Euskal Herri brutalista

Eztabaida dago nazioartean: zer egin arkitektura brutalistaren mugimenduko eraikinekin? Erresuma Batuan, eskuinak bota egin nahi ditu, utopia sozialisten munstrotzat dituelako, baina miresleak ere badituzte. Euskal Herrian ere badira adibideak, eta batzuk arriskuan edo Elizaren atzaparretan daude.
San Jose Langilea. Jose Javier Uranga arkitektoa, 1968tik 1971ra Errenterian (Gipuzkoa) egin zuen elizaren aurrean.
San Jose Langilea. Jose Javier Uranga arkitektoa, 1968tik 1971ra Errenterian (Gipuzkoa) egin zuen elizaren aurrean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Edu Lartzanguren -

2016ko apirilak 16
Hegazkinak politak dira, ezta?». Galdera erretorikoa bota du arkitektoak. «Bada, ez dituzte diseinatzen politak izateko, baizik eta hegan ondo egiteko», erantzun dio bere buruari. Bere lanetako baten aurrean dago Jose Javier Uranga: Errenteriako (Gipuzkoa) San Jose Langilearen eliza. Auzoek usoa esaten diote eraikinari, baina antz handiagoa du Mazinger Z robot japoniarraren buruarekin. «Itsusia dela diotenei ez diet kasurik egiten, auzokoak pozik zeudelako». Ikusi ezin dutenek iritzia aldatuko lukete, agian, jakingo balute eraikina ez dela itsusia, baizik eta brutalista.

Brutalismoa modernismoaren sasikumea da. Le Corbusierrek goraipatu egin zuen béton brut (betoi gordina) eraikitzeko material gisa, oinarrizkoa eta sinplea zelako. Beraz, brutalismoa, hasieran, gordinismo bat baino ez zen. «Brutalismoan bistan uzten da betoia, eta, noski, izugarri nabarmena da», esan du Ana Azpiri arte historialariak. Le Corbusierrek hala egin zuen Marseillako Unite d'habitation (1947-1952) eraikinean, «diru gutxi zuelako, eta etxe asko eraikitzeko». 1950etik 1970era hartu zuen brutalismo hitzak kutsu bortitza. Eraikitzeko etika eta estetika hori apropos aukeratu zuten hainbat arkitektok, eta modako estiloa izan zen garai horretan.

«Testura berri bat asmatu zuten brutalistek: betoi biluziarena. Oso forma bereziak eta ertz eta bolumen nabarmenekoak. Askok itsusitzat hartuko dute, baina badu bere nortasuna eta balioa», esan du Lauren Etxepare arkitektura irakasleak.

Brutalismoak hasieratik izan zuen arazo handi bat: gutxi ziren gustuko zutenak, eta asko gorrotoa ziotenak. Ezinikusia izugarria da, esaterako, Erresuma Batuan. Han eztabaida handia dago: zer egin eraikin brutalistekin? Izan ere, han daude estiloaren adibiderik gordinenetakoak, eta baita kontraesan handienak ere. Esaterako: Londresko Trellick dorre brutalista babestu beharreko eraikin gisa sailkatu du gobernuak, eta baita Barbican Center konplexua ere. Haatik, hiri berean Robin Hood Gardens etxebizitza multzoa dago, eta hura botatzeko plana onartu zuten 2012an. Berriki hildako Zaha Hadid arkitektoak kanpaina bat egin zuen konplexua salbatzeko. Londresko «eraikinik gogokoena» zuela esan zuen. Eskuinak gogor jotzen du Erresuma Batuan eraikin brutalisten aurka; batez ere, etxebizitza publikoak badira. Izan ere, II. Mundu Gerra osteko osasun arlo unibertsalaren eta ongizate estatuaren politiken ikur gisa ikusten dituzte liberalek eta kontserbadoreek. Estatuaren esku hartzearekin eta totalitarismoarekin lotzen saiatzen dira.

Junkieak eta bandaloak

Brutalismoak bandalismoa erakarri ohi du. Betoizko etxepeak txizatoki bihurtu ohi dira, eta, irudimen kolektiboan, junkiekin lotzen dira. Zineman ere, askotan erabili dituzte eraikinok istorio distopikoen edo drama sozialik gordinenen agertoki izateko. Brutalismoaren etsaiek argi dute: eraikinek beraiek sortzen dituzte halako portaerak.

«Argudio hori guztiz gezurrezkoa da», esan du Azpirik. Le Corbusierren Unite d'habitation langile jendearentzat zen, baina gero ez zuten behar bezala mantendu. «Esan zuten: hau ez da inoiz berrituko, jende pobrez beterik dagoelako». Baina, hara non, azken urteotan, klase ertaineko jendeak erosi ditu etxeok, eta orain ezin txukunago daude. «Beraz, ez da berez arkitekturaren kontua».

