Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Goldingtarren Tesalia

2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Aurreko astean Mc Leod familiak Terra Altan zuen Alimara upategia ezagutu genuen. Espainiako hegoaldean, Andaluzian, arruntagoa da ardoaren munduan abizen eta marka britainiarrak ikustea.

Gaurkoan horietako bati buruz arituko gara leiho honetan: Tesalia.

Tesalia Arcos de la Fronteran dago (Cadiz, Espainia), inguru eta herri zoragarri eta ederrean.

Goldingtarrak herri eta ingurune horrekin maitemindu ziren. Ingurua ederra da, eta ardogintzarako aukera ezin hobeak ematen ditu. Haien hitzetan, «huraxe zen nahi genuen ardoa egiteko leku perfektua, ardoa probatzen zutenek euren bihotzetan lur hartako zatitxo bat eraman zezaten».

Richard Golding marketin munduan aritutakoa da, eta hainbat kargu exekutibotan eta multinazionaletan kontsultore moduan aritu ondoren, erabaki zuen bere ametsei erantzuteko, aparteko ardo bikainen bitartez, munduari Cadizko mendilerroaren xarma erakustea. Xarma horrek Goldingen familia guztia txunditu zuen, eta han ezarri zuten haien bizilekua.

Bi itsasoren ukitua du Tesalian egiten den ardoak: Cadizko Grazalema mendilerrora Mediterraneoko eta Atlantikoko itsas brisa heltzen baita.

Hasiera-hasieratik zerbait berezia egin nahi zuten, bitxia, bakana, desberdina, xehetasun eta ñabardura guztiak zainduz. Ardo beltz bikainen mapan jarri nahi zuten Andaluzia.

Urte askotako lanaren ostean, Arcosko paraje hori aurkitu, eta orduan ulertu zuten: «Hegoaldeko altxorra gure bihotzetan dago: egin dugun ardoa benetako gauzengatik sentitzen dugun pasioaren eta maitasunarekin egindako lanaren emaitza da».

Tesalia lursailak 106 hektarea ditu, eta mahastiak 11 hektareatan banatzen dira. Mahastiez gain, zaldiak ere hazten dituzte eta laborantza lanak ere egiten dira finkan.

Mahastiak iparraldera begira daude, eta lurrak Andaluzian oso ohikoak diren lur buztintsuak dira, eta ez oso emankorrak, zorupe kleratsu baten gainean. Klima beroa eta eguzkitsua da, Mediterraneoko eta Atlantikoko eraginek bigundua.

Petit Verdot mahatsa eta bertokoa den Tintilla de Rota (gure gracianoa) modu bikainean lantzeko eta heltzeko baldintzak eskaintzen dituzte mahastiaren ezaugarriek.

Mahatsondoen estres hidrikoa arintzeko baino ez da mahastia ureztatzen, eta mahatsaren kalitatea areagotzen da horrela. Hostoen eta zenbait mahats mordoren aurretiazko inausketa ezinbestekoa da, mahatsaren heldutasun egokia lortzeko.

Syrah eta cabernet sauvignon mahatsak ere lantzen dituzte. Mahats bilketa gauez egiten da, eskuz, eta hamar partzela desberdinetako mahatsak bereizita ardoztatzen dira gero, nahasteko eta ardoen konplexutasuna areagotzeko. Urtearen arabera erabakitzen dute nahasketa hori nola egingo den.

Tesalia eta Arx dira upategiaren markak, eta beti dira nahasteak, ez dago monobarietalik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.