

Izenak ez du kutsatzen

Duela ehun urteko gripe pandemia handiari 'espainiar gripea' izena jarri zioten hedabideek: gaur egun ere erabiltzen da termino hori. Izendapen horiek ez dira gutxiesgarriak.

1918ko gripearen birusaren irudia. CDC / DR. TERRENCE TUMPEY / CYNTHIA GOLDSMITH.
Iker Tubia.
2018ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Espainiar gripea izenez ezagutzen da 1918ko pandemia. Hala deitu zioten hedabideek, eta izen hori erabiltzen da gaur egun ere. 1918ko maiatzean, Madrilen gripe agerraldi oso larria izan zen, ohi ez bezalako zabalpena izan zuena. Hori dela eta, egunkariak kasu horren inguruan informatzen hasi ziren. Gero eta arreta gehiago eskaini zioten zabaltzen ari zen pandemiari. El Liberal egunkariak eman zuen horren berri lehenbizikoz, maiatzaren 21ean, eta, segidan, El Sol egunkarian agertu zen albistea.

Anton Erkoreka Euskal Herriko Medikuntzaren Museoko zuzendariak jasoak ditu izenaren jatorriari buruzko datuak Y se le llamó gripe española (Eta espainiar gripea deitu zioten) artikuluan. Ekainaren 2an espainiar gripea izena agertu zen lehenbiziko aldiz argitalpen batean: The Times egunkariko Madrilgo berriemaileak idatzi zuen. Udan, izendapen hori guztiz zabaldua zen munduko hedabideetan, baita medikuntzari buruzko aldizkarietan ere. Adibidez, 1918ko abuztuan JAMA aldizkariak espainiar gripea deitutako artikulua argitaratu zuen.

Espainian bada izendapen hori gustuko ez duenik, gutxiesgarria delakoan. Erkorekak uste du ez lukeela inork horregatik kezkatu behar. Beste pandemia batzuek ere badute toki izena. «Zentzurik badu: kazetariek eta zientzialariek izen hori jarri zioten Espainiako hiriburuan gogortasun handiz agertu zelako, eta horri buruz askatasunez informatzeko aukera zegoelako». Izan ere, Espainia neutrala izan zen I. Mundu Gerran, beraz, ez zen arazo handirik gaiaz hitz egiteko. Beste toki batzuetan beldur ziren hildakoen kopuruek ez ote zuten soldaduen morala apalduko.

XIX. mendetik aurrera, leku izenak erabili dira, baina ez konnotazio negatiboekin. Bada salbuespen bat, dena den. 2009ko pandemia ahulak ez zuen mexikar gripea izena hartu, bertako agintariak aurka agertu zirelako. Hala, txerri gripea izena asko zabaldu zen, eta izen hori askotan ageri da bibliografia anglosaxoian. Mexikarrek ez bezala, txerrikien sektoreak ez zuen lortu izen horren zabalpena gelditzerik. Erkorekak izen aproposa dela uste du: «A gripea baino aproposagoa dela dirudi. Izan ere, etorkizuneko pandemiak izendatzeko erabiliko da A gripea izena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.