Savoiako gasna usainarekin

Frantzia hego-ekialdeko Savoia eskualdea du gomita aurtengo Lurrama laborantza herrikoiaren azokak; bihar arte, ekoizleek zuzenean ekarri gasnak dasta daitezke.

Nora Arbelbide Lete.
Miarritze
2014ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Reblochon, Beaufort, Abondance, Tomme, Chevreton, Raclette... gasna izen horiek ezagun badira, Lurraman zuzenean ekoizleengandik dira eskuragarri. Hori du bere berezitasun nagusietakoa bederatzigarren Lurramak. Autobus oso bat etorria da Savoiatik, Confederation Paysanne sindikatuan dauden ekoizleez gain, bi sukaldari barne; biharko sukaldari ospetsuen bazkarian hango gustuz ondu platerak dastarazteko prest.

Mendiko laborantzaz usatuak, hango ekoizleen errealitateak eta aurkitu soluzioak Euskal Herrira ekarri nahi lituzke Lurramak. Horien artean dago, adibidez, Philippe Calloud. Aix-Les-Bains hiri ondoko esne ekoizlea da. Aspalditik kooperatiba gisa antolatuak dira esnea gasnatzeko. Eta horrek lagundu dituela indarren atxikitzen argi du laborariak. Bigarren laguntza kalitatea segurtatzen duen araudi nagusien karta izateak diela ekarri dio. Araudia «zorrotzagoa» izatea hobe dela gaineratu du Calloudek: «Laborari guztiak ez dira ados horrekin,baina ni konbentzitua naiz. Beaufort gasnaren kasuan, adibidez, baldintzen bilduma biziki zorrotza da. Eta ohar gaitezke etxalde txiki anitz biziarazten dituela gasna horrek. Gazteek instalatzeko erraztasun handiagoa dute. Esnearen prezioa ere gora dute».Savoiako zerrikiekin, aldiz, alderantzizkoa gertatu dela nabarmendu du Calloudek. Sor-markarik ez dute: «Belgikako edo Herbehereetako xerriekin dituzte ekoizten Savoiako zerrikiak».

Gabeziak banaketa sailean ikusten ditu Calloudek. Supermerkatuei begira, «menpekoegi» izateaz damutzen da. Haiek finkatu prezioei. Salmenta zuzena garatzeko bideen irekitzen ari dira justuki. Eta Euskal Herriko bidaiaz baliatu dira hemengo aterabideen begiratzeko. Ostegunean Itsasura joan ziren Basaburua saskiaren sistema aztertzera. Hots, beti badela ikasteko erakusteko balio dezake oraindik Lurramak. Ezagutza berriekin, trukaketak aberastuz, problematikentzako gogoetak eskainiz.

Beste leiho bat jarri du Lurramak laborantzako tresneriaren karpan. Aurten estreinatu berria. Eta horren barnean bi adibide konkretu. Bata, Nouste Ekiliki olioa ekoizten duen kooperatiba euskaldun biarnesa. Duela pare bat aste kozinatzeko olioa ekoizten hasi da. Lurramara ekarri du olioa egiteko makina, hain zuzen. Olioa eta turtoa. Sinple bezain adierazgarri, ekilili eta koltzaren eraldaketako aukerez.

Lurra irauli gabe

Beste adibidea, erein zuzena egiteko aukera eskaintzen duen makina da. Lurra irauli gabe. Felix Noblia Burgue-Erreitiko laborariak (Baxenabarre) ekarria du. Garia ekoizten du Nobliak, Herrikoa ogia ekoizteko. Lurra ez iraultzearen onurak esplikatzeko prest dago Noblia, preseski. Nahiz eta kontziente izan lurra ez iraultzeak dakarren mentalitate aldaketaren beharra. Argi du baita testuinguru ekonomiko zailak lagundu behar lukeela laborantza birpentsatzen. Arras lotua ikusten baititu ere azkenaldietako uholde eta, oro har, ingurumenaren geroari.

Horra, makinaren ondoan bi lur puska, bakoitza botila garden baten gainean pausatua. Lur bat belarrarekin eta bestea biluzik, trinkotua. Biei ura bota die. Eta lurra bakarrik duenean ura zikin zikina eta purrustan jausten. Bestean gardena, eta atxikiagoa bezala. Lurra ez biluzik atxikitzeko dauden aukerak esplikatu ditu Nobliak. Landare batzuk ereinez, adibidez, trantsizio gisa. Ez dela hain garesti ateratzen ere argumentatu du. Sustraiei esker halako bertikaltasun bat atxikiz, aireztatzen utziz aldi berean.Eta belar txarrei lekurik ez die uzten gainera. Hots, hor ere badela zer ikasi, kontrastatu, eztabaidatu.

Ideia handi borobilen barnean, laborarien errealitate zuzena ageri da Lurraman, kontradikzio, zailtasun eta itxaropenekin. Euskararen errealitatea ere agian hor sar daiteke. Euskarak leku gero eta anekdotikoa du Lurraman. Badago, baina ahantzia bezala. Begi bistakoegia egina dena zaintzeko beharrik ez balitz sentitzen bezala. Hiritar hori erakarri nahian, erakartze hori frantsesetik bakarrik pasatu behar balitz bezala.

Nahiz eta, hori, hiritar eta baserritar munduak hurbiltzeko xede horretan, bederatzigarren urtean izanik afera ongi menperatzen dituela erakusten duen Lurramak. Adibidez, atzoko egunak berriz ere ekarri zituen ikastetxeetako haurrak. Lehen aldiz abereak hurbiletik ferekatzeko aukera eskainiz etxalde pedagogikoan.Hor zituzten ardi-ile mozte, gasna egite erakustaldiak. Beti bezain arrakastatsu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.