Euskal Herrian ere badira antzeko adibideak: Bilboko San Ignazio auzoko Etxe Amerikarrak (Rufino Basañez, Esteban Argarate eta Cesar Larrea, 1964-1967). Brutalista ingelesen eredua nola edo hala hona ekartzeko saioa izan zen, Etxeparek azaldu duenez. Baina hemen ez zegoen aurrez fabrikatuen industria behar adina aitzineratua, eta in situ egin zituzten. Beraz, itxura bai, baina ez zen eraikuntza industrializatua, baizik eta ohikoa. Baionako ZUPeko etxeak, berriz (Marcel Breuer, 1969), benetan industrializatuak dira; betoizko panelak erabili zituzten aurrealdeak egiteko, eta agerian utzi, «oso testura lakar baina interesgarriarekin».

Hego Euskal Herriko brutalismoa Francoren diktadura nazioartean nolabaiteko onarpen bila ibili zenean hasi zen, Gipuzkoako Arkitektoen Elkargoko batzarkide Olatz Ozerin arkitektoaren arabera. «1970eko hamarkadan, kanpoko formak eta teoriak sartu ziren, eta esperimentatzeko aukera sortu zen, arkitekturan eboluzio bat bilatzeko», esan du.

«Baina zer brutalismo eta zer ipuin?», kexu da Uranga arkitektoa bere eliza brutalari begira. «Nik ez nuen hau irizpide estetikoekin egin: diru gutxi nuen, eta lekua estua zen. Ez nuen leihorik egin, alde honek N-1 errepidera ematen zuelako eta elizan isiltasuna beharko zutelako». Etxeparek azaldu duenez, askotan gertatzen da arkitektoek ez egitea gauzak modu kontzientean. «Urangak lengoaia hori ikusiko zuen garai hartako aldizkarietan, eta barneratu egingo zuen, izenik jarri gabe ere».

Euskal Herrian, zein ideologia zuen brutalismoak? Urangak dioenez, bere elizak langile abizena izatea ez da kasualitatea. Izan ere, langile herri batean eraiki zuten, orduko apaiz langile haietako batek eskatuta, eta herritarrek beraiek ordaindu zuten. Eraikinaren helburua «gizakien eta herrien askapenean konprometituriko komunitatea sortzea da», Anselmo Arrieta apaizak garai hartan idatzi zuenez. Kexu zitzaion apaiza arkitektoari, eserlekuetan jendea ezin zelako belauniko jarri. «'Belauniko, zertarako?', erantzun nion». Elizaz gain, gizarterako zerbitzuetarako lekua izan behar zuen eraikinak. Herritarrek jarri zituzten hemeretzi milioi pezeta (114 mila euro), obra ordaintzeko. «Orain Eliza katolikoak immatrikulatu du».

Ez da kasu bakarra. Trintxerpen (Pasaia), Jose Maria Iturriaga Pou arkitektoak diseinaturiko eraikin brutalista bat dago, 1959. urtekoa. Gaur, Elizaren haurtzaindegi bat dago han. Azpiri historialaria egon zen atzo han, baina mojek galarazi egin zioten sartzea. «Elizak joera du ondasunak ezkutatzeko; batez ere, katalogatzeko modukoak badira», esan du irakasleak.

Handik metro gutxira, arriskuan dago brutalismoaren beste adibide bikain bat: Pasaiako Itsas Eskola (Luis Laforga eta Jose Lopez Zanon, 1968). Duela hiru bat urte, etxebizitzak egin zituzten aldamenean, eta oinarria mugitu zuten. Puska bat bota behar izan zuten, eta debekatuta dago planetarioan eta dorrean sartzea, segurtasun arrazoiengatik.

Eraikin brutalisten arazo nagusia behar bezain zaharrak ez izatea da, Azpiri historialariaren arabera. «50 urte baino zaharrago den gauza bat antzinakoa iruditzen zaigu, baina, horra heldu arte, zaharra besterik ez. Ondasun horrek du arriskurik handiena».

Brutalismoak ez du ezkutatzen zerekin dagoen egina eraikina, esan du Oier Otxoantezana arkitektoak, eta zintzotasun bera ikusten du herri arkitekturan: «Baserri asko eta asko brutalistak dira alde horretatik». Bertako arkitektura zabaltzeko bide bat eman du: «Lekuan lekuko materialak erabiltzea eta balioa ematea». Beraz, brutalismoan kultur uniformizazioaren aurkako bidea ikusten du arkitektoak.

Arkitektura brutalista gutxi dugula uste du Etxeparek, eta hori beste arrazoi bat dela zaintzeko; baina, horretarako, «begirada aberastu» beharko litzatekeela. Azaldu behar da eraikin brutalistaren zentzua zein den, ez dela gutiziaz eginikoa, zeri erantzuten dion. «Itsusia edo polita dela? Horrek ez du axola».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna